Sendagaiak falta dira Euskal Herriko hainbat farmaziatan. Hala ohartarazi dute sendagaigileen elkargoek. Estibaliz Goienetxea Gipuzkoako Sendagaigileen Elkargoko zuzendari teknikoak jakinarazi du hornidurarik eza mundu mailakoa dela, industria farmazeutikoak sendagai batzuk ez dituelako banatzen arrazoi ekonomiko eta produkzio arrazoiengatik. Baina Bizkaiko Sendagaigileen Elkargoko zuzendari tekniko Juan del Arcok esan du arazoak sortzen dituzten botika gehienak «zorionez» sendagai generikoekin ordezka daitezkeela, eta azpimarratu du «lasaitasun mezu bat» bidali behar dela. Europako Sendagaien Agentziak gida bat aurkeztu du hornidurarik eza kudeatzeko.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2018an 884 medikamentu izan ziren faltan, 2017an baino %20 gehiago. Goienetxeak adierazi du, hala ere, sendagaien hornidurak gorabeherak izaten dituela: «Gorabehera asko daude, eta gerta liteke aste honetan arazorik ez izatea eta datorren astean sendagairik gabe egotea». Del Arcok esan du 500 erreferentziatik gora falta direla. «Erreferentzia, ez sendagaia», nabarmendu du. Erreferentzia markaren araberakoa da, eta sendagaia printzipio aktiboa. Izan liteke sendagai berarekin hainbat erreferentzia izatea; duela hilabete batzuk, Dalsy jarabearekin arazoak izan zituzten farmazietan, baina ibuprofeno sendagaia eskuragarri zegoen, beste formatu eta aurkezpen batzuekin.
Ordezkaezinen arazoa
Gipuzkoa bakarrik kontuan hartuta, gaur egun, erreferentzien %5ek sortzen dituzte hornidura arazoak, Goienetxearen arabera. Arrazoi nagusiak dira enpresen etekina eta produkzioa. Ekoizpenaren harira, Del Arcok azaldu du farmazia industria gaur egun «enpresa bakarraren edo pare baten menpe» dagoela eta, beraz, arazorik izanez gero, merkatua substantzia kimikorik gabe geratzen dela. Gipuzkoako Sendagaigileen Elkargoarentzat «kezkagarria» dena, baina, arrazoi ekonomikoengatik sorturiko hornidurarik eza da; enpresa askok nahiago dute garestiago saltzen den herrialdeetan saldu produktua, etekin ekonomiko handiagoa lortzeko. Hego Euskal Herrian sendagai kronikoak «oso merkeak» dira, Del Arcok azaldu duenez.
Ipar Euskal Herrianere nabaria da arazoa, hala baitaramate hainbat urtez; maiatzean kortikoideen falta salatu zuten hainbat farmaziatan. Sendagai hori alergiak eragiten duen erreakzioa baretzeko erabiltzen da, besteak beste. Frantziako Osasun ministroak adierazi duenez, 2008an hasi zen arazoa, eta 11 urte daramatzate erabaki eraginkorrik gabe. Arrazoiak berberak dira: interes pribatuak eta ekoizpen arazoak.
Hiru taldetan bana daitezke falta diren sendagaiak: ordezkagarriak, ordezkaezinak, eta tratamendua aldatuz gero har daitezkeenak. Trankimazin, adibidez, ordezkagarria da; hau da, bada ordezko generikorik, eta, markaz aldatuz gero, sendagaiak eragin bera dauka gaixoaren gorputzean. Ordezkaezina da, aldiz, Kreonsendagaia. Gipuzkoako Sendagaigileen Elkargoak dio horren hornidurarik eza «arazo larria» izan litekeela, pankreako gutxiegitasuna dutenentzat erabiltzen baita: «oso unitate gutxi iristen dira». Horregatik, Del Arcoren esanetan, «kontrol zorrotza» daramate farmazietan, benetan behar dutenek bakarrik eskura dezaten. Azkenik, badira ordezkagarriak diren baina medikuaren onespena eta tratamendu aldaketa behar duten botikak; farmazialariek ezin dute produktu baliokiderik saldu medikuaren baimenik gabe. Apocard sendagaiaren kasua da hori; arritmiak kontrolatzeko erabiltzen den botikarik ospetsuena da. Juan Del Arcok adierazi du elkargoak «arau hori berrikuskatzeko» eskatu duela, farmazialariek antzeko botika saltzeko aukera izan dezaten.
Gipuzkoako Sendagaigileen Elkargoak azaldu duenez, 2019ko lehenengo sei hilabeteetako egoera «ez da hobetu»; Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzarekin lanean ari dira irtenbide bat aurkitzeko asmoz. Bitartean Osakidetzako farmazialari, ikuskatzaile eta banatzaileen artean erabiltzeko sistema bat sortu dutela jakinarazi du Goienetxeak, arazorik izanez gero zein botika lor dezaketen jakiteko. Del Arcok azaldu du Espainiako Osasun Ministerioaren «konpetentzia» dela sendagaien banaketa, eta erantzukizun zuzena duela industria farmazeutikoak: «Hornidurarik ezaren arazoa ez da konponduko farmazia industrian sortzen diren ika-mikak konpondu ezean».
Gaixoen baldintzak okertzeaz gain, osasun sistemak ere okerrera egiten du egoera honetan: sendagairik ez duen gaixoa medikuarenera bueltatzen da erantzun bila, eta osasun zerbitzuen eskaria handitu eta gaixoen mesfidantza areagotzen du. Europako Sendagaien Agentziak martxan jarri du horri aurre egiteko lantalde bat; oraingoz, gida bat aurkeztu du, komunikazioa errazte aldera.
Farmaziak, botikekin estu
Farmaziek hainbat urte daramate hornidura arazoekin; enpresen interesek eta ekoizpen arrazoiek eragiten dute egoera hori, batik bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu