Feijooren lehen porrotaren ondoren, Sanchezen inbestidurari begira jarri dira alderdiak

Estebanek esan du datozen egunak «argigarriak» izango direla. EAJk, EH Bilduk eta PSOEk Nuñez Feijooren jarrera kritikatu dute.

Aitor Esteban, Feijooren hitzaldian, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 28a
15:11
Entzun

PPko buru Alberto Nuñez Feijoo Espainiako gobernuburu bihurtzen saiatu zen atzo, baina porrot egin zuen, eta, ezusteko handirik ezean, berdin egingo du biharko saioan ere. Horiek hala, PSOEko idazkari nagusi eta jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidura saioari begira jarri dira jada EAJ, EH Bildu eta PSOE bera, hurrengo egunetan gauzak argituz joango direlakoan.

EAJren eledun Aitor Estebanek ez du baztertzen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro egitea —urtarrilean lirateke—, baina uste du PSOEko idazkari nagusi eta egungo gobernuburu Pedro Sanchez saiatuko dela presidente bihurtzen, nahiz eta ez duen «erraza» izango. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, adierazi du urriko lehen hamabostaldia «argigarria» izango dela inbestidura horri dagokionez.

EH Bilduko Mertxe Aizpurua baikorrago aritu da, Euskadi Irratian. Hark adierazi du sozialistek urria bukatu aurretik egin nahi dutela Sanchezen inbestidura saioa, eta horrek adierazten duela gauzak bide onetik doazela. Halere, azaldu du «arduraz eta zuhurtziaz» jokatzeko garaia dela, batik bat «aukera historiko» hau «eztabaida nazionalari» heltzeko baliatu nahi bada: «Aurreko legealdia aurrerapen sozialena izan bazen, bada garaia zintzilik utzitako auzi bati, lurralde auziari, ausardiaz heltzeko eta eztabaida irekitzeko». Izan ere, uste du euskal herritarren, katalanen eta galiziarren eskaera dela gaiari heltzea, eta PSOE ere horren jakitun dela.

Estebanek ere ez du «zalantzarik»: «lurralde auziaz» hitz egiteko baliatu behar da abagunea, zehazteko nazioek zer leku izan beharko luketen estatuaren barruan, eta hizpidera ekartzeko estatuarekin «harreman berri» bat eratzeko aukera. «Hortik aurrera gai zehatzagoetara bagoaz –erreferendumarenera, esaterako–, halako zerbait ixteak aurrera eraman ezingo lukeen egoera batean jarriko luke PSOE», gehitu du, Kataluniako alderdi independentisten eskaerei so. Izan ere, jeltzaleak azaldu du adi ibili beharko dutela, ea JxCk eta ERCk zer egiten duten.

Amnistiaren gaia jarri dute horiek mahai gainean, baina, era berean, bien arteko hartu-emanak agerikoak dira. ERCko buru Oriol Junquerasek oraintsu adierazi du jada badituztela akordioaren inguruko dokumentuak, baina EAJko diputatuak «zalantzan» jarri ditu adierazpen horiek, JxCren akordio proposamenari aurre hartzeko modua izan daitekeelakoan.

EH Bilduko ordezkariak, berriz, azaldu du Kataluniako alderdi independentisten eta PSOEren arteko negoziazioa «aurreratuta» doala, nahiz eta erantsi duen ez duela «zuzeneko informazio askorik». Koalizio subiranistaren eta sozialisten arteko harremanez, bestalde, adierazi du oraindik ez dela negoziaziorik izan. Halere, azaldu du elkarrizketak izan dituztela «lehendabiziko oinarriak» jartzeko, eta negoziazioa ez dela «hutsetik» hasiko. Beraz, litekeena dela prozesua «azkarra» izatea.

PSOEko diputatu Rafaela Romerok ere amnistiaren gaia izan du hizpide, eta azaldu du sozialistak konstituzioaren barruan sartuko den akordio bat egiteko prest daudela, betiere mahai gainean jartzen diren neurriak ez badira «nazionalistek ez-nazionalistei ezarritako inposizioak». Halere, Radio Euskadin azaldu du lehenik katalanen arteko akordio bat behar dela, ondoren hori Espainiako Gobernuarekin lantzeko: «Sozialistok ez diegu beldurrik neurri demokratikoei, ez diegu beldurrik eskuinei, eta ez diogu beldurrik negoziazioari, akordioari eta bizikidetza eraikitzeari».

Feijoo, «oldarkor»

Nuñez Feijooren inbestidura saioari dagokionez, EAJk, EH Bilduk eta PSOEk antzeko kritikak egin zuten. Romeroren hitzetan, saioa «denbora galtzea» izan da, eta erakutsi du PPko burua ez dela politikari «garbia». Estebanek, berriz, PPko buruari leporatu dio behar baino «oldarkorrago» jokatu izana. «Bere lidergoa indartu nahi izan du PP barruan eta Voxi begira», azaldu du jeltzaleak, baina gehitu jarrera horrek ez diola balio izan popularrari «lagunak» egiteko . Izan ere, Estebanek aurpegiratu dio jeltzaleekin «detaile oso zatarra» eduki zuela, EAJri eta EH Bilduri batera erantzun zielako, eta hitzaldi horretan «mila aldiz» esan zuela EH Bilduk boto gehiago jasoa zuela EAJk baino: «EH Bilduri dezenteko jokoa eman zion, behin eta berriz, elkar elikatzen baitute.

Bide beretik, Aizpuruak ere «ultraeskuinarekin erabat lerrokatuta» ikusi zuen Nuñez Feijoo atzo: «Eraso pertsonalak, irainak eta gezurrak izan ziren PPko buruzagiaren hitzaldi bortitzaren oinarri». Hala, azaldu du PPren eta Voxen artean ez dagoela alderik, nahiz eta PPkoak kontrakoa adierazten saiatu. «Alderdi Popularraren barruko bi arimak orekatzeko saiakera horretan, badirudi ultraeskuinari eta Voxekin dituen lotura horiei men egingo diela erabat», azaldu du, eta gehitu uste duela hori izango dela legealdian hasieran agertuko den PP ere.

Kontrara, Arabako PPko presidente Iñaki Oiartzabalek uste du Nuñez Feijoo «oso ondo» aritu zela saioan, eta «ebidentzian» utzi zuela EAJ, besteak beste. Hala, jeltzaleei leporatu die EAJren hautesle askok ez dutela ulertuko haiek independentistekin bat egin izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.