Facebookeko eta Instagrameko kontuak itxi dizkiotela salatu du Arnaldo Otegik

"Julen Madariagaren heriotzaz idazteagatik" 24 orduz kontuak itxi dizkiotela esan du Twitterren.

Arnaldo Otegi, agerraldi batean. DAVID AGUILA, EFE
2021eko apirilaren 6a
19:43
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak salatu duenez, Facebookek eta Instagramek sare sozial horietan dituen kontuak itxi dizkiote 24 orduz, gaur goizean Julen Madariagaren heriotzean argitaratu dituen mezuengatik. Orain bi kontuak ikusgai baditu ere, ez dira ageri Madariagaz argitaratutako mezuak, ezabatu egin dizkiotelako, BERRIAri jakinarazi dionez. Mezu bera idatzi du Twitterren, baina sare sozial horretan bere horretan daude bai mezua, baita kontua ere.

Facebookek eta Instagramek zentsuratu dizkioten mezuetan Otegik nabarmendu du, ETAko sortzailea eta HBko eta Aralarreko kidea izateaz gain, "abertzalea eta gure herriaren askatasunarekin konprometitua" izan zela Madariaga. Senide eta lagunei doluminak eman ondoren, "irabazi arte", esanez amaitzen ziren Otegik idatzitako mezuak.

Twitterren eman du Otegik zentsuraren berri.

Julen Madariaga gaur goizean hil da. ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta, 1990eko hamarkadan erakunde armatutik urrundu bazen ere, frankismoaren kontra gazte talde hark egin zuen jauzia gogoratu dute askok gaur.

Irakurri gehiago:Martxelo Otamendi Egigurenen analisia: Madariagaren belaunaldia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.