UXUE APAOLAZA

Familia

2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Seietan sartu gara Irungo Ficoban, hitzordua baino ordu erdi lehenago: «Aukeratu zuk eserlekua». Atzeko ilaran (atzean ez da oso atzean), pasillo ondoan, atrilaren ikuspegi onarekin. Momentuz, lekukoak: soul leuna, eta txokolategi on bateko publikoa, Irungo señorak, eta senarren bat. Gaztetxoak zaharrez jantzita, zaharrak gazte ustez. Enkontru asko, familiei buruzkoak, aspaldikoak, uste nuenak, espero dut-ak. Gure ondokoak altxatu egin dira, eta adineko bikote bati lekua utzi. «Berandu hasiko gara». Militanteak kamerekin enkuadreak, paseilloak entseatzen; bat, behin eta bitan, gure ondoan. Aurkezpen eta kamerarik gabe, baina denbora guztian bat aldean balerama bezala, Rafaela Romero. Bakeroak, erremangatuta, kirol zapatila zuriak, jertse fin urdina eta kolore bereko txaketa ilunagoa. Makillajea ere urdin. Eroso batetik bestera. Berarekin bermuta hartzeko gogoa ematen du. «Hasi da antzerkia?», «Gaizki azaldu dizut», «Hasi da?».

Eneko Andueza eta Pedro Sanchez, kanpainako mitin batean, Irunen. JUAN HERRERO / FEE
Eneko Andueza eta Pedro Sanchez, kanpainako mitin batean, Irunen. JUAN HERRERO / FEE

Irribarretsuegi, aurpegi ezagun gehiago: Gasco, Gil, Arrue, eta Laborda alkateari besotik helduta, «Cristina!», andre bat, eskatzen zerbait, zerbait, ezer ez daukaten zaharrentzat, «bingo bat-edo». «Aire libreko dantza programak jarriko ditugu», Zapateroren aurretik hitz egin behar duen Irungo alkateak, eta ondotik Miguel Angel Paezek, momentuz zinegotziak, ea parlamentariak, «Nola zauden!», andreari, «Ba ez duzu dantzan ikusi!» Labordak. Argazkia.

Rafaela Romerok, bigarren ilaran eseri, eta perfumatu du bere burua.

Ikusleak askotarikotzen. Gonbidatuak atzeratzen. «Nor dator gaur?» galdetu du umearen ondoko andreak: «Zapatero». Azalpenak: esfortzu handia, jendea bazter askotara mugitu behar, gaur hona, Gasteizera bihar, etzi Santurtzira, «asteburua gazteentzat». Kartelak jartzeko berrikuntzak, espraiak betiko kolaren ordez, paradigma aldaketa bat. «Non zaudete eserita?», «Ni Bizkaiarekin», elkarri leku bila. Gu onenetan. Rafaela Romero balkoikoekin berriketan, nahiko oihuka txokolategi baterako. Krisia; lehen lerroan leku bat libre, boluntario bat!, neska bat korrika, poltsari helduta. Bat-batean jende asko, berandu, Irunera sartzea ezinezkoa omen delako, «PNVk abandonatuta gauzka!», «zergatik ez da Irungo sarreretan inbertitzen?», eta aulki gutxi. Goian, esan dute, goian badaudela, ez dut zertan mugitu, hasieratik ikusi naute, ez didate entusiasmo mailagatik galdetu, askotan sartu dut boligrafoa ahoan.

Hogei minutuko atzerapena, EAJren erruz

Musika aldatu, eta topera jarri dute. Umeak, burua pantailatik altxatu gabe, besoak jaso eta txalo jo du indartsu. «Ez, guk ez». Eta lehen hizlariak, kameren probek adierazi bezala, nire ondo-ondotik atera dira. «Ez da horietako antzerki bat». «Bale. Zer da». «Iragarki luze bat». Gure ondoko matrimonioa ez da ausartzen gure aurrean jartzen, eta gorputza oker-okertuta hurbiltzen dira, ahalik eta gehien, pasillora. Denak zutik, telefonoa eskutan, guganantz. Ez da hain leku egokia. Ez dut desatsegina izan nahi, baina ezin naiz mugitu, umearekin ez. Badatoz: ausartu da andrea gure aurretik pasatzen. Besarkatu ditu gaurko izarra, Zapatero, eta, semea balitz bezala, Andueza. Arratsaldeko momentu klimatikoa. Besarkada horietan irakurri behar nituzke mezu guztiak. Ezin diot umeari azaldu. Besarkada horietan laburtzen dela dena.

