Heriotza duina. 'Bonnemaison auzia'

«Fede onez» aritu zen eriekin

Nicolas Bonnemaison Baionako medikua errugabe jo dute.Oso gaixo zeuden zazpi pertsona hil izana leporatu zioten, baina legea bete zuen sendagileak, epaimahaiaren arabera.Heriotza duinari buruzko eztabaida indartu egin du epaiak

Bonnemaison sendagilea, atzo, auzitegira iristen, abokatuekin. FRANCK DOLOSOR.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zazpi pertsona hil izanaren akusazioa bizkar gainean zuela sartu zen auzitegira Nicolas Bonnemaison medikua; bere kabuz zazpi gaixo «pozoitu» izana leporatu zioten. Errugabe atera da orain auzitegitik; hiltzeko ez, gaixo horien sufrimendua arintzeko asmoarekin eman zizkien botikak, zinpeko epaimahaiaren arabera. Horrenbestez, asmo txarrez ez, «fede onez» jardun zuen Bonnemaisonek, epaimahaiak dioenez. Hankaz gora bota ditu orain arte sendagilearen aurka hartutako neurriak: medikuntzatik aparte utzita dauka medikuen kolegioak. Prokuradorearen tesia ere hautsi dute: bost urteko kartzela eskatu zuen. Helegitea ezartzeko aukera daukate aldeek oraindik.

Orain bi aste hasi ziren Bonnemaison epaitzen Paueko Krimen Auzitegian. Akusazio eta zigor eskari gogorrak zituen, baina ahultzen joan dira epaiketak aurrera egin ahala. Hasieratik defendatu du medikuak asmo onarekin aritu zela, baina aitortu zuen akaso gauza guztiak behar bezala ez zituela egin, senideei eta beste medikuei ez baitzien abisurik eman. «Ez nuen ezer esan, sendiak errudun ez sentitzeko eta osasun arloko langileen taldea zailtasunetan ez sartzeko». Epaiketan zatituta agertu dira sendiak: batzuek erabat babestu dute Bonnemaisonen jarduna; besteek, berriz, informaziorik eman ez izana egotzi diote.

Zazpi erien sendi batek ere ez du zigorrik eskatu. Bi familia aurkeztu dira epaiketan, baina ez zigorra galdegiteko, Bonnemaisoni kontuak eskatzeko baizik. «Zuei entzunez, pentsatzen ari naiz tronpatu nintzela», esan zien hark, sendi batzuek aurpegiratu ziotelarik informazioa ez ematea.

Baionako ospitalean, larrialdiko zerbitzuan, aritzen zen Bonnemaison. Han bertan aritzen ziren behargin batzuek susmoa hartu zioten, oker ez ote zen aritzen, hilurren zeuden pertsona batzuei hiltzeko moduko tratamendua jartzen ote zien. Gaixoak «pozoitzea» leporatu zioten. Hark, baina, beti ukatu du hori; sufrimendua arintzeko egin zuela esan du.

Gaixoen sufrimendua

Epaiak bat egin du medikuaren lekukotasunarekin. Ohartarazi du kontuan izan behar dela Bonnemaisonen lanaren «testuinguru berezia». Alegia, hilzorian eta sendatu ezinezko gaixotasunekin iristen zitzaizkiola eriak. «Sufritu egiten zuten haren pazienteek, gorputzez eta buruz». Horregatik jarri zien injekzioa, epaimahaiaren arabera. Medikuak berak aitortu zuen ez zituela segitu legeak zehaztutako pauso guztiak; hots, kasu batzuetan ez ziela berririk eman sendiei eta lankideei. Hori horrela izanda ere, epaimahaiak uste du sendagileari ezin zaiola leporatu zazpi gaixoak hil izana. «Ez dago frogatuta hiltzeko asmoarekin jarri zienik injekzioa».

Bonnemaisonen helburua zein zen, hor finkatu da auziaren muina azkenean. Prokuradoreak horra eraman zuen gaia azken ondorioak aurkeztean, herenegun. «Ez zara pozoitzaile bat; ez zara hiltzaile bat», adierazi zion medikuari, baina ohartarazi zuen legea bete gabe aritu zela. «Hiltzea eskatu ez zutenak hil zituen». Tesi hau zuen prokuradoreak, Bonnemaisonentzat zigorra eskatzeko: gaixoak «lokartzeko» botikak, mina arintzekoak, erabili zituen, baina, emeki-emeki beharrean, kolpetik eman zizkien, «bizia bururatzeko». Horregatik, sendagaiak oker erabiltzea egotzi zion.

Jarrera arindu du prokuradoreak epaiketan zehar, hala ere. Biziarteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat epaiketaren hasieran, zazpi lagun hiltzeaz akusatuta; azkenean, baina, bost urtera jaitsi zuen eskaria. Kartzela zigor hori ez zitekeen bete beharrekoa Bonnemaisonentzat, beste deliturik egin ezean, eta mediku aritzeko debekurik ere ez zuen eskatu prokuradoreak. Sendagilearen kalitate profesionala «ukaezina» dela nabarmendu zuen, baina ez zuela behar bezala jokatu kasu horietan. Hala esan zion sendagileari: «Konbikzioz joka dukezu, baina konbikzio hori ez dator bat legeak dioenarekin. Huts egin duen mediku bat zara».

Gobernuaren mezua

Garai berezian iritsi da epaiketa. Frantziako Gobernua aztertzen ari da heriotza duinari buruzko beste lege bat egitea, Francois Hollandek egindako agindu baten ondoren. Bizi testamentuak, bai, araututa daude, baina egin gabe dutenekin nola jokatu, hori falta da ezartzea. Egoera horretan, ausardia eskatu zioten Bonnemaisonen abokatuek epaimahaiari: «Gaur da eguna». Absoluzioaren berri jakinda, «azkarrago joateko» eskatu diote abokatuek gobernuari. Bonnemaisonek berak ez du adierazpenik egin; epaiketa amaitu aurretik, bai, azken hitza baliatu zuen: «Mediku gisa aritu naiz, amaieraren amaierara arte».

Heriotza duinari buruzko eztabaida berriro mahai gainean jarri du auziak, areago ikusita hiru urtez auzibidean egon dela azkenean errugabe jo duten mediku bat. Gobernuak atzo bertan berretsi zuen legea egiteko asmoa, Stephane Le Foll bozeramailearen ahotik: «Ageriago geratu da gure lege esparrua garatu behar dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.