Feministek Baionako Udalari erran diote indarkeria matxistagatik zigortutako gizon bat ezin duela langile atxiki

Gizonezkoa behin-behinean kargutik kendu dutela erran du herriko etxeak; argudiatu izan du auzi «pribatua» dela gizon horrekin lotutakoa, baina feministek erantzun diote ez dela egia afera eremu pribatura mugatzen dela.

Mugimendu feministaren elkarretaratzea, Baionako herriko etxe aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Mugimendu feministaren elkarretaratzea, Baionako herriko etxe aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko urriaren 12a
14:41
Entzun

Baionako Herriko Etxeko langile bat indarkeria matxistagatik epaitua eta zigortua izan dela jakin ondotik, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak udalari eskatu dio neurriak har ditzala gizonezko horrek ez dezan lanpostu publiko batean segitu. Elkarretaratzea egin dute herriko etxe aitzinean, gizonezkoaren bortizkeria pairatu duten bi emakumeei babesa adierazi eta erakunde publikoari erantzukizuna hartu dezala eskatzeko. «Erasotzaile bat zuen erakundean da, eta ez duzue deus egin? Guk horri konplizitatea deitzen diogu, boteretsuek elkar babesten baitute», salatu dute.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, urri hasieran epaitu zuten herriko etxeko langilea, eta haren bikotekide izan ziren garaian bi emakumeri bortizkeria fisiko, psikologiko, sexual eta ekonomikoa egin izana leporatu zioten. Epaileak erruduntzat jo zuen, eta bikotekideenganako ohiko bortizkeriagatik hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion; horietarik bi, baldintzapekoak. Horrez gain, egunkari honek eskuratutako informazioen arabera, herriko etxeko lan eremuan ere izan ditu jarrera bortitzak, eta ikasturte hasieran iskanbila sortu zuen Baionako haurtzaindegi batean.

Asteazkenean eman zuen aferaren berri mugimendu feministak, eta, ordutik, hainbat hedabidek jo zuten herriko etxearengana erreakzio eske. Ostiral gauean zabaldu du agiria prentsa zerbitzuak, «zehaztapen» batzuk emateko. Adierazi dute ez dutela epaia eskuratu ahal izan, baina Baionako fiskaltzaren bidez herriko langileak eskuratutako zigorraren berri izan dutela. «Agenteari egotzitako egitateen izaerak eta kalifikazio penalak pentsarazten dute egotzitako egitateak soilik eremu pribatukoak direla».

Hala ere, herriko etxeak jakinarazi du «publikoki agertu diren informazioek premiazkoa bihurtzen» dutela gizonezkoa behin-behinean lanetik kanporatzea, eta ez dute baztertzen gerora haren kontrako neurri diziplinario gehiago hartzea ere.

Lehen urrats hori baloratu badute ere, feministek ez dute bat egin erakundearen interpretazioarekin. «Herriko etxeari eskatu nahi diogu bere interpretazioa aldatu dezala, orain arte erran baitu afera pribatu bat zela, eta esfera pribatu batean gelditu behar zuela», azaldu du Amaia Rodriguez mugimendu feministako kideak. «Guk uste dugu emazteen aurkako indarkeriagatik kondenatua izan den pertsona bat babestea eta ez ikusiarena egitea ez dela afera pribatu bat, eta are gutxiago lanpostu publiko bat betetzen duelarik». Haren iritziz, lanpostu publiko batean ezin da egon emazteen kontrako indarkeriagatik kondenatutako pertsona bat. «Lanpostu publikoetan bederen babestu beharko litzateke». 

Rodriguezek adierazi du salaketa jartzea «biziki zaila» izan ohi dela biktimentzat, eta, anitzetan, gorabehera bat baino gehiago izaten dituzte justizia sistemaren prozeduretan. «Iruditzen zaigu, justuki, kondena bat delarik denen lana dela horrekin erantzukizunez jokatzea eta pertsona horien gainean segimendu bat egitea minimoki». 

Horrelako aferetan zabaltzen diren informazioak zaintzea beharrezkoa dela erran du, baina baieztatu du biktimen zuzeneko testigantzak jaso dituztela, eta afera ez dela bi bikotekide ohien kasuan bukatu. «Nahi dute publikoki zabaldu pertsona honen kasua eta afera. Baina, bai, bere lankide batzuekiko ere bortitza izan da, eta herriko etxea jakinaren gainean zen. Horregatik eskatzen diogu zuzenean neurriak har ditzala».

Gizartearen erantzuna 

Mugimendu feministako kideek erran dute urteak daramatzatela salatzen indarkeria matxista «egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politikoa» dela. Horri aurre egiteko gizarte osoaren erantzun bat behar dela erran dute, «erantzun kolektibo bat». «Sinesten dugu gizartearen eraldaketa dela gakoa honelako gertakariak ez gehiago jazotzeko. Emazte horiek jasan duten bortizkeria isildua da gizartean, hedabideetan eta erakundeetan». 

Iruñean asteon hil duten Kayle Villar Pons ere gogoan izan dute, eta salatu dute aurten Euskal Herrian izan den bosgarren erailketa matxista dela. «Agerikoa da legeak ez duela indarkeria bere osotasunean aintzat hartzen, eta horrek ezkutuan uzten ditu egoera batzuk. Irmo eskatzen dugu egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak har daitezela. Gure bizitzak daude jokoan. Autodefentsa feministaz erantzunen diegu eraso guziei». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.