Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea eginen du larunbat honetan, 11:00etan, Baionako herriko etxearen aitzinean. Izan ere, bi emazteren salaketa jaso dute, azalduz herriko etxean lan egiten duen gizon batek jazarri eta tratu txarrak sufriarazi dizkiela. «Babes osoa» azaldu diete gizonezkoaren bi biktimei, eta protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. «Ozen erran nahi dugu: Aski da! Eraso bakoitza gehiegizkoa da, eta horregatik erantzun kolektibo bat eman nahi diogu», adierazi dute ohar batean. Baionako Herriko Etxeak ez du oraingoz erantzun ofizialik eman nahi izan aferari buruz.
BERRIAk jakin ahal izan duenez, urri hasieran epaitu zuten herriko etxeko langilea, haren bikotekide ohi batek emandako salaketaren ondorioz. Beste bikotekide ohi bat parte zibil gisa ezarri zen. Epaiketan, 2018 eta 2022 artean bikotekideari bortizkeria fisiko, psikologiko, sexual eta ekonomikoak jasanarazi izana leporatu zioten gizonezkoari. Epaileak erruduntzat jo zuen, eta bikotekidearenganako ohiko bortizkeriagatik hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion; horietarik bi, baldintzapekoak. Halaber, bi urtez proban ematea erabaki zuen. Urruntze agindua ezarri zion —bi emakumezkoen etxera joateko eta haiekin kontaktuan sartzeko debekua du—, artatzeko obligazioa du, eta hainbat mila euroko kalte ordainak eman beharko dizkio biktimetako bakoitzari.
Herriko etxeko lan eremuan ere, izan hitzetan, izan jarreretan, gizonezko horrek erakutsi duen «bortizkeria» aipatzen duten lekukotasunak jaso ditu BERRIAk. Gizonezkoak erakutsi duen «mespretxua», inposatu izan duen «botere harremana» eta agertu duen «manipulazioa»; «jazarpen» jarrera, funtsean. BERRIAren informazioaren arabera, herriko etxeko zerbitzuak egoeraren jakitun daude. Haatik, prentsa zerbitzuak erran du giza baliabideetan ez dutela halako salaketa batzuen berri, eta ez dela prozedurarik engaiatua izan.
Gizonezkoak Baionako Auzitegian jasotako zigorra azpimarratu du mugimendu feministak. «Gutxitan izaten dira halako kondenak», esplikatu du Aña Iriartek. «Hala ere, ez da aski. Gizarte aldaketa ezinbestekoa da». Larunbateko elkarretaratzean biktimei babesa adierazteaz gain, gizonezkoek gizartean duten rola galdekatzeko asmoa ere badutela erran du. «Gizon guziak dira erasotzaile potentzialak». Horrez gain, herriko etxeari ere dei eginen diote: «Galdera eginen diegu ea zer egiteko asmoa duten. Erakunde publikoek ere badute ardura gu babesteko».
Bortizkeria gehiago
Egunkari honek jasotako informazioen arabera, urri hasieran izandako epaiketa ez da aipatu gizonezkoak izan duen bortizkeria jarrera bakarra. Ikasturte hasieran iskanbila izan zuen Baionako haurtzaindegi batean, eta langileei oldartu zitzaien, adierazpen bortitzak izanez. Haurtzaindegiko arduradunek ez zuten salaketarik jarri, baina gertatutakoa seinalatu zioten Frantziako Poliziari.