Feministaldia Kontadoresen egingo dute, larunbatera arte

Hamalaugarren aldiz antolatu dute. Ekintza gehienak Donostiako Tabakaleran egin badituzte ere, gaur Kontadoresera aldatuko dira

Feministaldiaren aurkezpena, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Pilulak leloa oinarri hartuta, «zaurgarritasunari, eromenari eta desorekei» begira jarri dira hamalaugarren Feministaldian. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Kontadores gazte zentroan, Juana Aranguren Plazandreok kolektiboko antolatzaileak, Leire San Martin eta Josebe Iturrioz Feministaldiako koordinatzaileek, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Duñike Agirrezabalaga Donostiako Berdintasun zinegotziak eta Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak.

Azaroaren 23an ekin zioten Feministaldiari, eta larunbatean amaituko da. Ekintza ia denak Tabakaleran egin badituzte ere, gaurtik aurrera Kontadoresera mugituko dira, «periferietara» itzultzeko asmoarekin. «Aurreneko Feministaldia Artelekun egin genuen, eta gogoa geneukan hiriak eskaintzen dituen beste bazter batzuetara jotzeko», gaineratu du Iturriozek.

Emakume sortzaileen topagunea izatea nahi dute: «Espazio bat eskaintzen dio feminismoari eta gogoetari, eta emakumeen arteko sareak sortzeko aukera da», esan du Landaidak. Gainera, «gizarte sexistatik» aldentzen diren kultur proposamenak egitea ere badela helburu dio.

Feministaldiak azpigai bat aukeratzen du urtero, eta horren inguruan osatzen dute programa. Aurten, «pilulak» izatea erabaki dute. San Martinek zehaztu duenez pilularen ideia ez da bakarrik «hainbat pilula» antolatzen dituztelako, baizik eta «zuzenean farmakoen mundura» eramaten dituelako. «Gai hau ireki nahi dugu, eta kritikoki begiratu erakunde medikoei eta patologizazioaren eta farmakologizazioaren ideiei, baita gaixo eta osasun dikotomiaren artean zer dagoen ikusi ere».

Beste gai batzuk ere landuko dituzte, buruko osasunaz ez ezik, prostituzioaz eta transexualitateaz ere jardungo dutelako. Horretarako, bakoitzari buruzko mahai inguru bat egingo dute larunbatean. «Gai pila bat jarri dugu mahai gainean orain arte, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu», ziurtatu du San Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.