Independentistek Felipe VI.ari ongietorririk egin gabe hasi zen atzo Espainiako Kongresuko legegintzaldi berria, Madrilen. Izan ere, Espainiako erregeak legealdiari hasiera emateko hitzaldia eskaini behar zuela eta, Espainiako Estatuko «subiranista, independentista eta errepublikazaleek» uko egin zioten ekitaldira joateari, eta hori azaltzeko agerraldia egin zuten ordu bat lehenago Espainiako Kongresuko prentsa aretoan. Erregearen eta monarkiaren aurka mintzatu ziren, Ez dugu erregerik. Demokrazia, askatasuna, errepublikak adierazpena irakurrita. Adierazi zuten Espainiako monarkiak eta bere ordezkari nagusi den erregeak ez dituela «ordezkatzen», eta «zilegitasunik» eta «zeregin politikorik» ez diotela aitortzen estatuburuari: «Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoak gaitzetsi egiten du erabat anakronikoa eta frankismoaren oinordekoa den instituzioa».
Madrilen ordezkaritza duten alderdi independentisten ordezkariek hartu zuten hitza: EH Bilduren izenean, Oskar Matute mintzatu zen, euskaraz; katalanez, galizieraz eta gazteleraz ere irakurri zuten adierazpena ERCko Gabriel Rufianek, JxCko Laura Borrasek, CUPeko Mireia Vehik eta BNGko Nestor Regok.
Demokraziaren alde
Espainiako monarkiak haien herrien nahiak zapaltzen dituela salatu zuten alderdi independentistek. «Espainiako batasuna eta legedia inposatzea ditu oinarri, gure herrien eta herritarren eskubide zibil, politiko eta nazionalak ukatuz». Horren adibide jarri zuten, erraterako, 2017ko urriaren 3an Kataluniaren aurka erregeak egindako «diskurtso autoritarioa». Gaitzetsi zutenez, erregeaez dator bat «askatasuna, berdintasuna, demokrazia eta halako balio errepublikanoekin», eta erregeak ordezkatzen dituen balioekin «apurtuz soilik izango da posible benetako demokrazia». Monarkiak haien gain duen boterea ezabatzea galdegin zuten: «Espainiako erregeak eta monarkiak gure parlamentuen, herritarren eta gobernuen aurkako tutoretza alde batera utzi behar dute, horrela bakarrik lortuko direlako herri borondatearen errespetuan, askatasunean eta demokrazian oinarritutako konponbideak».
Felipe VI.aren aurka jo dute independentistek Kongresuan
«Zilegitasunik» eta «zeregin politikorik» ez diote aitortzen EH Bilduk, ERCk, JxCk, CUPek eta BNGk: «Frankismoaren oinordekoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu