Nafarroako Ernaik mobilizazio eguna antolatu du datorren urriaren 12an. Euskal Herria antifaxista eraikitzera lelopean, Tafallara bertaratzeko deia egin diote euskal gazteriari. Manifestazioarekin batera, hainbat kontzertu egingo dira —hala nola Las Beiku, Amaiur eta Aritz, Indabe eta Suizidio Kolektibo taldeekin—. Goizane Vegas Nafarroako Ernaiko kideak (Lizarra, 2000) haren arrazoiak azaldu ditu: «Espainolismoaren normalizaziorako eguna da Hispanitatearena, baina guretzat borroka eguna da. Argi utzi nahi dugu hemen herri bat dagoela, ez garela espainolak, eta ez dugula ezer ospatzeko».
Uste duzu espainiartasuna areagotzen ari dela Nafarroan eta Euskal Herrian oro har?
Espainolismoak Euskal Herrian eragiten du, eta haren makineria guztia martxan jartzen du herri oso baten kontra. Argi ikusten dira espainolismoaren eta faxismoaren gorakadaren zantzuak, eta nola elkar ukitzen duten. Adibide bat jartzearren: iaz, amnistia legearen kontrako mobilizazioek Nafarroan ere izan zuten bere lekua, eta Iruñean ikusi genituen frankismoarekin lotutako leloak.
Bateragarriak al dira espainiartasuna eta faxismoa? Zergatik?
Argi dugu gauza desberdinak direla, baina Euskal Herrian faxismoak hartzen dituen formetako bat da espainolismoa. Krisi testuinguru gordinean eta aldaketa anitz eta aurrerakoietako garai batean murgilduta gaude. Horren aurrean sistema heteropatriarkal kapitalistak aktibatzen duen tresna da faxismoa, esateko ez dagoela krisirik. Helduleku bat eskaintzen dio jendearen beldurrari. Fokua jarri beharrean sistema kolonialista eta kapitalistari, beste ideia bat zabaltzen du: langile migratuek kentzen digutela. Euskal Herrian, berriz, zer gertatzen da? Ezker independentismoak badu norabide argi bat. Geroz eta argiago dago independentzia dela etorkizun bizigarri bat eraikitzeko tresna bakarra, eta ezker independentismoa lehian dago hegemonia politiko sozialari dagokionez. Hala, bi ardatz horiek Euskal Herrian lurreratuta, faxismoaren gorakada pasatuko da euskalduntasuna ukatzetik. Horregatik diot elkar ukitzen dutela.
Zer beste zantzu ikusi dituzue?
Behin eta berriz azpimarratu nahi izan dugu Tuteran gertatutakoa. Jaietan zezen plazan gazteriak Cara al sol kantatu zuen, eta Alejandro Toquero alkateak horrekiko kontrako jarrerarik ez zuen hartu. Gerora, adierazi zuen kontrako zerbait dela Euskal Herria, ikurrina beste erkidego baten ikurra dela, eta berdin zaiola Tuteran ikur faxista horiek azaltzea.
Sare sozialetan zabaldu dituzue migrazioaren aurka Toquerok berak egindako adierazpenak. UPNko presidenteorde da, eta horrek aditzera ematen du eskuineko alderdiak eskuin muturraren mezua bere egin duela?
Bai, guztiz. Erregimenak bere burua mehatxatuta ikusten du ezker independentismoak emandako aurrerapauso guztien aurrean, eta Nafarroan UPNk funtsezko rola jokatzen du. Estrategia zera da, Nafarroa zatitzea eta Nafarroa hegoaldea Espainiara eta eskuinera hurbiltzea, euskarafobia sustatuz, migrazioaren aurkako mezu arrazistak eginez…
EHUko irakaslearen aferak zer erakutsi du?
Faxismoaren eta eskuin muturraren normalizazioaren testuinguru batean gertatu da. EHUko ikasleek adierazi dute hori badela onartu ezin daitekeen zerbait, unibertsitate publiko batean balio erreakzionarioek ez dutela tokirik. Horregatik erantzuteko beharra eta zilegitasuna ikusi dute.
«Estrategia zera da, Nafarroa zatitzea eta Nafarroa hegoaldea Espainiara eta eskuinera hurbiltzea, euskarafobia sustatuz»
Eskuin muturrak apurka gero eta ordezkaritza handiagoa du Euskal Herrian. Zeren ondorio da?
Gure mugez harago ematen ari da eskuin muturraren gorakada: ez da bloke oso bat nazioartean, baina badu norabide komun bat. Eskuin muturra irabazten ari da nonahi, bozketetan eta hegemonia kulturalean. Euskal Herrian horrek guztiak badu eragin argi bat, baina aldi berean gertatzen ari dira beste tokietan gertatzen ez diren anomaliak. Euskal Herriak faxismoari aurre egiteko antigorputz antifaxistak ditu. Aurre egiten zaio fronte guztietatik. Ez dira ideia kultural batzuk soilik. Euskal Herrian bagaude antolatuta, herri mugimenduek eragindako balio komunitarioek hesi bat sortzen dute. Norabide berean, baditugu ezkerreko komunikabideak faxismoari ateak ixteko, badugu ordezkaritza instituzional bat ere...
Antigorputzak nola daude gazteen artean?
Gazteria independentistak eraikitzen du bestelako fronte bat faxismoaren aurka. Garrantzitsua da azpimarratzea antifaxistok ez garela bloke homogeneo bat. Borroka askotatik aktibatzen da. Agian gaizki esana da, baina antifaxiston artean badaude klaseak. Hau da, gazte arrazializatuek borroka antirrazista gauzatzen dute, baina horrek ez du esan nahi gazte zuriok zapalkuntzarik ez diogunik eragiten gazte arrazializatuei. Honekin esan nahi dut gazte antifaxistak ez garela bloke homogeneo bat. Esango nuke gazteok badugula abangoardia moduko bat osatua, baina ulertu behar dugu borroka anitzetatik aktibatzen dela.
Urriaren 12ko mobilizazioak zertarako balioko du? Borroka hori indartu behar da?
Bada aukera bat espainolismoaren gotorleku den horretan borroka eguna planteatzeko eta argi uzteko hemen herri bat dagoela eta herri hau antifaxista dela. Nafarroan kokatu nahi izan dugu. Horrek ez du esan nahi faxismoak eta espainolismoak ez duenik eragiten Euskal Herri osoan, baina modus operandi jakin bat du leku bakoitzean, eta Nafarroan zatiketan oinarritzen da.
Urriaren 12tik aurrera zer egiteko asmoa duzue?
Independentzia erdigunean jartzen jarraitu nahi dugu, geroz eta gazte independentista gehiago bilduz eta printzipioz bat eginez independentziaren dinamikarekin bestelako urratsak egiteko.