Feminismoa, umorez

Beatriz Egizabal aktore, clown eta bakarrizketagileak umorezko emanaldi bat egin zien ikusleei topagunea aurkezteko ekitaldiaren ondoren.

Publikoak barre artean hartu zuen Egizabal. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Oñati
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Esan didazue utziko zenidatela niri ere zerbait irakurtzen, baina dena zuek irakurri duzue». Esaldi horrekin igo zen agertokira Beatriz Egizabal, hasiera ekitaldia bukatu ondoren. «Ezer utzi ez didazuenez, nik nire diskurtsoa ekarri dut prestatuta», gehitu zuen.

Ez zen taula gainera igo era espontaneoan, hala zirudien arren. Aktorea, clowna eta bakarrizketen egilea da Egizabal, eta feminismoa jorratu ohi du bere bakarrizketetan.

Lehenbizi, topagunearen izaeraz hitz egin nahi izan zuen: «Hau topagune bat da, ez dira topaketa batzuk. Azken horietan gogoeta sakonak egin ohi dira, asko teorizatzen da. Hau bezalako topagune bat zertarako da, orduan? Ba, izenak berak dio: gure artean topatzeko gune bat da... baita ligatzeko ere». Topagunera hurreratu zirenak furgonetetan etorri izana ere nabarmendu zuen, umorez: «Furgonetetan bosnaka, ligatzeko ondo!».

Egizabalek feminismoan egin zuen ibilbide pertsonala ere errepasatu zuen emanaldian: «90eko hamarkadan emakume talde hetereogeneo bat bildu ginen. Feministak ginen, baina oraindik ez ginen geure buruari horrela deitzera ausartzen». Azaldu zuen afari batean erabaki zutela emakume taldeak izango zuen izena: «Mozkorraldi batetik atera zen, Haina jarri genion izena». Emakume taldean «kafe piloa» hartzen zutela azaldu zuen: «Garagardoren bat ere bai, baina gin-tonicik ez, gazteegiak eta pobreegiak ginelako». Feminismoaren kontzeptu batzuk ulertzeakosta zitzaiola ere azaldu zuen publikoaren barre artean: «Generoa eraikita dagoela ulertzen nuen, sexuarekin ere horrela zela uler nezakeen, baina arrazarena... Nik nire begiekin ikusten nituen!». Eraikuntzaren kontzeptu horrek arazoak ekarri zizkiola azaldu du: «Orduan dena eraikia da, eta krisi pertsonal batean sartu nintzen. Esaten duzu: 'Eta zer naiz ni?'. Ba, ezer ez! Ez zara ezer!». Bilguneari eskerrak emateko beta ere eduki zuen Egizabalek, orain arte egindako «dibulgazio lanagatik». Bertaratutakoek txalo zaparrada batekin agurtu zuten emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.