Familia baten etxegabetzea geldiaraztea lortu dute Burlatan

Emakume bat eta haren bost seme-alabak kaleratu nahi zituzten. Elkarretaratzea egin dute etxearen aurrean, eta etxegabetzea atzeratzea lortu, segizio judizialarekin negoziatuta.

Etxegabetzea galarazteko elkarretaratzea egiten ari dira. GEDAR
Etxegabetzea galarazteko elkarretaratzea egiten ari dira. GEDAR
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 30a
10:45
Entzun

Burlatan (Nafarroa) egitekoa zen etxegabetzea geldiaraztea lortu dute. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Kontseilu Sozialistak adierazi dutenez, bertaratu den segizio judizialarekin negoziatu dute, eta, oraingoz, etxegabetzea atzeratzea lortu.

Familia bat etxegabetu nahi zuten Burlatan: indarkeria matxistaren biktima izan den emakume bat eta haren bost seme-alabak; seme-alabetatik hiru adingabeak dira. Etxebizitza Sindikatuak azaldutakoaren arabera, 12 urte eman dituzte alokatutako etxebizitza batean bizitzen, baina senar ohia gaur egun ez denez han bizi, ez dituzte maiztertzat hartu, eta ez diete aplikatu etxegabetzeen kontrako moratoria.

Etxearen jabeak senar ohiaren senitartekoak dira, eta, Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, senar ohiak hori baliatu du presioa egin eta familia kanporatzeko. «Hainbat frogak erakusten dute bazegoela alokairu kontratu informal bat, baina epaileak ez ditu aintzat hartu nahi izan zantzu horiek», azaldu dutenez.

Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak salatu dute erakundeek ez diotela familiari «inolako irtenbiderik» eskaintzen, eta «erabat babesgabe» utzi dutela.

Elkarretaratze baterako deialdia egina zuten etxegabetzea geldiarazten saiatzeko. Goiz-goizetik, hainbat lagun elkartu dira Burlatako Basilio Armendariz kaleko 6. zenbakira. Udaltzainek itxita eduki dute kalea. Segizio judiziala 10:00etan joatekoa zen, eta, agertu denean, harekin negoziatu, eta kaleratzea atzeratzea adostu dute.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ontzat jo du atzerapena, eta erantsi «borroka kolektiboaren aldi baterako garaipena» izan dela gertatutakoa: «Urrats garrantzitsua da, baina borrokan jarraituko dugu emakume hau eta haren familia kalean gera ez daitezen». Haien iritziz, frogatuta geratu da «antolakuntzak eta gizarte presioak benetako eragina» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.