Nafarroako Gobernu eraketa

Felix Taberna presidenteorde izango da, eta Arasti, Ekonomia kontseilari

Amparo Lopezek beteko du Remirezek Barne Departamentuan utzitako hutsunea, eta Oscar Txibitek Bernardo Ziriza ordezkatuko du Lurralde Kohesioan. Carlos Gimenok Hezkuntzan jarraituko du

Nafarroako Parlamentuko atarian eserlekuak eta agertokia prest dira Maria Txibiteren kargu-hartze ekitaldirako; gaur goizean izango da, 11:30ean. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Osatu da Nafarroako Gobernuaren puzzlea. Zera falta zen, PSNk esatea nortzuek zuzenduko dituzten bere ardurapeko departamentuak, eta, azkenik, atzo eman zituen izen-abizenak. Felix Taberna izango da Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena. Iragan legealdian, Txibiteren beraren konfiantzazko zirkuluan aritu da lanean, aholkulari gisa. Elma Saizek Iruñeko Udalean jarraituko du, eta, Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak hartuko du haren tokia. Saiz bezala, Madrilgo gobernuaren ordezkari goren izan da Arasti —gaurdaino eutsi dio karguari—.

Horregatik, esanguratsua da PSNk esanahi politiko bereziko kargu horretarako proposatzea Arasti. Izan ere, datozen lau urteetan Arastik mahaiaren beste alde politikoan eseri beharko du Nafarroaren interes orokorrak defenditzen. Hitzarmen Ekonomikoaren arduradun politiko gorena izango da, eta finantzari zein zerga autonomiari maiz egiten zaizkien erasoei aurre egitea izango du bere zereginetako bat.

Muñoz eta Txibite

Tabernaz eta Arastiz gain, PSNren kontseilarien artean beste bi politikari berri egongo dira. Batetik, Maria Txibiteren herrikide Oscar Txibite arduratuko da Lurralde Kohesioa Departamentuaz. Carlos Txibite PSNko idazkari nagusi izandakoaren anaia da, eta Maria Txibiteren ahaide urruna bere aita zenaren lehengusu. Aurreko agintaldian, Cintruénigoko PSNko zinegotzi izan zen, eta, orain, bere gain izango du udal politika, obrak eta azpiegiturak eta garraioa.

Bestetik, Amparo Muñoz izango da Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilari. Badu eskarmentua, aurreko lau urteetan Barne zuzendari izan delako Javier Remirezen departamentuan. Atal horretan egon den moldaketan, justizia administrazioaren kudeaketa egokitu zaio, eta presidenteordetza, berriz, Tabernaren gain egongo da. Presidenteorde lehena berdintasun politikez ere arduratuko da. Inbestidura saioan Txibitek nabarmendu zuen «berdintasunaren bandera» astinduko duela gobernuak.

Alta, Nafarroako Berdintasunaren Institutua Begoña Alfaroren departamentuaren egituran egongo da. Zurekin Nafarroako bozeramailea izango da Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilaria. Egunotan ezagutzera eman den lehen izena izan da, baina oraindik berresteko zegoen. Herenegun txiokatu zuen Yolanda Diazek, Sumarreko buruzagiak. Alfaro, halaber, presidenteorde hirugarrena izango da.

Bazkide bakoitzak izango du presidenteordetza bat. Geroa Baikoa Ana Ollo izango da. Herritarrekiko Harremanetako kontseilari izango da, eta bere gain izango du Euskarabidea; aldiz, Bake eta Bizikidetza PSNk kudeatuko du. Osasun kontseilari Fernando Dominguez izango da; Mikel Irujok Garapen Ekonomikoko Departamentuko ardura izango du, eta Jose Mari Aierdik beteko du Itziar Gomezen tokia Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan.

PSNren sailetan ez da beste aldaketarik. Carlos Gimenok zuzenduko du berriro ere Hezkuntza Departamentua, nahiz eta haren kudeaketak kritika ugari piztu. Aurrekoan bezala, Carmen Maezturen esku egongo dira Gizarte Politikak eta Enplegua. Rebeca Esnaolak zuzenduko du Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua. Turismoa tokiz aldatu dute Garapen Ekonomikotik Esnaolaren departamentura.

Azkenik, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala arloaz arduratuko da, aurreko lau urteetan bezala.

Gaur, kargu hartzea

Nafarroako Parlamentuko atarian, Txibiteren kargu-hartze ekitaldia egingo da, 11:30ean. Dena prest dago. Gonbidatuen artean egongo da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.