PPko buru Alberto Nuñez Feijook huts egin zuen Espainiako gobernuburu bihurtzeko lehen saiakeran, herenegun, eta, ezusteko handirik ezean, berdin egingo du gaurko saioan ere. Horiek hala, PSOEko idazkari nagusi eta jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidura saioari begira jarri dira EAJ, EH Bildu eta PSOE bera, datozen egunetan hari lotutakoak argituz joango direlakoan.
EAJren eledun Aitor Estebanek ez du baztertzen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro egitea —urtarrilean lirateke—, baina uste du PSOEko idazkari nagusi eta egungo gobernuburu Pedro Sanchez saiatuko dela presidente bihurtzen, nahiz eta ez duen «erraza» izango. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, adierazi du urriko lehen hamabostaldia «argigarria» izango dela inbestidura horri dagokionez.
EH Bilduko Mertxe Aizpurua baikorrago aritu da, Euskadi Irratian. Hark adierazi du sozialistek urria bukatu aurretik egin nahi dutela Sanchezen inbestidura saioa, eta horrek adierazten duela gauzak bide onetik doazela. Halere, azaldu du «arduraz eta zuhurtziaz» jokatzeko garaia dela, batik bat «aukera historiko» hau «eztabaida nazionalari» heltzeko baliatu nahi bada: «Aurreko legealdia aurrerapen sozialena izan bazen, bada garaia zintzilik utzitako auzi bati, lurralde auziari, ausardiaz heltzeko». Izan ere, uste du euskal herritarren, katalanen eta galiziarren eskaera hori dela, eta PSOE ere horren jakitun dela.
Estebanek ere ez du «zalantzarik»: «lurralde auziaz» aritzeko baliatu behar da abagunea, zehazteko nazioek zer leku izan beharko luketen estatuaren barruan, eta hizpidera ekartzeko estatuarekin «bestelako harreman» bat eratzeko aukera. «Hortik aurrera gai zehatzagoetara bagoaz erreferendumarenera, esaterako, halako zerbait ixteak aurrera eraman ezingo lukeen egoera batean jarriko luke PSOE», gehitu du, Kataluniako independentisten eskaerei so. Izan ere, jeltzaleak azaldu du adi ibili beharko dutela, ea JxCk eta ERCk zer egiten duten.
Kataluniako auziarekin lotutako auzipetuen amnistia jarri dute horiek mahai gainean, baina, era berean, bien arteko hartu-emanak agerikoak dira. ERCko buru Oriol Junquerasek oraintsu adierazi du jada badituztela akordioaren inguruko dokumentuak, baina Estebanek «zalantzan» jarri ditu adierazpen horiek, JxCk egin dezakeen akordio proposamenen bati aurre hartzeko modua izan daitekeelakoan.
EH Bilduko ordezkariak, berriz, azaldu du Kataluniako alderdi independentisten eta PSOEren arteko negoziazioa «aurreratuta» doala, nahiz eta erantsi duen ez duela «zuzeneko informazio askorik». Koalizio subiranistaren eta sozialisten arteko harremanez, bestalde, esan du oraindik ez dela negoziaziorik izan. Azaldu du elkarrizketak izan dituztela «lehendabiziko oinarriak» jartzeko, eta, beraz, negoziazioa ez dela «hutsetik» hasiko, eta litekeena dela prozesua «azkarra» izatea.
PSOEko diputatu Rafaela Romerok ere amnistiaren gaia izan du hizpide, eta azaldu du sozialistak prest daudela konstituzioaren barruan sartuko den akordio bat egiteko, betiere mahai gainean jartzen diren neurriak ez badira «nazionalistek ez-nazionalistei ezarritako inposizioak». Halere, Radio Euskadin azaldu du lehenik katalanen arteko akordio bat behar dela, ondoren hori Espainiako Gobernuarekin lantzeko: «Sozialistok ez diegu beldurrik neurri demokratikoei, ez diegu beldurrik eskuinei, eta ez diogu beldurrik negoziazioari, akordioari eta bizikidetza eraikitzeari».
Feijoo, «oldarkor»
Nuñez Feijooren inbestidura saioari dagokionez, bai EAJk, bai EH Bilduk eta bai PSOEk esan dute PPko liderra Voxekin lerrokatzen saiatu zela hitza hartu zuenetan. Estebanek PPko buruari leporatu dio behar baino «oldarkorrago» jokatu izana, eta aurpegiratu dio jeltzaleekin «detaile oso zatarra» eduki zuela, besteak beste «mila aldiz» esan zuelako EH Bilduk boto gehiago jasoa zuela EAJk baino. Aizpuruak, berriz, esan du litekeena dela legealdiaren hasiera Nuñez Feijooren jarrera horrek markatzea, «PPren bi arimei» erantzuteko asmotan. Romeroren hitzetan, lehen saioak erakutsi zuen PPko burua ez dela politikari «garbia».
Kontrara, Arabako PPko presidente Iñaki Oiartzabalek uste du Nuñez Feijoo «oso ondo» aritu zela saioan, eta «ebidentzian» utzi zuela EAJ, besteak beste.
Feijook porrot egin ostean, Sanchezen inbestidurari so daude alderdiak
Egun «argigarriak» datoz, EAJren ustez. Aizpuruak dio amnistiaren gaia aurreratuta dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu