Alderdiak

Felipe VI.aren mezua kritikatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Jeltzaleek garaiari egokitzeko eta «nazioen errealitatea» onartzeko deia egin diote. EH Bilduren arabera, berriz, «diskurtsoa deigarriagoa izan da esan ez duenagatik, esan duenagatik baino».

Aitor Esteban, gaur, Sabin Etxean. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 25a
19:28
Entzun

Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabonetako diskurtsoak kritikak eragin ditu Euskal Herrian. EAJk, EH Bilduk eta EP Elkarrekin Podemosek agerraldiak egin dituzte gaur, hitzaldiaren balorazioa egiteko. Besteak beste, Felipe VI.ak Ukrainako gerraz, prezioen igoeraz eta Europako Batasunaren beharrezkotasunaz hitz egin zuen atzo; aipatu zituen bizikidetzaren hondatzea eta instituzioen higadura ere, eta hitz horiek sortu dute iskanbila gehien.

EAJn, Aitor Estebanek egin du agerraldia, Sabin Etxean. Instituzioen higadurari dagokionez, gaitzetsi egin du erregeak erantzukizuna modu orokortuan banatu izana, «inor seinalatu gabe»: «Ez dakigu zehazki zein higaduraz ari den ere; Auzitegi Konstituzionalaren azken aferaz ari den, edo beste zerbaiti buruz».

Hortaz gain, Estebanek esan du Felipe VI.ak erraza duela instituzioen higadura hori eragozten lagundu nahi badu: «Berari dagokiona amai dezala, bederen», adierazi du, monarkiaren aboliziori aipamena eginez. Gogor jardun du erregeak legez duen bortxaezintasunari buruz.

Erregeak hainbat aldiz aipatu zuen Espainiako Konstituzioa bere hitzaldian, eta «espainiarren batasunaren sinbolo» gisa aurkeztu zuen. Estebanek gogorarazi dio konstituzioarekin sekula ados egon ez diren sektore zabalak badaudela, eta «lehen ados zeuden askok» ere gaur egun «zalantzan» jartzen dutela.

Azkenik, gaur egungo garaietara egokitzeko eskatu dio Estebanek Felipe VI.arenari, baita nazioen errealitatea aitortzkoe eta duela urte batzuk Kataluniari buruz egin zuenaren moduko diskurtsorik ez egiteko ere.

Mami gutxi

EH Bilduri dagokionez, Jon Inarrituk egin du balorazioa. Hark azaldu duenez, erregearen diskurtsoa, «beste behin ere», deigarriagoa izan da esan ez duenagatik, esan duenagatik baino: «Ez du hitz egin urteko gertakari larrienen inguruan: Melillako tragedia, Pegasus auzia edota Auzitegi Konstituzionalaren kolpea», salatu du.

«Ikuspuntu independentistatik», Inarrituk azpimarratu du monarkia ez daukatela propiotzat, inposatutako instituzio bat dela, eta demokrazia gehiago lortzeko bide bakarra dela «erakunde anakroniko» horretatik urruntzea.

Gainera, erregearen hitzaldia «bere burua justifikatzeko hitz hutsez betea» izan zen, Inarrituren iritziz. Besteak beste, aipatu du Felipe VI.a ez dela pertsona egokiena instituzioen higaduraz hitz egiteko, «bere etxea duen moduan izanda»: «Urrun izan nahi dute Juan Carlos I.a, baina ez dizkiote tituluak kendu nahi, ezta errege etxetik bota ere», gogorarazi du.

Amaitzeko, adierazi du Espainian ere geroz eta jende gehiagok galdetzen diola bere buruari ea errege batek zertarako balio duen.

Estrategia bat

EPren partez, Roberto Uriartek hitz egin du. Hark esan du erakundeen higadura ez dela «fenomeno meteorologiko bat, estrategia baten parte» baizik: «Erakundeen higadura gertatzen ari da hori hala izateko estrategia bat dagoelako. Horren aurka, garrantzitsua da gobernu koalizioaren eta hura boterera eraman zuten indarren arteko batasuna».

Bestetik, gaitzetsi egin du erregeak ez goraipatu izana Espainiako Gobernuak indarrean jarri dituen neurri sozialak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.