Frankistek berehala hartu zuten Nafarroa 36ko gerran, eta jazarpen bortitza abiatu zuten herri ugaritan. Zerrenda beltz horretan, Sartaguda lehen postuetan da, bere zoritxarrerako. Herri txikia izanik, bertako 86 herritar hil zituzten kide karlistek eta falangistek. Alargunen herria deitu izan diote horregatik, eta, zorigaiztoko gertaera horiek gogoan, han egin zen Memoriaren parkea. Bertan, ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk gaur arratsaldean, eta «euskal Errepublika» aldarrikatu du.
Laura Aznal jatorriz alboko herri batekoa da, Mendabiakoa. Ongi daki zer jazo zen eskualdean duela 89 urte, eta iragana eta oraina lotu nahi izan ditu gaurko ekitaldian. Izan ere, gorantz ari den eskuin muturraren arriskuaz ohartarazi du, baita gerraren danbor hotsez ere. Diskurtso atzerakoiek ziurgabetasuna eragiten dutela azaldu du Aznalek. Horri aurre egiteko herritarrei ziurtasuna eskainiko dien proiektu politiko baten beharra aldarrikatu du, eta «ez munduko eliteek proposatzen duten jarrera militarista hori». EH Bilduren proiektua langile eta herri klaseentzat balio duen euskal Errepublika dela nabarmendu du.
Balio errepublikarrak
Apirilaren 14a Espainiako II. Errepublikaren urteurrena da. Hain justu, errepublika haren aurka altxatu ziren militar kolpistak, Francisco Franco eta Emilio Mola buru zituztela. Aznalek errepublikaren defentsan armak hartu zituzten horiek ekarri ditu gogora. «Egun hau ospatzen dugu askatasunaren, justiziaren eta balio errepublikarren alde bizia eman zutenen oinordeko politikotzat dugulako gure burua», azpimarratu du. Balio horiek berdinzaletasuna, justizia soziala, herrien nortasunarekiko eta erabakitzeko eskubidearekiko errespetua eta arlo publikoaren defentsa dira, besteak beste. «Gernikako seme-alabek eta Sartagudako alargunen bilobok badakigu zer dakarten zigor kolektiboek».
Omenaldia egiteko baliatu dute ekitaldia. EH Bilduko hautetsiek frankistek hildako 86 bizilagunak omendu dituzte. Haiek utzitako ondarea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste dute. «Batzuek jakin zuten justizia sozialaren eta askatasunaren balioak praktika zehatz bihurtzen».