Anaiz Funosas. Bake Bideako presidentea

«Fase berri baten abiapuntua da»

Egun osoko mobilizazioa antolatu dute bakegileek, bihar, Ipar Euskal Herrian zehar. Baionako suprefetura aitzinean bildu nahi dituzte herritarrak, Frantziari «aski» dela adierazteko.

BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Anaiz Funosasek (1979, Hazparne, Lapurdi) Euskal Herriko gatazkaren konponbidean engaiatua. Azken urteetan izandako lorpenak baloratzen baditu ere, blokeo egoera gainditzeko etapa berri batera pasatzeko beharra azpimarratu du.

Hiru urte Frantziako Justizia ministerioarekin elkarrizketak hasi zirela.

Salbuespen neurrien deuseztapena lortzeko joan ginen. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza anizkuna osatu genuen, hautetsi eta gizarte zibileko arduradunekin. Hurbilketen eremuan bide bat egitera iritsi gara nahiz eta emazteentzat ez den aterabide onargarririk atzeman, eta DPS estatutuetan ere ez dugu osoki lortu. Baina hor iritsi gara blokeo inportante batera. Baldintzapeko askatasunei dagokienez, ez dugu lortu presoak bide horretatik atera daitezen. Hala ere, garapen bat izan da. Duela hiru urte Jon Kepa Paroten eskaera lehen instantzian ukatu zuten; orain, lehen instantzian onartzen dute, eta, gainera, auzitegi horrek berme gisa hartzen du hemen egina izan den bide guzia, Frederic Haranburu Xistorren kasuan, bake prozesu bat badela aktatzeraino.

Fiskaltza antiterrorista jarri duzue jomugan.

Logika antiterroristak izan duen garapena da. Azken urteetan gero eta indar handiagoa hartu du, fiskaltza antiterrorista sortzeraino. Bide honetan harresi bat bilakatu da, aldi oro, legearen baitan egin daitekeena deusezten baitu.

Gogoeta Eguna egin zenuten orain dela urte bat.

2019ko azaroaren 2an, ehun eta piko pertsona bildu ginen: norbanako, hautetsi, eragile... Lehen helburua zen bilan bat eskaintzea, ordezkaritzak ikusten zuelako blokeo inportante baten aitzinean ginela, eta horrek bake prozesuaren garapenean arazo handia ekarrko zuela. Eskema berretsi genuen: bide orri konpartitua, ordezkaritza anizkuna eta gizarte zibil aktibo bat. Blokeoa aurreikusi genuen, eta araberako ildoa egokitu genuen. Onartu zen presoen auzia konpondu gabe ezin dela biderik egin. Esnal, Parot eta Haranbururen kasuen inguruan indarrak artikulatzea erabaki genuen, eta helburu gisajartzea; etapa berrira eramango gaituen hozka izatea.

Ondoko mobilizazioak antolatu zenituzten.

Urtarrileko manifestazioan hiru lurraldeetako hautetsiak mobilizatu ziren, eta kontzientzia hartze bat sentitu genuen haien aldetik: aski dela, ezin dela horrela segitu, mendekutik ez goazela inora eta arduratsu izan behar garela.

2014ko Baionako adierazpena da gaur egun ere bide orria?

Bai. Gero, hor ere argi da egokitu behar dela. Garaian, oraindik negoziazio eskema tradizional batean kokatzen zen. Orduan, ariketa zen irudikatzea zein izan behar zen agenda politikoa ETAren eta Frantziaren arteko negoziazioan, eta adostasunak lortzea garapen horretan. Bide orri hori beti egokia da, baina orain horren garapena Ipar Euskal Herriko gehiengo horren gain da. Orain guri dagokigu ikustea zer lortu den eta zer ez, eta hori nola berritzen den.

Zein da gaur egun presondegietako egoera?

