Hirugarren fasea amaitu eta normaltasun berrira pasatzeko erabakia hartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Hirugarren fasea gainditutzat jo du; ez, ordea, birusa. "Birusa oraindik gurekin dago". Halaxe da: kopuru txikian bada ere, koronabirusak kutsatutako kasu berriak agertzen ari dira oraindik. Gaur beste 15 kasu zenbatu dituzte Euskal Herrian (atzo baino bost gehiago). Bi Araban, zazpi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta bost Nafarroan. Era sakabanatuan agertzen ari dira, birusa desagertu ez delako seinale. Nafarroan, azken lau egunetan bi kasu baino ez dira agertu, baina gaur bost batera.
Hildako bakarra izan da azken orduetan (EAEn). Gaurkoarekin, 2.131 heriotza erregistratu dira koronabisuaren gaitzarekin lotuta. Izandako heriotza kopurua argi mintzo da gaixotasunaren larritasunaz. Era berean, ospitaleratze berriak —gaur hiru, denak EAEn— geratzeak oroitarazten du kasu gutxi izan arren ondorio larriak izan ditzakeela birusaz kutsatzeak. Zaintza intentsiboetarako unitateetan 17 pertsona daude (atzo baino bi gutxiago).
Normaltasun berriaren araudia. Eusko Jaurlaritzak "araudi propio bat" ezarriko du Osasun sailburuaren agindu baten bidez. Mugikortasuna normaldukoa da, baina mugak ez dira desagertuko. Adibidez, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da gune itxietan eta garraio publikoan; pertsonen arteko distantziak metro eta erdikoa izan beharko du; leku itxiak gehienez %60 bete ahalko dira; kultur jarduera gehienetan eserita egon beharko da; kirol ikuskizunetan %60ko gehienezko edukiera egongo da, eta gehienez mila lagun egon ahalko dira... Nafarroako Gobernua bere araudia prestatzen ari da datorren astelehenetik aurrera indarrean sartzeko.
Harrera protokoloa. Ipar Euskal Herriko ikastetxeetako harrera protokoloa arindu du Frantziako Gobernuak. Segurtasun eta higiene neurriak erraztu dituzte, ikasle guztien harrera bermatzeko. Astelehenetik aurrera, ikasle guztiek itzuli beharko dute ikasgeletara, lizeoetakoek izan ezik.
Alemaniako agerraldia. Alemaniako ipar-mendebaldeko Gutersloh hiriko hiltegi batean agerraldi handi bat izan da bertako langileen artean. 983 proba egin eta 657 kutsatu atzeman dituzte atzo gauera arte. Hiltegia itxi dute; langileekin harremana izandakoek berrogeialdia egin beharko dute, eta eskolak eta haurtzandegiak itxi dituzte. Baina, oraingoz, ez dute itxialdia ezarri.
Agian honek ere merezi du
Agurtzeko eskubidea. Heriotza uholde bat izan da koronabirusaren garaian. Baina heriotzaren inguruko baldintzak bereziak izan dira: gertukoen urruntzea, bakardadea, ezin agurtzea... Gaia bi ikuspegi ezberdinetatik jorratzeko, bi pertsona elkartu ditu BERRIAk: batetik, Jon Mirena Landa legelaria, izurriaren aste zailenetan ama galdu zuena, eta, bestetik, Izaskun Andonegi zaintza aringarrietako erizaina. Besteak beste, hurkoei agur esateko eskubideaz mintzatu dira biak, Arantza Iraolak gidatutako online elkarrizketan.
Basoen kontrola. WWF talde ekologistak basoen egoera aztertu du zenbait herrialdetan, eta egiaztatu du deforestazioa %150 handitu dela koronabirusaren garaian. Horren atzean, basoen kontrola arindu izana dagoela uste du WWFek. Talde batzuek larrialdi egoera baliatu dute baso eremu zabaletan legez kontrako jarduerak areagotzeko. Marylandeko Unibertsitatearen satelite irudiak aztertu ditu, eta orotara 654.000 hektarea baso suntsitu direla salatu du. Daturik kezkagarrienak Hego Amerikako herrialdeeenak dira. Bolivian eta Perun seikoztu egin da deforestazioa, eta Argentinan eta Kolonbian, laukoiztu.