Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak joan den astean iragarri zuen hiru euskal preso Euskal Herriratu eta beste lau gerturatuko zituztela; mugimendu horiekin, Madrildik hegoalderako kartzeletan ez da euskal presorik egongo, eta Sare plataformak eta Foro Sozial Iraunkorrak bat egin zuten diagnostikoan: espetxe politikaren norabide berrian lehen fasearen amaiera irudikatzen dute lekualdaketa horiek, eta bigarrenaren etapa bati ireki behar diote atea.
Lehen fasearen balorazio positiboa egin du Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak ere. Balorazio baikorra, Patricia Velez bozeramailearen esanetan: «Azken hilabeteetan Levanteko, Andaluziako eta Galiziako espetxeak hustea lortu dugulako, eta, garrantzitsua dena halaber, lehen gradua bukatu delako». Aurrerapausoak agerikoak dira, Velezen iritziz: «Aurreratu dugu, ezin dugulako ahaztu Pedro Sanchez Espainiako Gobernura iritsi zenean eta salbuespeneko espetxe legeria bukatzeko asmoa iragarri zuenean zortzi urteko immobilismo izugarritik gentozela. Guztion artean lortu dugu hori mugitzea, gizarte guztiaren aldarrikapena izan delako».
Haatik, ohartarazi du gaur egungo jokalekua ere ez dela legerian jasotakoa: «Legeak gomendatzen du presoek errotuta dauden lekuan betetzea beren zigorra, eta ez dugu ulertzen zergatik oraindik ere ez dauden Euskal Herriko espetxeetan. Egia da hemeretzi espetxe itxi ditugula, baina egia da oraindik Euskal Herri inguruko hamabost kartzelatan sakabanatuta daudela». Izan ere, ulergaitza zaie «Hego Euskal Herriko presondegietan lekua izanda zergatik egiten den eskalonatze hau. Ukaezina da ez dela gauza bera Jaenera edo Burgosera joatea, baina oraindik ez da 'zero kilometro'». Izan ere, datuak argiak dira: oraindik 45 preso daude 300 kilometro baino urrunago, eta horietatik bost, 600 kilometro baino harago. «Oraindik Aranjuezen badaude presoak; joan-etorrian, mila kilometro baino gehiago dira. Villabona, Estremera... Horiek dispertsioaren diseinuan egon dira beti. Oraindik geratzen zaigu, Euskal Herriratzeko eta geratzen diren korapilo guztiak askatzeko», dio Velezek.
«Arrastorik ez»
Mayi Ugartemendiak nabaritu du aldea; Beñat Aginagalde semea Dueñasen dauka preso, sorterritik 300 bat kilometrora, baina Jaenen zegoen lehen, 720ra: «Askoz lasaiago gaude orain. Ez dakit zein zen urruntzearen asmoa, baina guk ez dugu bakarrik utzi. Ez du zerikusirik asteburuero joan-etorrian 1.600 kilometro egiteak, edo 600 kilometro egiteak. Lasaitasun handia hartu dugu».
Orain arte eginiko bidea eta lorturiko adostasunak goraipatu ditu Velezek: «Honaino heldu gara eragile politikoekin eta sindikatuekin izugarrizko kontsentsuak lortu direlako; jakin dugu gizarteratzen arazoa gizarte osoarena zela, eta zenbait gauza konpondu beharrekoak direla gatazkaren ondorioak ondo ixteko eta berriro gerta ez dadin». Zentzu horretan, uste du «lehen pausoa» urrunketa amaitzea dela, baina «gizarte gisa, garrantzitsua» iruditzen zaio «salbuespen legeriaren arrastorik ez geratzea».
Hortaz, bigarren faseak eduki beharreko ezaugarriak aletu ditu Velezek: inguruko kartzeletatik Euskal Herrikoetara ekartzea, baina baita presoei «ibilbide juridiko-penitentziarioa normaltasunez egiten uztea ere, edozein presori bezala. Gradu progresioak eta baimenak: horiek ez dira opariak, eskubideak dira». Gaineratu du presoak bide bat egiten ari direla kartzeletan: «Bakoitzak bere ibilbideari buruzko testu bat egin du, enpatia agertzen». Era berean, ohartarazi du «oraindik ere salbuespenarekin lotura daukaten egoerak» daudela, eta gogorarazi larunbatean ibilaldi bat antolatu dutela Baionatik Donibane Lohizunera, Jon Kepa Parot, Unai Parot eta Jakes Esnalen kasuak salatzeko. 30 urte baino gehiago daramatzate giltzapetuta; baita Joseba Arregi ere, 73 urteko presoa.
Beste «erronka» batzuk ere oroitu ditu Velezek: gaur egun, gaixo dauden presoak hemeretzi dira, eta 70 urtetik gorakoak, bederatzi; 28ek kalean beharko lukete espetxe legeria arrunta aplikatuz gero. Badira askatu beharreko korapilo gehiago; bat, 7/2003 Legea: «Malgutasun batera iritsi beharko gara interpretazioan». Eta bi, zigorren metaketaren ondorioz delitu beragatik zigorra bi bider betetzen ari direnen kasua: «50 preso egoera horretan daude Espainiako Estatuan. Horri guztiari irtenbidea ematen ez badiogu, hemendik 40 urtera presoak egongo dira oraindik espetxean, eta bizikidetzarako, ez dugu uste horrek inolako ekarpenik egiten duenik». Edonola ere, mobilizatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du: Etxerat-ek udako ohiko hitzorduari eutsiko dio, eta abuztuaren 1ean mobilizazioak egingo ditu hondartzetan.
Bidean ezagutuak
Espetxe politikaren hilabeteotako aldaketek eragina izan dute beste arlo batean ere: presoei bisitan joateko bidaia luzeak egiten zituzten senide eta lagunek jada ez dute itzuli beharko bidean ezagutu dituzten hotel eta errepideko ostatuetara; eteten ari da urteetan izandako harremana. Velezek urteak eman ditu astero-astero 11 furgoneta eta auto- busetako bidaiak antolatzen, senide eta lagunak Andaluziara joan zitezen. Orain, ostatu eman izan dieten hoteletara hots egiten ari da, jakinarazteko jada ez direla joango. «Harreman bat sortu da; esaten diedanean ez garela itzuliko, zera diote: 'Hau pena, baina pozten naiz zuengatik, beti plazera izan delako zuek hartzea'».
«Urte asko izan dira», dio Ugartemendiak. Andaluzian izan da oporretan, eta itzuleran, Jaendik igarotzean, kafe bat hartzera geratu zen kartzelara joaten zireneneko ostatu berean: «Oso pozik hartu gintuzten; gonbidatu egin gintuzten. Bilobaz galdetu zidaten; jaio zenetik ezagutzen dute, hilero joaten baitzen».