Jenofa Berhokoirigoin eta Andrea Pebet. Asanblada feministako kideak

«Feminismoak berriz badu hats berri bat Ipar Euskal Herrian»

Ipar Euskal Herria feminismoaren bidez saretzeko xedea jarri du aurtengo Martxoaren 8rako Ipar Euskal Herriko asanblada feministak. Ekitaldi ugari antolatu dituzte herrietako taldeekin batera, Hendaiatik Maulera.

GUILLAUME FAUVEAU.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gazteak eta zaharrak; Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoakoak; baina denak feministak. Horiek guziak elkartzen ditu Ipar Euskal Herriko asanbladak. Martxoaren 8a antolatzeko elkartu dira, baina egunetik harago ere segitzeko nahia dute Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai (Gamarte, Baxenabarre, 1985) eta Andrea Pebet Iribarren (Ortzaize, Baxenabarre, 1997) asanbladako kideek.

Nola sortu zenuten Ipar Euskal Herriko asanblada feminista?

JENOFA BERHOKOIRIGOIN:Duela hiru urte, Hego Euskal Herrian planteatu zenean greba egitea, baginen taldeño bat greba mugimendua Ipar Euskal Herrian ere biziarazteko gogoa genuenak. Talde feministekin hitz egin genuen, baina batzuek ez zuten sendi hemen ere grebara deitzea. Bestalde, Ipar Euskal Herriko eragile feministen artean bada beti eztabaida —eta gaur egun oraino ere bada— nora begiratzen den: begiratzen den Pariserantz, Frantziara; edo Hegoalderantz, mugimendu nazional baten gisan kokatuz gurea: talde batzuek ez zuten ikusten Hego Euskal Herriko dei horri lotzea.

Motibatuak ginenak bildu ginen elkarren artean ikusteko nola greba hori sentiarazi Ipar Euskal Herrian, eta hortik sortu zen asanblada. Geroztik segitu du: iaz bildu ginen, eta aurten ere bai.

Zer ematen dizue asanbladak?

ANDREA PEBET: Ezagutzea neska motibatuak eta kezkak partekatzea manera lasai batean. Pertsona berriak ezagutu ditugu, eman digu perspektiba bat. Eta nik enbeia dut segitzea talde horrekin eztabaidatzen, sakontzen. Dena eraikitzekoa da.

J. BERHOKOIRIGOIN: Feministatzat dut ene burua duela zenbait urte, eta Ipar Euskal Herriko basamortua pisua da feministatzat duzularik zeure burua: bakarrik sentitzen zara, beti korrontearen kontra... Sentitzea badela beste dozena bat zu bezala… oxigeno gune bat da.

Martxoaren 8a antolatzeko biltzen zarete, ezta?

J. BERHOKOIRIGOIN: Baina aurten lehen aldikoz sendi da ez ditugula nahi Martxoaren 8ari bakarrik mugatu gure gogoeta eta indarra. Badugu gogoa urte guzian lanketa bat eramateko.

Saretzea hartu duzue lelotzat. Zertan islatzen da?

A. PEBET: Gero eta zabalagoa eta aniztasun handiagokoa da asanblada: euskaldunak ez direnak ere hor dira; lurralde mailan bada denetarik; adin aldetik ere… Horrek gaitu bultzatu saretzearen ideiara, nahi genuelako gure herrietan eragin, baina beti ukanez sarearen babesa. Sostengua sentitu dugu, eta horri esker ekinaldi batzuk bultzatu ditugu barnealdean. Adibidez, gaur bizikleta martxa eginen dugu, Irisarritik Baigorrira.

Nola uztartu dituzue saretzea eta tokiko ekinaldiak?

J. BERHOKOIRIGOIN: Ekitaldi nagusi bat izanen da Baionan: igandeko manifestazioa, 11:00etan abiatuko dena Pausa gunetik —guretzat inportantea zen hor hastea, emakume etorkinei lehen hitza uzteko—. Eta gero hainbat ekitaldi daude, Martxoaren 8a aitzin eta gero; eta Xiberotik haste Hendaiara arte.

Azken urteetan, zailtasunak izan ditu feminismoak Iparraldean. Indar berri bat da zuena?

A. PEBET: Enetzat, bai. Bada beharra eta nahia; justu behar da pixka bat akuilatu, probokatu mementoak elkartzeko eta kolektiboki lanean hasteko.

J. BERHOKOIRIGOIN: Azken hamar urteei begiratuz, adibidez, nik sentitzen dut aldaketa bat, batez ere azken lauzpabortz urteetan: feminismoak berriz badu hats berri bat Ipar Euskal Herrian; garai batean zuen indarra berriz pixka bat sendi da.

Nondik dator hats berri hori?

J. BERHOKOIRIGOIN: Bada Hego Euskal Herriko mugimendu feministaren eragina: han den indarra eta erradikaltasuna erakargarriak dira anitzentzat. Bestalde, Me Too mugimenduari esker anitzek egin dute lotura euren bizipenen eta feminismoaren artean: euren burua feministatzat ez zuten gazte batzuek orain hala dute. Duela bospasei urtera arte, feminismoak bazuen itxura ezkor bat: emazte haserretu batzuk ginen, larrua gaizki jo dietenak. Baina sare sozialen bidez, ari da beste irudi bat plazaratzen.

Indarkeria matxistaren gaian gibelean da Ipar Euskal Herria. Prokuradore eta komunikabideek etxeko kontutzat daukate.

J. BERHOKOIRIGOIN: Aurten jorratu nahi ditugun gaien artean da jendeari ohartaraztea bortxaketaren kultura zer heinetaraino hor den. Horrentzat dugu Baigorrira Samara Velte ekarrarazi Nik sinesten dizut liburua aurkeztera. Behar gorria bada bortxaketaren kulturaz ohartarazteko, horri begira diren ihardukitzeak feminismotik biziki urrun baitira oraindik. Donibane Garaziko lizeoan gertatu denarekin ohartzen gara jendearen erantzuna nolakoa den: egoera hori feminismoan oinarriturik irakurtzeko behar handia dago.

A. PEBET: Bortizkeria horiek ez dira aipatzen, eta ez da ematen tresnarik irakurtzeko hori beste manera batez; desnormalizatzeko egoerak. Hautatu dugu aurkezpena barnealdean egitea, hor bereziki guti aipatzen baita.

J. BERHOKOIRIGOIN: Bada tabu handi bat, eta barnealdean oraino gehiago. Ez da aipatzen, baina ez du erran nahi ez dagoenik. Maluruski, lizeokoak erakutsi digu bortxatzailea ez dela karrika iluneko ezezagun hori: hurbileko bat dela.

Zergatik zailagoa barnealdean?

A. PEBET: Bada ustea babestuagoak garela: familia bat bezala garela eta ondokoak ez digula deus eginen. Militantzia lekuetan berdin izaten da: uste dugu militanteek ez dutela erasotzen ahal edo ez dietela militanteei erasorik eginen. Hasten bagara aipatzen, ohartuko gara lur azpian den horretaz.

Martxoaren 8aren ondotik, zer?

J. BERHOKOIRIGOIN: Manifestazioaren ondotik, asanblada ireki bat eginen dugu, Ipar Euskal Herri guzitik jendea jin dadin partekatzera. Elkarrekin adostu nahi dugu epe luzera begira bide ttipi bat, xumea... baina bide bat. Memento inportantea izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.