Departamentuen ardura nork hartuko zuen zehaztea falta zen. Geroa Baik iragan aste amaieran proposatu zituen bereak; Zurekin Nafarroak Begoña Alfaro jarriko du Etxebizitza Gazteria eta Migrazio Politikarako, eta PSNk jada aurreratu du zeintzuk izango diren bere kontseilariak.
Horien artean, lau kide berri daude. Felix Taberna izango da presidenteorde lehena, Javier Remirezen ordez. Gainera, Presidentetza eta Berdintasun departamendua kudeatuko du. Gobernua berrantolatu da, besteak beste, Remirezen departamentua zatitu delako. Tabernak presidentetza izango du, eta Txibitek hainbeste garrantzi emandako berdintasun politikak ere bere gain hartuko ditu. Dena den, INAI Nafarroako Berdintasun Institutua Zurekin Nafarroaren ardurapean izango da.
Taberna Nafarroako Ezker Batuko kide izan zen 1986tik 2010era, eta ardura kargu garrantzitsuak izan zituen. Hamasei urtez parlamentari izan zen, eta 1992tik 2004ra alderdiko koordinatzaile nagusi izan zen. CCOOko ikerketa bulegoan ere aritutakoa da. 2010ean, NEB utzi eta PSNrengana hurreratzeko urratsa egin zuen, eta, orain, ardura politiko handiko kargua izango du gobernuaren barruan, presidenteorde lehen gisa.
Elma Saizek, hitza bete, eta Iruñeko Udalen jarraituko du. Ekonomia eta Ogasun departamentuan berak utzitako hutsunea Jose Luis Arasti milagroarrak hartuko du. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izan da, eta orain, besteak beste, zerga eta aurrekontu politikaz arduratuko da.
Aurreko legealdian, Amparo Lopez izan da Barne zuzendaria Javier Remirezen departamentuan. Orain, Barne, Funtzio Publiko eta Justizia hartu du. Hala, 2015etik 2019ra Maria Jose Beaumontek bere gain izandako lau ataletatik hiru kudeatuko ditu, justizia administrazioaren kudeaketa departamentu horren pean geratu baita —aurreko legealdian Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek kudeatzen zuen arlo hori, Migrazio Politikekin batera.
Gainera, Bernardo Zirizaren ordez, Oscar Txibite arduratuko da Lurralde Kohesioa Departamentuaz. Txibiteren herri berekoa da, eta Cintruenigoko hautetsi izan da lau urteotan. Departamentu garrantzitsua da berea, besteak beste azpiegiturez eta udal politikaz arduratuko delako. Haren pean egongo dira, zehazki, Tokiko Administrazioa, Obra Publikoak eta Azpiegiturak eta Garraioa. Haren zereginetako bat izango da, kasurako, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea.
Gainerakoan, aurreko gobernuaren ildotik jarraituko du PSNk. Carlos Gimenok zuzenduko du berriro ere Hezkuntza Departamentua, nahiz eta haren kudeaketak kritika ugari piztu. Lanbide Heziketa ere bere gain egongo da.
Aurrekoan bezala, Carmen Maezturen esku egongo dira Gizarte Politikak eta Enplegua. Gainera, Nafar Lansare ere haren ardurapean egongo da.
Rebeca Esnaolak zuzenduko du Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua. Hain zuzen ere, turismoa orain arte Geroa Baik kudeatu du Garapen Ekonomikoaren Departamentuan, Maitena Ezkutari etxarriarraren bidez. Arlo hori Esnaolaren esku egongo da orain. Zuzendari guztiak izendatzeke daude.
Azkenik, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala arloaz arduratuko da, aurreko lau urteetan bezala.
Gainerako kontseilariak
Gobernuko kideen artean jakiten lehena Begoña Alfaro izan zen. Bolo-bolo zebilen hura izango zela Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilaria, baina Zurekin Nafarroak baieztatzea falta zen. Atzo bertan, Yolanda Diaz Sumarreko buruzagiak euskaraz txiokatu zuen, eta berretsi egin zuen Alfaroren izena. Halaber, Alfaro izango da presidenteorde hirugarrena. Bazkide bakoitzak izango du presidenteordetza bat.
Oso berri ona da Nafarroak gobernu aurrerakoia izaten jarraitzea eta @AlfaroBego lehendakariordetzatik herritar guztientzat lan egitea.
— Yolanda Díaz (@Yolanda_Diaz_) August 15, 2023
Elkarrizketak eta akordioek bakarrik lortzen dute jendearen bizitza hobetzea. Zorionak, zorte on eta gobernu on.
Geroa Baik, berriz, ostiralean aurreratu zituen bere izen-abizenak. Ana Ollo izango da presidenteorde bigarrena. Aurreko bi legealdietan bezala, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari izango da, eta Euskarabidea egongo da haren ardurapean. Dena den, Bake eta Bizikidetza zuzendaritza PSNk kudeatuko du, azken lau urteetan bezala. Logikaz, Martin Zabalzak errepikatu beharko luke.
Berritasunetako bat izango da Osasun Departamentua kudeatuko duela berriz Geroa Baik. Atzo, Maria Txibitek bereziki zoriondu zuen Santos Indurain, COVID-19ari aurre egitea egokitu baitzaio. Haren lekukoa 2015etik 2019ra Osasun kontseilari izandako Fernando Dominguezek hartuko du. Atzo, behin presidente izendatuta, Txibite solasean izan zen Dominguezekin berarekin, Uxue Barkosekin eta Ana Ollorekin.
Etxebizitza politikak orain Zurekin Nafarroak kudeatuko dituenez, orain arte ardura hori izan duen Jose Mari Aierdik Itziar Gomezen tokia beteko du, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan. Halaber, Garapen Ekonomikoko kontseilari izango da berriz ere Mikel Irujo: besteak beste, industria politikaz eta espezialitate adimentsuko estrategiaz arduratuko da.