Feminismoak gizarteari egiten dion «onura» nabarmenduko du Emakundek Martxoaren 8ko kanpainan

Bihar hasi eta martxoaren 8ra arte egingo da kanpaina, ‘Ni feminista naiz’ lelopean. «Ukazioaren eta desinformazioaren» aurka, feminismoari buruzko «pedagogia» egitea ezinbestekotzat jo dute Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek.

Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu dute gaur Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu dute gaur Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2025eko otsailaren 21a
13:15
Entzun

Ultraeskuinak hauspotuta munduan zabaltzen ari den antifeminismo olatuari erantzun «argia eta zuzena» eman nahi dio Emakundek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Ni feminista naiz. Feminismoa zurekin bat lelopean egingo du Martxoaren 8ko kanpaina, eta, hain zuzen ere, feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena azpimarratzea izango da helburua. Urtero legez, Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek elkarlanean ondu dute kanpaina. Bihar hasi eta Martxoaren 8ra arte egingo dute.

Goizean aurkeztu dute kanpaina, Lehendakaritzak Gasteizen duen egoitzan. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, agerraldian izan dira Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, Nerea Isasi eta Trinidad Vicente, hurrenez hurren Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundietako Berdintasun zuzendariak, eta Esther Apraiz Eudeleko presidentea.

Instituzioek «mezu bakarra eta bateratua» helarazi nahi dute aurtengo kanpainaren bidez: «Feminismoa eta berdintasun politikak benetan zer diren azaldu behar dugu, eta pedagogia egin behar dugu gizartearentzat zer onura dituen azaltzeko», nabarmendu zuen Elgarrestak. Nazio Batuen Erakundeak orain gutxi ohartarazi du «genero desinformazioa» handitzen ari dela mundu mailan, eta sarritan feminismoaz informazio okerrak zabaltzen ari direla. Joera hori ez da berria, baina, Emakundeko zuzendariak ohartarazi duenez, azken urteotan ultraeskuinaren gorakadak lagunduta handitzen ari dira feminismoaren «estigmatizazioa» eta emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duten mezuak eta, finean, feminismoaren «deabrutzea» xede duten politikak. Joera hori bereziki teknologia berrien bitartez eta sare sozialetan ari da gertatzen.

«Feminismoaz ari garenean, demokraziaz, askatasunaz, errespetuaz, elkartasunaz, ahalduntzeaz, ongizateaz, aniztasunaz, hezkuntzaz eta aukera berdintasunaz ari gara»

MIREN ELGARRESTAEmakundeko zuzendaria

Horiek horrela, instituzioek beharrezkoa ikusten dute feminismoaren «pedagogia» egitea, eta azpimarratzea feminismoak «onura» egiten diola gizarteari. «Feminismoaz ari garenean, demokraziaz, askatasunaz, errespetuaz, elkartasunaz, ahalduntzeaz, ongizateaz, aniztasunaz, hezkuntzaz eta aukera berdintasunaz ari gara», azaldu du Elgarrestak. Hain justu, kontzeptu horiek ageri dira kanpainarako prestatu dituzten afixetan ere. «Feminismoaren onurak gizarte osoarentzat dira; feminismoa giza eskubideen berme eta garapen sozial eta ekonomikorako tresna delako», laburtu du Emakundeko zuzendariak.

Kanpainarekin zabaldu nahi duten mezuaren garrantzia azpimarratu dute, halaber, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariek ere. Gurtubairen esanetan, feminismoak gizarte guztia interpelatzen du, eta, beraz, denen ardura da eskubideen defentsan lan egitea, «batez ere historikoki isilaraziak izan direnen alde». Mundu osoan zabaltzen ari diren diskurtso «erreakzionarioez» ohartarazi du, berriz, Isasik: «Ezin dugu onartu diskurtso erreakzionarioek orain arte egindako aurrerapausoak zalantzan jartzea». Bide beretik hitz egin du Eudeleko presidenteak ere: «Orain, inoiz baino gehiago, diskurtso neomatxistak gelditu behar ditugu». Feminismoa eta berdintasuna defendatzen dutenek ez dutela bakarrik sentitu behar gaineratu du Vicentek.

Keinua gazteei

Martxoaren 8ko kanpainak bereziki belaunaldi berriengan jarri nahi du arreta. Emakundeko zuzendariaren esanetan, «keinu» bat egin nahi diete gazteei, «berdintasunaren aldeko katea hautsi ez dadin». Aurten, gainera, berdintasun politikak garatzeko mugarri izan diren bi urtemuga gogoratu nahi dituzte kanpainarekin. Alde batetik, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena da, «mundu osoko emakume eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuenarena». Bestetik, hogei urte beteko dira EAEn Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen legea onartu zutenetik. Hori hala, berdintasun politiken bidez eskubideetan egindako aurrerapenei balioa eman nahi diete kanpainan.

«Orain, inoiz baino gehiago, diskurtso neomatxistak gelditu behar ditugu»

ESTHER APRAIZEudeleko presidentea

Bihartik aurrera, hedabideetan, euskarrietan eta sare sozialetan egongo da kanpaina. Gainera, sare sozialetako istorioetarako txantiloi bat sortu dute filtro formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin. Horren bidez, erabiltzaileek selfie bat egin eta sare sozialetan zabaldu ahal izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.