AZPIEGITURAK

Fase erabakigarria

Udaberrian ekingo zaie AP-1 autobidearen zati guztien lanei; Arrasate-Eskoriatza eta Luku-Etxabarri Dibina hasi gabe dira

GASTEIZ
2005eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Viasa sozietateak gaur emango ditu Araban obretan ez dagoen AP-1en zati bakarraren lanak; Luku-Etxabarri Dibina da, eta, Arabako Foru Aldundiaren arabera, martxoan hasiko dira lanak.

Gipuzkoan, berriz, Arrasate-Eskoriatza zatia da lanak hasi gabe dituen zati bakarra, baina urte berriarekin batera, lehendabiziko lanak egingo direla ziurtatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Era horretara, 2006ko udaberria hasterako, hasita izango dira AP-1 (Eibar-Gasteiz) autobidearen zati guztien lanak. Hortik aurrera, azpiegituraren eraikuntzak azken txanpari ekin beharko dio, zati guztiak 2007. urteko abendurako amaitzea aurreikuspena besterik ez baita.«Aurreikuspenak betetzen ari dira, eta, bai, eutsi egiten diogu 2007ko amaierako epe-mugari», baieztatu du Gipuzkoako Diputazioak. Arlabango tunel luzea, Arabaren eta Gipuzkoaren arteko mugan, «nahiko ondo» doala erantsi zuten: «3,5 kilometroko tunel bat egiteak dituen zailtasunak daude, baina ezer berezirik ez».

AP-1 autobidea N-1en alternatiba izan liteke

Eibar-Gasteiz «azpiegitura estrategikotzat» hartu dute Arabako zein Gipuzkoako aldundiek: Arabari lotura azkarra ekarriko diolako Gipuzkoarekin, eta, alderantziz, Deba eskualdeari Gasteizera ordu laurden batean joan ahal izatea ahalbidetuko diolako.

Baina, gainera, Gipuzkoako erakundeek espero dute gaur egun N-1ek jasaten duen auto kopuru handia murriztea behin Eibar-Gasteiz abian jarrita. «AP-1ekin kamioiek N-1en alternatiba izango dute, eta asko arinduko du N-1a», adierazi zion Berriari Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatu Javier Zuriarrainek aurtengo uztailean egindako elkarrizketan.

Gaur egun autobidea soilik zabalik dago Eibartik Arrasaterako zatietan; obretan daude, berriz, Luku-Arlaban zatian Araban eta Eskoriatza-Arlaban zatian Gipuzkoan. Mendilerro hori da, hain zuzen, azpiegiturak gainditu behar duen oztoporik zailena.

Viasa sozietateak gaur jakinaraziko du zein enpresari emango dion Luku-Etxebarri Dibina zatia. Obren aurrekontua 34,9 milioi eurokoa da eta 11 enpresa aurkeztu dira lehiaketara. Arabako Foru Aldundiak ez du uste zati horren lanek arazorik emango dutenik.

 

«Lur-jausien arriskuaz ohartarazi duen lana gutxietsi du Bidegik»





Erakundeen jokabidea gaitzetsi du Eskoriatzako Kaltetuen Elkarteak

L.K.G. - GASTEIZ

«Gipuzkoan dirua aurreztea hobesten ari dira segurtasunaren eta ingurumenaren begirunearen gainetik». Salaketa hori plazaratu zuen atzo Eskoriatzako (Gipuzkoa) Kaltetuen Elkarteak, AP-1en eraikuntza dela eta.

Pedro Lasagabaster eledunak Bidegiri (azpiegituraz arduratzen den foru sozietate publikoa) leporatu zion «autobidean lur-jausien arriskua dagoela dioen azterketa geoteknikoa gutxiestea».Elkarteak helegitea aurkeztu zuen aipatu txostenean oinarrituta, baina epaileak obrari segida ematea ebatzi zuen. Lasagabasterren hitzetan, epaileak argudiatu zuen «oso garestia» izango litzatekeela lanak geldiaraztea errekurtsoak eskatutako zatietan.Eskoriatzako herritarren ustez, deliberatutakoa «eskandalu publiko larria» da: «Erabateko babesgabetasunean gaudela sentitzen dugu».

Berriak iritzia eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari, baina prentsa taldeak baztertu du kaltetuekin «jendaurreko ika-mikan» ibiltzea.Kaltetuen Elkartea kexu da erakundeen jokabidearekin. Bidegiko buru Nestor Aranak Eskoriatzako alkatearekin izandako harremanetan «nagusikeriaz» jokatu duela uste du. Arana solaskidea ez izateko eskatu du.2004. urte amaieratik Bidegik ez duela hitza bete salatu du. Elkarteak erakundeak behartu nahi ditu Eskoriatzan azpiegituraren eragina gutxiagotzeko neurri batzuk ezartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.