EAJren lurralde zuzendaritzak berritzeko barne prozesua aurrera doa, eta, bigarren itzuliari begira, Arabak eskuratu du arreta berezia. Bihartik aurrera, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohia ABBko presidente Jose Antonio Susok proposatutako ordezko ofizialarekin lehiatuko da, Jone Berriozabal Berdintasuneko foru diputatuarekin. Berriozabalek afiliatuen botoen %80 bildu zituen batzokietan, lehen hautespen aldian, baina Urtaranek lehiakide sendo baten traza hartu du, zenbait militante historikoren babesa jaso eta gero. Haren aldeko gutun bat sinatu dute, esaterako, Arabako ahaldun nagusi ohi Juan Mari Ollorak, Gasteizko alkate ohi Jose Angel Cuerdak eta Barne sailburu ohi Estefania Beltran de Herediak.
Nolanahi ere, Araba ez da lurralde bakarra proposamen ofizialez besteko hautagaiekin, baina han dago aukera gehien hautagai alternatibo batek aurrera egin dezan zuzendaritzek finkatutako bidetik kanpo. Bizkaian, David Salinas-Armendariz BBBk proposatutako hautagaiarekin lehiatuko da bigarren hautespen aldian, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari ohi Iñigo Ansolarekin. Oso zaila ematen du, ordea, Salinas-Armendarizek Ansolari itzala egiteko gai izatea; izan ere, hautagai ofiziala Uri Erakunde guztietan gailendu zen, bitan izan ezik.
Bada, ordea, Araban eta Bizkaian erabakigarria gerta daitekeen aldagai bat: parte hartzea. Batzoki askotan inoizko parte hartze apalenetakoak izan dituzte prozesuaren lehen hautespen aldian, akaso azken hauteskunde emaitza txarrek utzitako ondorio gisa. Orain, berriz, Aberri Berne eta Zaingo Bartzordeak hautagai bi lehian daudela ofizial egin eta gero, ikusteko dago Araba eta Bizkaiko afiliatu gehiagok erabakiko ote duten batzokietara joan eta botoa ematea.
Antxustegiren adibidea
Ezaguna da Arabako EAJn bi ildo politiko daudela aspaldian, eta horrek baldintzatu egiten duela zuzendaritza berritzeko prozesua. 2012an, Xabier Agirrek hartu zuen Iñaki Gerenabarrenaren lekukoa ABBren buruzagitzan, eta, modu horretan, berritzaileen taldea ildo subiranistenari gailendu zitzaion. Gorka Urtaran ildo kritiko horren hautagai bilakatu da orain, nahiz eta ez den nabarmendu talde horren kide gisa. Edonola ere, urte askoan zokoraturik egon diren subiranistagoei hauspoa emateko aukera dute oinarriek.
Ezin da ahaztu, gainera, egungo Eusko Legebiltzarreko bozeramaile jeltzale Joseba Diez Antxustegiren kasua. EAJren oinarriek Diez Antxustegi aukeratu zuten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Arabako zerrendaburu izateko, eta izendapena ezustean iritsi zen, haren izena ez baitzen agertzen EBB Euzkadi Buru Batzarrak aurrez proposatutako zerrendan. Alegia, ezin da baztertu Arabako afiliatuek ezuste gehiago ematea, baina hori bigarren hautespen aldiak argitu beharko du, bihartik aurrera.
Diez Antxustegi ezustean aukeratu zuten Arabako zerrendaburu izateko bozetan, haren izena ez baitzen agertzen EBBren zerrendan. Ezin da baztertu Arabako afiliatuek ezuste gehiago ematea.
Gipuzkoan hautagai bakarra egongo da bigarren itzulian, GBBko presidente Joseba Egibarren bedeinkapenak jaso zituena, hark kargua utziko zuela berretsi zuen egunean: Maria Eugenia Arrizabalaga. Beraz, GBBko presidente berria izango da Zumaiako alkate ohi eta egungo Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledun jeltzalea, azaroaren 24a baino lehen Herrialde Batzarrak gehiengo osoz bozkatzen duenean.
Goia eta Lasaren ukoak
Gipuzkoako prozesuan, ordea, ez da dena joan GBBk aldez aurretik finkatutako bidetik. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Imanol Lasak uko egin zioten, aurreko astean, GBBko presidentetzarako lehian egoteari. Baina eskubide hori bazuten biek ala biek, lehen hautespen aldian eskuratu zutenez, eta uko horiek iritsi arte —batez ere Goiarena— tentsio iturri izan dira. Lasak prozesuan jarraituko du, baina soilik burukide izateko. Modu horretan, Gipuzkoako jeltzaleek kohesio irudia islatu dute, hautagai bakarra aurkeztuta bigarren itzulirako. Nolanahi ere, ikusteko dago Arrizabalaga buru izango duen jatorrizko zerrendan aldaketak egon direnetz.
Nafarroan, bestalde, ez dira ezusteak egon, eta hautagai bakarraren alde baino ezingo dute bozkatu oinarriek, Unai Hualde egungo NBBko presidentearen alde. Hualde 2015etik da NBBko buru; Manu Aierdiren lekukoa hartu zuen orduan, eta, gaur egun, Nafarroako jeltzaleen buruzagi izateaz gain, Nafarroako Parlamentuko presidente ere bada.
Azkenik, BERRIAk jakinarazi zuen moduan, Peio Etxelekuk ez du jarraituko Ipar Buru Batzarreko lehendakari gisa. Donazaharreko (Nafarroa Beherea) politikaria 2026ko herriko hauteskundeei begira hasia dago. EAJk ez ditu afiliatu asko-askorik Ipar Euskal Herrian, eta bigarren hautespen aldia hasten denean jakingo da zein den IBB buru izateko hautagaia.