Hasi da antzerkia, iragarki luzea, beste guztiak zentzua izan dezan; esfortzuak, kohesioak, familiak, «dantzan ikusiko bazenu»-ak, aulkiak beteta, hutsunerik gabe, Zapateroren eta nire ondoko emakumearen besarkadak.

Elebakarra banintz ez nuke esateko gehiegi izango hizlariez. Ez nintzateke enteratuko Irunera sartzeko dagoen saltsaz ere. Lehenengo, lekuko artistak: Laborda eta Itxaso. Labordari sinesten zaio, sinestuna dirudielako, buruaz baieztatzen du hitzez esana. Itxasok denon senidea dirudi. Eta nahikoa, egin zezakeen dena euskaraz, gehienek ezer ez ulertuta ere (dena ulertzen ari ziren elebakarrek), inor ez litzateke kexatuko.

Arratsalde osoan esaldi baliagarri bakarra, hemengo kanpainarekin zerikusirik ez duena, baina eduki behar lukeena edukitzen ari dena baino gehiago. Zapaterok esan du. «Palestinak estatu bat merezi du». Berez, kamera bati hori esan, eta buka zitekeen dena.

Hemen dago ZP hura, hemen Patxi Lopez, hemen Zapateroren «Jesus Egiguren maitea» (ohartu gabe nengoen) txaloak besoak gurutzatuta rapero keinuz jasoz. «Apezpiku itxura hartzen ari zara», txantxa egin du Espainiako presidente izanak. Egigureni zerbaitek ez dio grazia egiten aspaldi. Nire iruditerian Patxi Lopez beti trenean ageri da, edo eskailera batzuk jaisten New Yorken. Horrek ere txantxa bat zirudien, eta ez zuen graziarik egiten. Rubalcaba falta da txistea osatu, eta Egiguren barrez lehertzeko.

Rafaela Romerok hasi du txaloa Zapaterok feminismoaz hitz egin duenean

Eneko Andueza. Txalo, zutik. Baina ikusiko dute bihar Gasteizen, gero Santurtzin, eta beste hainbat lekutan, gauza bera esaten, «nazionalismoaren alternatiba ezin da izan nazionalismo gehiago, nazionalismoaren alternatiba ezin da izan…». Rafaela Romerok, etxeko sofan balego bezala, elkarrizketa bat dauka keinuka burua biratzen duen Zapaterorekin. Lehen militanteekin bezala. Zapaterok begiaz keinu egin dio. Berak ere Romerorekin hartuko lituzke bermutak, ziur. Andueza esanez ez duela arazorik emango, zentratua dela, pragmatikoa: dena mahukak jasota, eta entusiasmoz. Jatorra da.

Zortziak eta hamar inguru. «Ama, bukatu da», eskutik tiraka. Atzera begira noa. Selfien momentua da. Gure ondoko matrimonioa Alfonso Gilen argazki bat erakusten ari zaio Alfonso Gili. Aurrekoren batekoa. Trenean, askotariko adinetako señorak Zapaterorena komentatzen. Rafaela Romero emakume pare batekin, eta Egiguren pareko aulkian. Errekalden jaitsi naiz. «Utzi, lehenengo, andreari jaisten», gaztelaniaz hori ere, señora, ni ere. Kanpainak antzerkiak dira, iragarki luzeak, baina ez. Kanpainak, agian, ez dira boto emaile arruntentzat. Guri dena mezak iruditzen zaizkigu. «Eta zertarako da meza?».

 

mitina

  • Alderdia. PSE. 
  • Hizlariak. Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaia eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua.
  • Lekua. Irungo Ficoban.
  • Eguna. Apirilak 5.
  • Ordua. 18:30ak

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.