Faxismoaren gorakadari erantzutera dei egin du EHKSk

Goiatxek eta Navarrok adierazi dute beharrezkoa dela joera erreakzionarioei arlo ideologikoan, esparru politikoan eta kalean aurre egitea.

EHKSren ekitaldia, gaur goizean. EHKS
EHKSren ekitaldia, gaur goizean, Donostian. EHKS
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 30a
16:30
Entzun

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak lehentasun gisa ezarri du Europa «gerraren amildegira» eta «estatuen erreforma autoritarioetara» daramaten joera erreakzionarioen gorakadari aurre egitea, eta «maila guztietan» lan egitera dei egin du horretarako. Donostiako Egia auzoan izan den ekitaldian egin dute deia Ander Goiatxe eta Garazi Navarro EHKSko eledunek. Propio egin ere handik, «migranteak eta Kaleko Afari Solidarioak seinalatzeko protesta erreakzionarioen» lekuko izan baitira auzo hartan.

«Hemen elkartu gara adierazteko komunistok lehen lerroan egongo garela gudaren mehatxuaren eta faxismoaren gorakadaren aurrean», adierazi du Goiatxek. Hark azaldu du begi bistakoa dela joera erreakzionarioen eta «faxismo berri baten» gorakada, eta ezinbestekotzat jo du horri erantzutea. Izan ere, EHKSko kideen esanetan, «asko normalizatu» dira eskuin muturreko joerak: «Horren lekuko dira Europa osoan zehar gailentzen ari diren eskuin muturreko alderdi parlamentarioak eta bestelako talde faxisten kaleko aktibitatea eta mobilizazioak».

Halere, urrunago ere jo dute, eta salatu alderdi sozialdemokratak eta zentroko eta eskuineko alderdiak ere arazoaren parte direla. Navarroren hitzetan, alderdi instituzionalek «erreformismotik erreakziora eta faxismora» jo dute: «Eskuin muturreko politikarien eta erreferenteen bitartez, oligarkiak gerra kulturala gauzatzen du langileon aurka, eta sozialdemokraziaren politikek joera hori elikatu besterik ez dute egiten».

«Orain dela urte batzuk arte pentsaezinak ziren diskurtsoak hedatzen ari dira emakumeen, LGTB kolektiboaren eta etorkinen aurka»

GARAZI NAVARROEHKSko eleduna

Are gehiago, gaineratu du Euskal Herria ez dela salbuespen bat, eta horren adibide direla Kaleko Afari Solidarioen aurkako mobilizazioak: «Orain dela urte batzuk arte pentsaezinak ziren diskurtsoak hedatzen ari dira emakumeen, LGTB kolektiboaren eta etorkinen aurka, baita mobilizazioak egiteraino ere».

Horiek hala, EHKSk planteatzen duen erantzunaren xehetasunak eman dituzte bi kideek. Zehazki, EHKSk hiru esparrutan lan egin nahi du: ideologikoa, politikoa eta kalekoa. Lehenari dagokionez, borroka ideologikoaren bidez «eskuin muturraren edukiei eta alderdi erreformisten irakurketei» aurre egin nahi diete.

Arlo politikoan, berriz, Europan «bloke iraultzaile eta antifaxista bat» eraikitzea defendatu dute, eta, horretarako, asmoa dute EHKS langileen interesak instituzioetatik kanpo defendatuko dituen «alderdi iraultzaile» bilakatzeko.

Azkenik, kalean «lehen lerroan» egoteko asmoz, elkarlana sustatu nahi dute langile klaseko mugimenduen artean, baita mobilizazio handiak antolatu ere: «Argi izan dezagun: eskuin muturrari eta faxismoari ez zaie kalean antolatzen utzi behar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.