Irizpidea aldatu du Nafarroako Gobernuak: aurrerantzean, COVID-19an positibo eman eta gaixo agiria behar dutenei emaitza berresteko proba egingo die Osasunbideak, baita botiketan erositako antigeno testetan positibo emandakoei ere. Asteartetik aurrera sartuko da indarrean neurri berria. Kutsatzeen goraldi betean izaten ari diren gaixo agiri ugarien kudeaketa aztertzeko, presazko bilera egin zuten atzo Osasun eta Ekonomia eta Enpresa Garapenerako departamentuek, eta erabakiaren berri eman zioten Osasun Publikoko Institutuari.
«Farmazietako autodiagnostikoak orokortzearekin batera, gaixo agiri asko automatikoki tramitatzen ari ziren, eta horrek kezka eragin du enpresen artean», esan du Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Lan eta Enpresa Politiketako zuzendari nagusiak.
Hala, hemendik aurrera, farmazietako proban positibo eman eta gaixo agiria behar dutenek online jakinarazi beharko diote Osasunbideari, [email protected] helbidera mezu bat bidalita, eta hor zehaztu beharko dute gaixo agiria behar dutela. Osasunbideak datuak eskatuko dizkie, eta emaitza berresteko probarako ordua emango die.
Hezkuntza Departamentuak ere aldaketa bat iragarri zuen atzo: ikasgeletako positiboei buruzko «komunikazioa azkartzeko», horien «jakinarazpen automatiko» bat igorriko diete familiei; halakoak jasotzeko, sailaren Educa webgunean izena eman behar dute sendiek.
Seigarren olatuaren goraldiaren ondorioz erabaki zuten protokoloak aldatzea; besteak beste, farmazietako antigeno testei PCRen balio bera emanez. Orain, administrazioek uste dute transmisioaren kurbak goia jo duela: egunetik egunera apaltzen hasi dira positiboak, baina, era berean, protokolo berrien ondorioz, test gutxiago egiten eta jakinarazten dira. Hortaz, olatuaren benetako tamaina zein den asmatu ezinik daude oraindik agintariak.
Nafarroan, 2.254 positibo atzeman zituzten ostegunean, 5.148 proba egin ostean: positibo tasa %43,8koa da. Gainera, gobernuak jakinarazi du bi pertsona hil zirela herenegun. Atzemandako positiboak bezperakoak baino gutxiago dira (2.674 kasu detektatu zituzten asteazkenean), baina test kopurua ere apalagoa da, asteazkenean 5.910 PCR eta antigeno test zenbatu baitziren Nafarroan, ostegunean baino 762 gehiago. Edonola ere, beheranzko joera baten hasiera nabari da: asteartean, 2.999 positibo atzeman zituzten, eta astelehenean, 3.507.
Transmisio datuek apaltzea marrazten badute ere, ospitaleen egoerari buruzkoek panorama beltza erakusten dute oraindik: ostegunean hamabost lagun ospitaleratu zituzten Nafarroan; hiru, ZIUetan. Oraintxe, 260 paziente daude herrialdean ospitaleratuta, eta 38 ZIUetan.
Ikastolak, zehaztasun eske
Hain zuzen, protokoloetan aurrera-atzera ez ibiltzeko galdegin die Ikastolen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: «Zehatz ditzatela ikastetxeetan ezarri beharreko behin betiko protokoloak, eta ez dezatela COVID-19 kasuen kudeaketa hezkuntza komunitatearen bizkar utzi». Ikastolen Elkarteak salatu du kasuen goraldiaren ondorioz ikastetxeak «ez dagozkien ardurak» hartzen ari direla.
Koronabirusa
Farmaziako test bat ez da nahikoa izanen Nafarroan gaixo agiria tramitatzeko
Osasun Departamentuak irizpidea aldatu du, presazko bilera baten ostean. Eskoletan «jakinarazpen automatiko bat» abiatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu