Familia bat etxegabetu dute Bilboko San Frantzisko auzoan

Ertzainak oldartu egin zaizkie kaleratzea oztopatzera joandakoei. AZET etxebizitza sindikatuak salatu du familia «iruzur baten biktima» izan dela.

Elkarretaratzea egin dute etxegabetzea gauzatu nahi zuten lekuan. AZET
Elkarretaratzea egin dute etxegabetzea gauzatu nahi zuten lekuan. AZET
gotzon hermosilla
2024ko abenduaren 9a
11:30
Entzun

AZET etxebizitza sindikatuak salatu duenez, etxegabetze bat egin dute Bailen kalean, Bilboko San Frantzisko auzoan. Kaleratu duten familian bi adingabe daude; bat, 4 urtekoa, eta bestea, hilabete gutxikoa. Familiako kideak alokatutako etxebizitza batean bizi ziren, eta, sindikatuak salatu duenez, «iruzur baten biktima» izan dira eta «euren burua defendatu ezinik» daude.

Udaltzainak eta ertzainak bertaratu dira; orotara, zazpi auto. Epaitegiko ordezkariak ere iritsi dira, eta, AZETek sare sozialetan adierazi duenez, sindikatuko kideen asmoa zen haiekin irtenbide bat negoziatzen saiatzea, baina ertzainak bertaratutakoei oldartu zaizkie, eta azkenean etxebizitzara sartzea lortu dute.

AZETek BERRIAri azaldu dionez, kaleratutako familia migratua da, eta «alokatutako etxebizitzak beste batzuei alokatuz negozioa egiten duen espekulatzaile baten iruzurra» jasan du. Joan den astean, epaitegiko ordezkariek jakinarazi zieten kaleratu egingo zituztela, eta gaur arteko epea eman zieten. Geroztik, sindikatuko kideak saiatu dira bide judizialetik kaleratzea geldiarazten, baina ez dute lortu.

Udalarekin ere harremanetan jarri ziren, eta, salatu dutenez, ez diote familiari «irtenbide duinik» eskaini, baina, modu ofizialean izan ez bazen ere, hotel bateko gelan hartzeko aukera aipatu zuten udal zerbitzuek atzo. Sindikatukoek oraindik ez dakite eskaintza hori gauzatuko ote den.

Gaur arratsalderako mobilizazioak iragarri ditu etxebizitza sindikatuak. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Mariaren Bihotza plazatik, kaleratzea salatu eta familiarentzat «alternatiba duin eta egonkorra» eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.