Feminismoa eta Berdintasuna hiztegia aurkeztu dute

Elhuyar fundazioak egin du hiztegia, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eskatuta. Feminismoaren eta berdintasunaren inguruko euskarazko terminoak jasotzen ditu, baita horiei dagozkien kontzeptuak eta definizioak ere.

Dobaran, Landaida, Diez de Ultzurrun eta Agirre, gaur gozeko aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 30a
15:36
Entzun

Gaurtik aurrera, eskura egongo dira euskaraz feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak eta definizioak. Feminismoa eta Berdintasunahiztegian batu dituzte, eta gaur egin dute aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Emakundek eta hiztegia egiten aritu diren Itziar Diez de Ultzurrun eta Lorea Agirrek.

Egungo legediak ezartzen dituen kontzeptuak jasotzen ditu Feminismoa eta Berdintasuna hiztegiak, baita gizarte mugimenduetan sortutakoak eta nazioartean erabiltzen dituztenak ere. Hiztegia Elhuyar fundazioak egin du, Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren enkarguz. Hainbat emakume aditu ere ondoan izan dituzte. Elkarlan hori azpimarratu du Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako sailen artean eta gizarteko eragileekin egindako lana mahai gainean jarriz. «Aliantzak behar ditugu: euskarak behar ditu, baita berdintasunak ere».

Lortutako emaitzarekin gustura agertu dira Izaskun Landaida eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea. «Hiztegi hau behar-beharrezkoa da une honetan, feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak eta definizioak eskaintzen dizkigulako, eta gure gizartearen garapena eta sexuen arteko berdintasun kultura sustatzen laguntzeko tresna delako», azpimarratu du Dobaranek. Euskararen normalizaziorako ere aurrerapauso bat delakoan dago: «Euskara berrituz eta modernizatuz doa egunetik egunera, eta, normalizazioaren bidean urrats sendoak egiteko, alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da, euskararen aberastasun lexikoa elikatzea, zaintzea eta sustatzea».

Hiztegia interesa duen ororen eskura jarri dute Euskaltermen. Bertan egin daitezke kontsultak, eta osorik jaisteko aukera ere badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.