Oraindik salbuespen neurrietan kokatzen den egoera. Muturreko egoerak sortzen dituena. Maluruski, Igor Gonzalez Solaren heriotza bizi behar izan dugu. Ez bagara salbuespen egoera horietatik ateratzen, horrelako dramak bizitzera, onartzera eta kudeatzera ekarriko gaitu, eta ez da onargarria. Ez zen onargarri lehen, baina orain are gutxiago. Noiz aktatzen da egin den bide guzia? Bidea egin baita! COVID-19ak ere agerian utzi du, bai estatu batean bai bestean. Gauza asko egin zitezkeen, eta ez dira egin.

Kezkatzen zaitu?

Noski. Eta kezka ardura bilakatzen da. Ezin da hori denboran segitu, eta behar dugu denek eragin. Mekanismoak eta elkarguneak aurkitu behar ditugu, honi itzulia emateko.

Aktatzera zoazte bide juridikoak ahituak direla. Etapa bat bukatu da?

Bide juridikoak ez dira ahituak, baina bada oztopo inportante bat, eta hori politikoki konpondu daiteke. Etapa politiko batean sartzen gara. Irailaren 24ean Jakes Esnalen dei auziaren erabakia emanen dute, eta Xistor Haranbururen dei auzia izanen da. Horretan jokatuko da zer borondate politiko dagoen. Behin eta berriz justiziaren independentzia jartzen digute mahai gainean, baina ministroak publikoki dio gauzak oso hierarkizatuak direla, eta beraiek erabakitzen dutela politika penala. Egin dezatela politika penala! Eta Frantziako presidenteak ardurak har ditzala.

Orain arte ere landu duzue bide politikoa. Zer da berritasuna?

Aldatuko dena da presidenteari eskatuko zaiola egoera desblokeatzeko. Orain arte ministerioarekin ari ginen, bide horretatik egiten ahal zelako. Orain, ohartzen gara ministerioan ez dela aitzinatzen ahal. Baina ezin da, goian ez delako erabakirik hartu. Horretara eraman behar ditugu, ordezkaritzatik eta gizarte zibilaren aktibaziotik.

Manifestazioak, masa mobilizazioak... aski ote dira bi gobernuak mugiarazteko?

Horrekin bakarrik ez da aski. Guk beti defendatu dugu eskemen osagarritasuna, eta ildo ezberdinen aktibazioa. Gu horretan sinetsiak gara. Anitzetan erran izan digute: «Manifa bat gehiago». Guretzat ez da sekulan bat gehiago; aldi oro kokatzen dugu irakurketa baten eta momentu baten baitan. Ezinbestekoa da adieraztea hemen badela borondate bat. Karrika atxiki, eta karrikan atxiki. Egunerokoak egiten du bakoitza bere egunerokoari lotzen dela, eta COVID-19ak ere uste dut maila horretan asko irakatsi digula. Salbuespen egoera batean errazki ahazten ahal dira funtsezkoak diren gaiak. Beraz, bai, hori bakarrik ez da aski, baina hori gabe ezin da.

Nola iraganen da biharko eguna? Zer helburu ditu?

Helburu nagusia da aski dela erratea, eta hemen ez dugula onartuko bide erdian gelditzea. Ipar Euskal Herri osoan jendea mobilizatzera eraman nahi dugu.Alarma jarri nahi dugu; urgentzia erakutsi. Herri bakoitzak bere programa du goizean; gero, autokarabana bat abiatuko da hiru zutabetan 14:30ean Baionako suprefeturan elkartzeko. Jendea bildu nahi dugu Frantziako Estatuak ikus dezan zer den hemen jendeak nahi duena. Egunaren inflexio puntua hor izanen da.

Zer urrats aurreikusten duzue ondotik?

Zehazten ari gara, bai mobilizazio aldetik, baita ordezkaritzak eraman beharreko lan lerroari dagokionez. Frantziako Justizia ministerioan saio bat aurreikusia dugu, oraindik datarik finkatu ez badugu ere. Hor ikusiko dugu zertan garen zinez. Baina, biharkoa, mobilizazio fase berri baten abiapuntua izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.