Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Berdintasun politikak

Feminismoa. Haize kontra ere, hamaika urrats

Feminismoak goitik behera blaitu du amaitzear den legealdia. 'Soilik baietz da baietz' legeak eta trans legeak mugarri bat ezarri dute, nahiz eta polemika biziak eragin dituzten, baita koalizio gobernuaren barruan ere. Eskuineko alderdiak feminismoaren lorpenak balaztatzen saiatu dira.

Espainiako Kongresua. Soilik baietz da baietz legearen erreforma onartu zuten unea. ZIPI ARAGON / EFE.
edurne begiristain
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Mugimendu feministaren agendak arrastoa utzi du Espainiako Gobernuaren azken legealdian. Irene Monterok gidatzen duen Berdintasun Ministerioak onartutako hainbat neurrik eta legek zoru feminista sendotzeko modua eman dute, eta mugarri garrantzitsuak ezarri ditu LGTBI kolektiboaren eskubideen zabalpenean. Bidea ez da samurra izan, ordea. Lorpen feministak balaztatzen saiatu dira PP eta Vox, eskuineko hedabideen laguntzarekin, eta feminismoaren aurkako gurutzada elikatu eta indartu dute, Berdintasun ministroaren aurkako sorgin ehiza abiatzearekin batera. Haizea kontra izanda ere, agenda feminista jardun politikoaren erdigunean egon da amaitzear den legealdian.

Eskuineko alderdiek hauspotutako polemiken artean, eta gobernu koalizioaren barruan PSOEtik sortutako ahots kritikoen gainetik, aurrera egin dute zenbait legek, tartean trans legea. Aldiz, bide malkartsuagoa egin behar izan dute beste batzuek: soilik baietz da baietz legea politikoki lokaztutako eztabaida juridikoan korapilatu da, eta urardotuta onetsi dute.

Hain justu ere, Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Espainiako Lege Organikoak edo soilik baietz da baietz legea izan da Berdintasun Ministerioaren lege izarra. Baina baita polemikoena ere. Preseski, legeak eragindako harrabotsa baliatu zuen eskuinak Espainiako Gobernuaren aurka egiteko, Montero kritiken eta deskalifikazioen jomugan jarrita. Iazko urrian sartu zen indarrean legea berria, baina ondorio bat ekarri zuen: dozenaka sexu erasotzaileren zigorrak berraztertu ziren, eta horietako batzuk, murriztu. Eskuinak hori baliatu zuen legearen aurka gogor jotzeko, eta PSOE bera legea aldatzera bultzatu zuen, Berdintasun Ministerioaren irizpidearen aurka.

Euskal Herrian izandako bi gertakari lazgarriek bultzatuta ondu zuen legea Berdintasun Ministerioak: Nagore Laffageren hilketa matxista 2008an, eta bost gizonek emakume bat bortxatu izana 2016an. Bi gertakariak Iruñean jazo ziren, sanferminetan. Gaitzespen mezu ozenak eragin zituzten bi gertakariek, eta sanferminetako bortxaketaren epaiak eragindako haserrearen arrastoan onetsi zuten Espainiako Gorteetan sexu indarkeriari aurre egiteko legea.

Onespenaren printzipioa izan da soilik baietz da baietz legearen ardatz nagusietako bat: jatorrizko testuaren arabera, sexu erasotzat hartzen ziren «beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka haren onespenik gabe egiten diren jardun guztiak»; erasoen definizioan bertan aipatzen zen indarkeria, larderia edo nagusitasuna erabiltzea, baita biktimaren borondatea baliogabetzea ere. Printzipio horren gainean ezartzen zirenzigorrak, kontuan hartuta erasoan sarketarik izan den ala ez, eta larrigarririk dagoen.

Kondena murrizketak eragozteko asmoz, legea aldatzeko urratsa egin zuen PSOEk Kongresuan. Sozialistek PPrekin adostu zituzten zuzenketak, baina ez zuen izan Berdintasun Ministerioaren eta Unidas Podemosen babesik; EAJk ere babestu zuen testua, eta aurka egin zuen EH Bilduk. Lege erreformaren bitartez, erasoen zigor tarteak zabaldu eta igo dituzte, erasoetan bortizkeria edota larderia dagoen kasuetan. Halaber, ezabatu egin da abusuen eta erasoen arteko bereizketa, baina bortizkeriaren eta larderiaren baldintzak berrezartzea ekarri du, egungo zigor tarteei mailaketa bat erantsiz; hau da, sarketarik gabeko sexu erasoen zigor handienak areagotu dituzte, eta bortxaketen gutxieneko zigorrak handitu, erasoan indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea dagoenean —eta froga daitekeenean—.

Trans legea: PSOE, aurka

Soilik baietz da baietz legearen erreformak gobernukideen artean sortutako ika-mikaren erdian heldu zen beste bi arau feministaren onespena: Abortuaren Lege Organikoa eta trans legea. Transen berdintasun erreal eta efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legea aurtengo otsailean onartu zuten. Hautsak harrotu zituen lege horrek ere, batez ere Carmen Calvo orduko gobernuko presidenteorde eta Kongresuko Berdintasun Batzordeko buruak desadostasunak azaldu zituelako. Calvo ez baitzetorren bat adingabeen genero autodeterminazioaz Monterok egindako proposamenarekin. PSOEk zuzenketa jarri zion, baina atzera egin zuen gero, eta koalizio gobernua osatzen duten alderdien babesarekin onartu zen legea. PSOE eta Unidas Podemosen babesa ez ezik, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Mas Pais, Compromis eta CUPena ere jaso zuen legeak.

Trans legeak genero autodeterminazioa aitortzen du, baita adingabeena ere: 12 eta 14 urte arteko gazteek epailearen baimena beharko dute erregistroan aldaketa egiteko; 14 eta 16 artekoek gurasoena nahikoa izango dute, eta, 16tik aurrera, ez dute inoren baimenik beharko. Horrez gain, despatologizazioan urratsak egiten ditu, eta LGTBI kolektiboko kideak babesteko hainbat eskubide biltzen ditu.

Oso gatazkatsua izan zen legearen tramitazioa, batez ere PSOEren barruan ozendu zirelako legearen kontrako ahotsak. Are: transen eskubideak mugatzen eta legearen oinarriak urardotzen saiatu ziren sozialistak zuzenketen bitartez. Besteak beste, genero autodeterminazioari jarri zizkioten. PSOEren jarrerak hautsak harrotu zituen Espainiako gobernu koalizioan, eta asaldura eragin kolektibo feminista batzuetan eta LGTBI mugimenduan. Hain justu ere, Euskal Herriko LGTBI kolektibo ugarik Hego Euskal Herriko diputatuei eskatu zieten transen eskubideak zabaltzea helburu duten zuzenketak babesteko, eta legea berehala onartzeko.

Abortuaren Legearen erreformak ere mugarri bat ezarri du emakumeen eskubideak zabaltzeko orduan. Zehazki, 2/2010 Legearen moldaketa bat izan da legealdian onartu dena.

Aldeko 190 boto jaso zituen lege erreformak Kongresuan, eta aurkako 150: PP, C's eta Voxenak. Aurrerapen esanguratsuak ditu legeak emakumeen eskubideetan: besteak beste, aurrerantzean 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar haurdunaldia eteteko, eta abortatu ahal izateko ez da hiru egunez «gogoeta» egin behar. Abortatzeko sare publikoa erreferentziazkoa izatea bermatzea jasotzen du legeak, gainera. Halaber, hileko minbera duten emakumeek bajarako eskubidea izatea arautzen du: hiru eguneko baja hartu ahal izango dute, bostera luzatzeko aukerarekin hilekoak oso gogorrak direnean.

Izatezko bikoteak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurrerapenak geldiarazi egin zuen Ione Belarraren ministerioak prestatutako Familien Legea, baina Espainiako Gobernuak errege dekretu batean jaso zituen Familien Legeak arautuko zituen zenbait neurri. Horietako bat izatezko bikoteekin dago lotuta.Orain arte, ezkontzen ziren bikoteek hamabost eguneko baimena hartzeko eskubidea zuten, baina izatezko bikoteek ez; aurrerantzean, izatezko bikoteek ere baimen hori hartzeko eskubidea izango dute Hego Euskal Herrian.

Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Integrala onartu zuen Kongresuak 2021ean. Adingabeak babesteko legearen bitartez, xede nagusi bat bermatu nahi da: haurrei babes handiagoa eskaintzea sexu abusuen kasuan, baita indarkeria matxista pairatu dutenean ere.Vox ez Kongresuko alderdi politiko guztien babesa lortu zuen.

Berritasun nagusiak hauek dira: sexu abusuen preskripzio epea luzatzen da, hau da, adingabeek jasandako sexu abusuen preskripzio epea biktimak 35 urte dituenetik hasiko da kontatzen, eta ez 18 urte dituenetik. Talde feministen beste eskaera bat ere jaso du legeak: gurasoen alienazioaren sindromearen debekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.