Ingurumen antropologiak interesa piztu du asteazkenean hasi zen Antropologia Feminista Kongresuaren barruan. Azken egunotan gai horri buruz aritu dira Euskal Herriko eta nazioarteko hamar bat ikerlari, Antropologia feminista eta ingurumen-antropologiaren arteko elkar-g-uneak: ikuspegi eta metodologia berriak deitutako saioetan.
«Ingurumen antropologia eta antropologia feminista nola uztartu ikusteko interesa dago», adierazi zuen atzoko saioan Olatz Gonzalez Abrisketa EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Antropologiako Masterraren arduradunak. Horrela, nabarmendu zuen garrantzitsua dela lotura hori planteatzea kolektibo «oso desberdinekin» hitz egiteko aukera eskaintzen duen kokaleku batean.
Atzoko saioan, guztira bost ikerlarik hartu zuten hitza, eta lurraldearen defentsari eta feminismoari buruz aritu ziren. Edurne Vaello Fernandez ikerlariak, esaterako, Valentziako parke naturalak izan zituen hizpide: parke horien kudeaketa aztertu zuen, genero ikuspegia oinarri hartuta. Horrela, nabarmendu zuen, besteak beste, eremu horietan sexu desberdintasunak izaten direla. Horren adibide da, esaterako, ikerketan elkarrizketatu batek esan ziona: «Parkeetan lan egitea zaila da, baina, emakumea bazara, kaka zaharra da».
Horrekin lotuta, parke naturaletan emakumeen presentzia «eskasa» dela nabarmendu zuen ikerlariak, eta, ohartarazi zuenez, hori gertatzearen arrazoietako bat da «oraindik ere genero estereotipoak presente daudela». Lanpostua lortzeko orduan emakumeek diskriminazioa jasaten dutela adierazi zuen Vaellok, baina ez hori bakarrik: «Barruan daudela ere, diskriminatu egiten dituzte». Gaur egun, Valentzian parkeetako zuzendaritza kargua duten guztien artean, %14 baino ez dira emakumeak.
Vanessa Iglesias Amorim ikerlari portugesaren arabera, antzeko zerbait gertatzen da Portugalen, baina arrantzarekin: «Arrantza sektorearen ikuspegi androzentrikoa da nagusi». Horrela, azaldu zuen gizona produkzioarekin erlazionatzen dela, eta emakumea, erreprodukzioarekin.
«Portugalen, emakumeenganako ikusezintasun historiko bat dago arrantzaren testuinguruan», adierazi zuen. Horrekin batera, azaldu zuen andreek egiten dituzten jarduerak ez direla lantzat hartzen, eta askotan ez dutela horiengatik ordainsaririk jasotzen: «Emakumeek egin izan duten lana senarraren lanaren laguntza gisa ikusten dute, eta ez lan gisa».
Andreek arrantzan egiten duten jarduna ikusgai egiteko, arrantzaren beraren definizioa «birplanteatu» beharko litzatekeela uste du ikerlariak: «Arrantza arraina uretatik ateratzea baino askoz gehiago da».
Isabel Iturralde Vera ikerlari ekuadortarra ere aritu zen emakumeen egoerari buruz, bainaGalapago uharteetan (Ekuador) jarri zuen arreta. Feminismoaren eta kontserbazioaren arteko harremanaz aritu zen, eta, azaldu zuenez, bi kontzeptu horien artean «emakumeen behar asko ezabatu egin dituzte». Horrela, besteak beste, andreak «isilarazi» egiten dituzte.
Adierazi zuenez, herritarren %73k uste dute Galapagoetan faunaren aurkako indarkeria kasuek beste indarkeria mota batzuek baino «lehentasun handiagoa» dutela; indarkeria matxistak baino lehentasun handiagoa, esate baterako.
Nazioartetik Euskal Herrira egin zuen salto Marta Barba Gasso ikerlariak, eta ekologiaren eta feminismoaren arteko «zubi eta elkarrizketak» izan zituen hizpide, herri mugimenduen dinamiketan oinarrituta. Horrela, koronabirusak mugimendu horiei nola eragin dien azaldu zuen: besteak beste, zer ondorio izan dituzten eta egoerara nola egokitu diren.
Mugimendu gehienetan feminismoak presentzia eta eragin handia duela nabarmendu zuen ikerlariak. Azaldu zuenez, feminismoak azkenaldian «beste zapalkuntza ardatz batzuk» kontuan hartzen dituelako izan daiteke hori, eta bere egunerokotasunean intersekzionalitatea uztartzen ari delako. Hala ere, zera ohartarazi zuen: «Dirudienez, feminismoak ez du hainbesterako presentzia edo influentzia mugimendu ekologistan».
Etorkizunaz, orainaldian
Gonzalezen arabera, hitz egindako eta ondorioztatutako guztien bilakaera aztertu beharko litzateke, eta eztabaidak, topaketak, edota lan kolektiboak sortu.
Era berean, etorkizunera begira jarri zen Ainhoa Gutierrez del Pozo ikerlaria, eta, adierazi zuenez, orainaldiari buruz pentsatzean, «etorkizuna ere» hartu behar da kontuan. Horrela, Urumea ibaian oinarritutako «kondaira futuristak» planteatu zituen, eta, besteak beste, gizakiaren eta beste espezie batzuen arteko aliantzak sortu beharra nabarmendu zuen. Ibaiari eta bertako zentral hidroelektrikoei buruzko ikeketa bat ari da egiten.
Feminismoa eta ingurumena, antropologiatik
Lurraldearen defentsa eta feminismoa izan dituzte hizpide kongresuan. Euskal Herriko eta nazioarteko ikerlariek hartu dute parte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu