«Askotan iruditeria bat izan da, non feminismoa jendartearen erdiaren berdintasuna lortzeko den». Eta hala da, Naia Torrealdai Mandalunizen arabera. Baina, batez ere, zera da: «Eraldaketa sozialerako marko politiko bat da». Hori islatzeko asmoz, Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma liburua argitaratu berri du.
Iratzar fundazioak eta Txalaparta argitaletxeak lankidetzan sortu duten Iparrorratza bildumako hamargarren zenbakia da Torrealdaik idatzitakoa. Atzo aurkeztu zuen idazleak berak liburua, Bilboko Iratzar gunean, aldamenean Garazi Arrula editorea eta Andoni Olariaga Iratzarreko kidea zituela.
Historia gradua eta Historia Garaikideko masterra egin zituen Torrealdaik, eta irakaslea da egun. 2015az geroztik, Euskal Herriko Bilgune Feministako kide da, eta mugimendu feministaren beste hainbat egitasmotan ere hartu izan du parte. «Liburuan nabaritzen da autorea hor dagoela, bizi izandako prozesuetatik hitz egiten duela», esan zuen Olariagak. Eta Arrulak zuzenean Torrealdairi adierazi zion: «Zure izenean dago liburua; horrek erantzukizuna eta ausardia eskatzen ditu».
«Mugimendu bezala, konpromisoa hartu behar dugu benetako formakuntza feminista bat emateko, oinarrizkoa bada ere. Ez nabil berbetan teoria feministaz; hausnartu behar dugu zer den feminismoa praktikan jartzea»
NAIA TORREALDAI MANDALUNIZ'Amaieratik hasi' liburuaren idazlea
Hiru ataletan banatu du liburua. Gaur egungo errealitatera iristeko egin diren eztabaidak arakatu ditu lehenik. Bigarren atalean, berriz, gaur egun feminismoetan bizirik dauden «korapiloak» izendatu ditu, eta tabu batzuk aipatu. Azken atalean, helduleku hau izan du oinarri, liburuan bertan jaso duenez: «Utopiei begira jartzean amesten dugun edo desiragarria zaigun etorkizun hori eraikitzeko nondik jardun hausnartu beharra».
Kezka batzuetatik abiatu du liburua Torrealdaik. Haren ustez, azken urteotan feminismoaren «ulerkera desberdinak» garatu dira, eta diskurtso batzuk gailendu; besteak beste, «feminismoa despolitizatzailea dela edo feminismoaren desbideratze bat dagoela». Hala uste dute sektore batzuek, «gizon batzuek batez ere»: «Feminismoa botoak lortzeko tresna bat izan daitekeela, edo jendea proiektura erakartzeko, eta ez horrenbeste benetan gure praktikan txertatu nahi dugun zerbait». Horregatik, euskal feminismoa egiturazko aldaketak eragiteko proposamen politiko eta estrategikoa delako ziurtasuna erakutsi nahi izan du liburuan, eta agerian utzi pentsamendu teorikoa eguneroko praktikatik eraiki behar delako sinesmena.
Eztabaidaren «apologia»
Torrealdairen arabera, mugimendu feministan badira tabu batzuk, eta zailtasunak izaten dituzte horien inguruko eztabaidak izateko. Hori dela eta, eztabaidaren «apologia» egin du liburuan: «Gaur egun, eztabaidaren apologia egitea erabat beharrezkoa da. Eztabaidak zilegi dira. Feminismo askotarikoak existitzen diren honetan, teoria ezberdinen arteko eztabaidak behar ditugu». Torrealdairen arabera, «mugimendua bera ez banatzeko beldurrez eta proiektu politikoa mehatxatuta ikusita», eztabaidak saihestu izan dituzte. Ondorio bakarra du horrek: «Eztabaidak saihesteak gatazkak areagotzea besterik ez du ekartzen». Horregatik da hain beharrezkoa «errespetuzko eztabaidak» izatea.
Indarkeria matxista aipatu du, besteak beste, tabuen atalean. Hain justu, azkenaldian sare sozialetan areagotu den joera bat izan du hizketagai: hamaika emakumek euren testigantza zabaldu dute sare sozialen bidez. «Euren kontakizuna eta euren egia kontatzeko beharrizana izan dute».

Hori ikusirik, Torrealdaik uste du, alde batetik, mugimendu feministak tresnaren beraren inguruko hausnarketa egin behar duela. Bestetik, «mugimendu sozialetako eragile mistoetan militatzen» dutenek galdera egin behar diote euren buruari: «Zergatik horrenbeste emakumek sentitu dute beharra espazio horietan euren egia kontatzeko, eta zergatik da espazio hori segurua haientzat, eta ez gureak?». Erakundeak ere interpelatu zituen, esanez eurek ere hausnartu beharko luketela ea zergatik emakumeek ez duten bertan salaketa jartzen.
Bide beretik, Torrealdaik beharrezkotzat jo zuen «ezker independentismoko kapa guztietan feminismoaren begirada eta sentsibilitateak presente» egotea. Horrela, errazagoa izango da oinarrizko esparruetan gertatzen diren erasoak identifikatzea. «Mugimendu bezala, konpromisoa hartu behar dugu benetako formakuntza feminista bat emateko, oinarrizkoa bada ere. Ez nabil berbetan teoria feministaz; hausnartu behar dugu zer den feminismoa praktikan jartzea».
«Feminismo liberalaren falazia»
Azken urteotan «leku guztietan» entzun duen ideia bat izan du jomugan Torrealdaik: «Feminismo liberalaren edo burgesaren ideia hori». Idazleak «feminismo liberalaren falazia» izendatu du bere lanean. Izan ere, atzo esan zuen «Euskal Herriko markoan» ez dela feminismo liberalik izan. Gogoratu zuen feminismo liberala AEBetan garatutako feminismoa dela, hango tradizio bati erantzunez sortua.
«Ezker independentistan kokatzen direnek» EAJren inguruan mugitzen diren emakume batzuen diskurtsoak jo ditzakete feminismo liberaltzat, Torrealdairen irudiko. Baina: «Euren politika oportunistarekin lotuta dago hori, eta ez dio tradizio bati erantzuten». Hori dela eta, gauza bakoitzari bere izenez deitzeko eskatu zuen.
Intersekzionalitatearen kontzeptua ere jorratu du. Liburuan aipatu duenez, «errealitateari begiratzeko kontzeptu erabilgarria» da intersekzionalitatea, baina «bere mugak ditu, kontzeptu guztiak bezala». Atzo esan zuenez, batzuentzat «helburu» bihurtu da intersekzionalitatea: «Pentsatzen dute politika intersekzionalak egitea lortu behar dugula. Batzuetan intersekzionalitateaz hitz egiten da aniztasunaz hitz egiten dugun moduan; intersekzionalitate hori obsesio bilakatu zaigu, bertatik hitz egiteko». Horiek horrela, marko intersekzionalak «hasiera» izan behar duela nabarmendu zuen, eta «proiektu politikoak» bertatik egin behar direla.