Feminismoa eta Berdintasuna euskarazko hiztegia aurkeztu dute

Feminismoari eta berdintasunari buruzko euskarazko terminoak biltzen ditu hiztegiak, baita horiei dagozkien kontzeptuak eta definizioak ere

Diez de Ultzurrun, Dobaran, Landaida eta Agirre. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko eskura daude euskaraz feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak eta definizioak. Feminismoa eta Berdintasuna hiztegian batu dituzte, eta atzo egin zuten aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak, Emakundek eta hiztegia egiten aritu diren Itziar Diez de Ultzurrunek eta Lorea Agirrek.

Hiztegia interesa duen ororen eskura jarri dute Euskaltermen. Egungo legediak ezartzen dituen kontzeptuak jasotzen ditu, baita gizarte mugimenduetan sortutakoak eta nazioartean erabiltzen dituztenak ere. Hiztegia Elhuyar fundazioak egin du, Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren enkarguz. Hainbat emakume aditu ere ondoan izan dituzte. Elkarlan hori azpimarratu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako sailen artean eta gizarteko eragileekin egindako lana mahai gainean jarriz: «Aliantzak behar ditugu: euskarak behar ditu, baita berdintasunak ere».

Lortutako emaitzarekin gustura agertu dira Izaskun Landaida eta Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea. «Hiztegi hau behar-beharrezkoa da une honetan, feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak eta definizioak eskaintzen dizkigulako, eta gure gizartearen garapena eta sexuen arteko berdintasun kultura sustatzen laguntzeko tresna delako», azpimarratu du Dobaranek. Euskararen normalizazioan ere aurrerapauso bat delakoan dago: «Euskara berrituz eta modernizatuz doa egunetik egunera, eta, normalizazioaren bidean urrats sendoak egiteko, alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da, euskararen aberastasun lexikoa elikatzea, zaintzea eta sustatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.