Feminismoak kaleak hartuko ditu gaur faxismoaren aurka, «ausardiaz»

‘Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak!’  lelopean egingo dira mobilizazioak hiri eta auzoetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioa, iaz, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioa, iaz, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean milaka pertsona kalera aterako dira gaur, bat eginda Euskal Herriko mugimendu feministak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako deialdiarekin. Hiriburuetan, eskualde buruetan, herrietan eta auzoetan antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute, eskuin muturraren eta jokaera faxisten oldarraldiari elkarrekin erantzuteko, modu kolektiboan.

Eskuin muturraren eta jokabide faxisten oldarraldiak hainbat eremutara zabaltzen ari dira. Horregatik, «erdibiderik gabe» feminismoaren alde posizionatzeak ausardia eskatzen duela uste du mugimendu feministak, eta ausart aritzeko garaia delakoan daude, atzerapausorik eman ez dadin. «Feminismoak eskatzen du botere harremanetan eta egituretan aldaketa sakonak izatea, eta aurreiritziei, erresistentziei eta indarkeria matxistari aurre egin behar zaie horretarako», azaldu du Nora Gonzalez Goñi Iruñeko mugimendu feministako kideak. Garrantzitsutzat jo du ausardia hori kolektiboa izatea, elkar hartuta aritzea. 

Modu kolektiboan eta elkarrekin aritzeak indartsuago egiten du mugimendua, haren irudiko. Horregatik da garrantzitsua ikuspegi intersekzionalaren bidezko aliantzak lortzea, «aliantza feministak erresistentziarako ardatz direlako sistemari ertz diferentetatik  aurre egiteko, izan mugimendu antirrazistarekin eta ekologistarekin, izan feminismoaren barruko aliantzekin, mugimendu dekolonialarekin eta transfeminismoarekin». Orain arte urratu den bide horretan sakondu beharra ikusten du, horrenbestez.

Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazioak

  • Baiona. Geltokitik, 17:00etan. 
  • Bilbo. Jesusen Bihotzetik, 18:00etan.
  • Donostia. Antiguako tuneletik, 12:30ean.
  • Iruñea. Antoniuttitik, 13:00etan.
  • Gasteiz. San Antondik, 12:30ean.

 

itaiak deitutako mobilizazioak

  • Baiona. Herriko etxean, 15:00etan. 
  • Bilbo. Plaza eliptikotik, 12:30ean.
  • Donibane Garazi. Jai Alai itzulgunean, 11:00etan..
  • Donostia. Bulebarretik, 18:00etan.
  • Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazatik, 18:30ean.
  • Iruñea. San Frantzisko plazatik, 18:30ean.

Erreakzionarioak

Uste du faxismoak eta jarrera erreakzionarioek gora egin dutela, eta halako goraldiak kolektiborik zaurgarrienen kalterako izaten direla. Hori horrela, «emakumeen, bolleren eta transen» aurka are gogorrago jotzeko arriskuaz ohartarazi du.

Hori bai, bereizi egin ditu faxismoa eta jarrera erreakzionarioak. Faxismoarekin lotu du Vox eskuin muturreko alderdia. Uste du klase ezberdintasunak erreproduzitzeko eta iraunarazteko lan egiten dutela, eta, ikuspegi arrazista eta kolonialaren bidez, diskurtso xenofoboak zabaltzen dituztela. Bestalde, indarkeria matxista ukatuz, diskurtso misoginoa zabaltzen dute, adierazi duenez. Gainera, marko diskurtsibo hori ezartzeko duten indarraz ohartarazi du, arazoa migranteak direla esaten baitute, indarra migrazio politiketan eta atzerriko politikan jarri beharrean; arazoa feminismoan datzala ere azpimarratzen dute, patriarkatua edo sistema bera auzitan jarri gabe.

Jarrera erreakzionarioak, berriz, ezkerrekoak direla dioten alderdietan ere topa daitezke, Goñiren hitzetan, pribilegioak arriskuan ikustean bere egiten dituztelako migranteek lana kentzen duten ustea eta feminismoa urrunegi joan den ideia.

Gaur kalean gogora ekarriko dute marko horiek identifikatzeko eta horiei aurre egiteko funtsezkoa dela feminismoa, borroka antirrazista eta lurraren aldeko borroka bezala.

Indarkerien normalizazioa

Kezka pizten die ikusteak, hain zuzen, eskuinak eta joera erreakzionarioek zenbait indarkeria mota normalizatu izana. Kontuan hartuta nazioarteak nola normalizatu duen Israelek Gazan egindako genozidioa, are eta garrantzitsuagotzat jo du halakoak «desnormalizatzea». «Bere garaian, emakumeek etxetik kanpo lanik ez egitea zen normala, eta feminismoak hautsi eta desnormalizatu zuen hori; gaur egun, bide horretatik jarraitu nahi dugu desnormalizatzen». Horrekin lotuta, hizpide hartu ditu soldata arrakala eta iazko greba feministak azalerarazi zuen gaia: zaintzarena. «Ikusarazi zen zaintza lanen atzean zer egitura dagoen, eta zeren gainean oinarritzen den sistema ekonomikoa. Horiek guztiak lantzeak paradigma aldatzea ekarriko luke, eta beste gai asko ere desnormalizatzea». 

«Feminismoa etengabeko erresistentzian aritzea da, baina, haren bitartez, gure bizi baldintzak hobetu dira»

NORA GONZALEZ GOÑIIruñeko mugimendu feministako kidea

Izan ere, iruditeriei dagokienez, kezkatuta daude ikusita AEBetatik iritsitako mezu jakin bat nola normalizatzen ari den: «desiragarri» gisa zabaltzen ari dira gizon hornitzailearen irudia. Hau da, maitasun erromantikoaren markoaren barnean, idilikotzat jotzen da etxetik kanpoko lanaren ardura gizonaren gain egotea, eta hura etxera iristean emazteak dena prest izatea. Horri aurre egin behar zaiolakoan dago: «Feminismoa etengabeko borrokan eta erresistentzian aritzea da, eta, feminismoaren bitartez, gure bizi baldintzak hobetu dira. Ez hori bakarrik, feminismoaren eta transfeminismoaren lerrokatze bat egon da, eta, hortik abiatuta, bizimodu desiragarriak aldarrikatzea dagokigu». 

Borroka moldeak, baina, ez du nekerik, ondoezik eta haserrerik eragin behar, «hori ere badugun arren sarri», gaineratu du Gonzalezek. «Mugimendu feministako kideek zabaldu nahi dugu desiratik, itxaropenetik eta plazeretik abiatuz ere bizi nahi dugula, eta hori erakutsi: feminismoa proiektu eraldatzaile gisa zabaldu».

Izan ere, uste du badagoela atzera egiteko arriskua, eta, beraz, ohartarazi du adi egon behar dela, Simone de Beauvoirren adierazpen bat gogora ekarrita: «Ez ahaztu inoiz krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat nahikoa izango dela emakumeen eskubideak zalantzan jartzeko». Horrenbestez, gaur kaleak hartu, indar erakustaldia egin eta aurrerantzean ere modu kolektiboan antolatzera deitu du; haren ustez, aurrerapenak egin badira ere, egiteko asko dago, eta irabazitako eremuan atzera ez egitea ere ezinbestekoa da.

‘Ni feminista naiz’

Bestalde, foru aldundiek, udalek, sindikatuek zein erakunde nagusiek egin dute lanketa propioa Martxoaren 8arekin lotuta. Eusko Jaurlaritzak  feminista gisa agertzearen garrantzia azpimarratu du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, gorroto mezuen aurka egiteko beharra.

Jaurlaritzak mezu honetatik abiatuz egin du kanpaina: Ni feminista naiz. Feminismoa zurekin bat. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du «genero desinformazioa» eta mezu antifeministak ugaritzen ari direla, eta uste dute horri aurre egiteko feminismoaren inguruko «pedagogia» egin behar dela. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu zuenez, «feminismoaren onurak gizarte osoarentzat dira; feminismoa giza eskubideen berme baita, eta garapen sozial eta ekonomikorako tresna». 

Kezka iturri bera izanda, kanpaina bide bertsutik egin du Nafarroako Gobernuak ere, eta lelo hau hautatu: Ez zaitzatela nahasi... gezur matxistekin. Gizonen eta emakumeen artean jada desberdintasun sozialik eta ekonomikorik ez dagoela dioen ideiari aurre egin nahi diote, hala nola soldata arrakalaren datuak emanda, pobrezia arriskuarenak, eta zaintzaren eta lanen banaketarenak.

Itaiarentzat, berriz, Martxoaren 8a emakume «langileen zapalkuntzaren aurka eta sozialismoaren alde» egiteko borroka eguna da. Horregatik, hiru lan lerro proposatu dituzte: matxismoaren gorakada ikusita, ideia atzerakoien eta erreakzionarioen kontrako politizazio lana egitea; emakumeak sozialismoaren aldeko borrokaren lehen lerroan egotea; eta emakumeek jasaten dituzten zapalkuntza formen aurkako borrokak proposamen estrategiko batekin lotzea, hau da, «iraultza sozialistaren barnekotzat» hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.