Asteon da urtemuga: Hegoaldean eutanasiak egiteko modua ematen duen legeak hiru urte egin ditu indarrean. Nafarroako Gobernuak orain dela aste batzuk atera zuen zerbitzu horri buruzko datuak ezagutarazteko txostena, eta jakinarazi zuen 2023an Nafarroan hamar eutanasia egin zirela denera. Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen txostenaren hainbat datu ezagunak ziren, baina asteon kaleratu dute iazko txostena. Hor jasota dagoenez, iaz 45 eutanasia egin ziren. Aurreko urteetako txostenetan emandako datuak aintzat hartuta, urteotan 110 eutanasia egin dira denera Hegoaldean. Datuetan xerka, bada bat deigarria: eskabideen ardura dutenak familia medikuak dira usuen. Nafarroako azken datuen arabera, mediku arduradun denak izan ziren espezialitate horretakoak. Jaurlaritzaren datuetan, %51.
Eskabideen asistentzia eremua aztertuta ere, agerikoa da lehen mailako arretaren pisua. Iaz, esaterako, eskabideen %46,8 abiatu ziren eremu horretan, %37 ospitaleetan, %16 eremu soziosanitarioan. Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearen txostenean badira datu esanguratsu gehiago ulertzeko eutanasiak zer-nolako bilakaera izan duen orain arte osasun sistemetan. Aldagai soziodemografikoei begira, esaterako. Iaz eskabideen %65,5 emakumeek egin zituzten, eta eskabideen guztizkoari lotutako batez besteko edadea, horra: 69 urte. Eskabideak eragiten dituzten prozesu klinikoei buruzko argibideak ere badira: kasuen %42 prozesu neurologikoak izan ziren , %31 onkologikoak eta %27 bestelakoak.
Onartu gabeak
Eskeen eta egiten diren eutanasien artean bada aldea. Urtero gertatzen da. Iaz Hegoaldean 86 eskari egin ziren orotara, eta 55 eutanasia. Jaurlaritzaren txostenean jasota dago hamar eskakizun baztertu zirela. Nafarroan, lau. Hamalau paziente hil ziren prozesua martxan zela.
datua
%17,7Aldez aurreko borondateen agirien bidez. Eutanasiaren Legeak modua ematen du eutanasia eskabideak aurretiazko borondateen agirien bidez abiarazteko, baina halakoak ez dira oso sarritan izaten. Osasun Sailaren arabera, adibidez, iaz kasuen %17,7 abiatu ziren horrela.