Gernika Gogoratuz elkarteak antolatuta, Kulturaren eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak egiten ari dira Gernikan (Bizkaia), hiria bonbardatu zuteneko 88. urteurrenaren karietara. Bizitza eta bakea da aurtengo jardunaldien lelo nagusia, eta bakearen eraikuntzan emakumeek egindako ekarpenak eta feminismoaren begiradak garrantzi berezia hartu dute egitarauan. Gaur, bakea eraikitzeko prozesu horretan feminismoak dituen «erronkak eta eztabaidak» hizpide izan dituzte zenbait adituk, Mozambikeko, Kolonbiako eta Euskal Herriko esperientzietatik abiatuta.
Teresa Cunha soziologian doktorea da, eta ikerlaria Coimbrako Unibertsitatean (Portugal). Mozambikeko esperientzian oinarrituta, esan du estatuek eta armadek sustatutako «bake eredu korporatiboa» ez dela gauza izan bake osoa bermatzeko eta haren askotariko osagaiak integratzeko, «munduaren ikuspegi maskulino, liberal eta urbanotik» abiatzen delako. Ikuspegi homogeniko horrek «kontakizuna» eraiki du, zeinaren arabera gerra «gizon ausartek» egiten baitute: «Gizonak omen dira gehien sufritzen dutenak, heroiak, martiriak. Emakumeen sufrimendua, aldiz, oharkabean pasatzen da».
Ikuspegi nagusi horren arabera, gerra hasten da «lehenengo tiro hotsa» entzuten denean, eta «bake hitzarmenekin» amaitzen da. Oso bestelakoa da emakumeen eskarmentua: haientzat, indarkeria gerra baino askoz lehenagokoa da, eta, bake hitzarmenak iristen direnean, egiturazko indarkeria horrek bere horretan dirau. «Emakumeentzat, gerra konponbideak gerorako uztea da: gerra amaitzen denean, edo iraultza nagusitzen denean, orduantxe konponduko omen dira arazoak. Baina une hori ez da inoiz iristen; gerraostean ere indarkeria normalizatu egiten da».
Kolonbiako bake prozesuaren irakaspenak ekarri ditu Luz Dary Ruiz Botero irakasle eta ikerlariak. Haren iritziz, bakea eraikitzeak zerikusia du «bizia zaindu, sostengatu eta birsortzearekin», eta garrantzitsua da iraganari begiratzean «egin beharreko galderak» ondo aukeratzea. Izan ere, Kolonbiako gatazka aztertzean «narratiba hegemoniko bat» sortu da, giza eskubideak, bakea eta demokrazia zalantzan jartzen dituena eta «gorrotoa» sustatzen duena: «besteak beste, gorrotoa feminismoari», zehaztu du.
Zenbaiten ustez, Kolonbiako gatazkaren ingurumarian gertatutako izugarrikeriak «latzegiak» dira, eta, beraz, hobe da iragana bere horretan uztea. Oso bestelakoa da Ruiz Boteroren ikuspegia: «Emakumeentzat, indarkeriek irauten dute, areagotzen dira, ikusezin bilakatzen dira. Gerra etxean dute emakumeek. Beraz, feminismoaren erronketako bat da aurkitzea zertaz ez dugun hitz egin, zeintzuk diren esan ez ditugun hitzak, eta gertatzen zaigunari berbak jartzea».
Bake erreboltaria
Gernikatik Mundura elkarteko kide Sara Nicholsonek euskal feminismoaren erronkak aipatu ditu, batez ere, Sorburua izeneko prozesuan hainbat talde feministarekin eta emakumeen elkarterekin izandako harremanak eta han agertutako iritziak kontuan hartuta. Haren esanetan, horietako bat da pentsioen aldeko borroka, etxegabetzeen kontrakoa, etxeko langile egoiliarren lanaren abolizioaren aldekoa eta Euskal Herrian abian diren beste hainbat eta hainbat ekinbide bakearen kontzeptuarekin lotzea: «Askotan, kosta egiten zaigu geure burua bake eragiletzat aitortzea, bakegintza zerbait ikusgarria dela uste baitugu. Baina bakearen eraikuntza eguneroko kontua da». Nicholsonek «bake erreboltaria» aldarrikatu du, «egiturazko indarkeriek sorrarazten duten amorruarekin batera» biziko dena. «Justizia soziala ez da bakearen aldez aurretiko baldintza; justizia soziala bakea bera da».
Normaltasunetik abiatzen diren feminista zuri eta zisheterosexualei dagokienez, beste erronka bat aipatu du Nicholsonek: «Geure burua aztertu, nola jardun birpentsatu, desikasi, eta aritzeko moduak bilatu gure kideak infantilizatu edo ordezkatu gabe».