Azken hauteskunde zikloaren ostean, EAJk eutsi egin dio erakunde nagusietako ia botere guztiari, PSE-EErekin egindako itunari esker, eta PPren funtsezko botei esker Gipuzkoan eta Gasteizen, baina aldagai horrek ez du modurik eman jeltzaleek barne prozesu lasaia izateko. Bukatu berriak dira lurralde zuzendaritzak berritzeko lehen hautespen aldiak, eta batzokietan egindako lehen itzuli horrek espero ziren baino ezuste gehiago eragin ditu alderdiaren barruan. ABB, BBB eta GBB berritzeko hautagai ofizialekin batera beste batzuen izenak ere azaleratu dira, eta bigarren hautespen aldia iritsi arte, hau da, azaroaren 7ra arte ez da argituko alternatiba horietako batzuk benetan lehiatuko ote diren egungo zuzendaritzen hautagaiekin. Nafarroa da salbuespena ur nahasi horretan. NBBrako hautagai bakarra azaldu da lehen itzulian: Unai Hualde. Ipar Buru Batzarrean, berriz, segurua da erreleboa izango dela, BERRIAk gaur esklusiban kontatzen duenez, orain arteko buru Peio Etxelekuri egindako elkarrizketaren bidez.
Horiek horrela, Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak hautagaiak onartu beharko ditu orain, lurralde bakoitzean zerrenda orokorrak egin, eta Uri Erakundeetara igorri. Prozesua aurrera doa, baina dagoeneko agerikoa da EAJk 2023ko eta 2024ko bozetarako lau deialdietan boto asko galdu izanak zer-nolako arrastoa utzi duen. Urte askoan jeltzaleek izan duten nagusitasun politikoa ezbaian egoteak ez du laguntzen barne prozesuak zuzendaritzek markatutako bidetik joan daitezen. Parte hartzeari ere ez dio laguntzen, batzoki batzuetan ikusi denez.
Edonola ere, lurralde batetik bestera nabarmen aldatzen dira lehia horien aukerak azken faseari dagokionez; izan ere, Araban bi ildo politiko oso argi daude lehian aspaldian, eta ABBko presidente Jose Antonio Susok berak aitortu du hori hala dela. Ezin da jakin bigarren hautespen aldia hasterako nolabaiteko akordioa egingo duten ala ez, baina ezin da baztertu lehia hori prozesuaren azken faseraino iristea, eta Susoren lekukoa hartzeko zuzendaritzaren hautagaiak, hau da, Jone Berriozabalek aurrez aurre edukitzea Gorka Urtaran, ustez ildo kritikoaren hautagaia dena.
Gipuzkoan, berriz, esan daiteke ezuste garrantzitsua dela egungo GBBko presidente Joseba Egibarrek ahoz izendatutako oinordekoaz gain (Maria Eugenia Arrizabalaga) beste izen bat azaleratu izana: Eneko Goia. Lurralde horretan ez dira ageri gaur egun ildo politiko desberdinak, Juan Maria Juaristi Zeler-en garaian gertatu zen antzera. Batera edo bestera, Goia hautagai izateko aukera hori tentsio iturri izango da GBBren prozesuan, harik eta Donostiako alkateak argitu arte zer asmo duen.
Halaber, BBBren prozesuan bi zerrenda azaleratu dira egungo presidente Itxaso Atutxaren lekukoa hartzeko: zuzendaritzaren hautagaiarena, Iñigo Ansolarena, batetik, eta kritikoena, hau da, David Salinas Armendarizena, bestetik. Atutxak gaur arte kudeatu duen ofizialtasunarekin gustura ez daudenek bigarren hautespen aldira eramango dute lehia, seguruenera; baina, edonola ere, datozen egunetan argituko da azken fasean zerrenda bateraturik dagoen ala ez, eta, egotekotan, zer lurraldetan.
Lurralde zuzendaritzen prozesuak amaitzean ekingo dio EAJk EBB berritzeari. Orduan jakinaraziko du Andoni Ortuzar alderdiko egungo presidenteak jarraitzeko asmoa duen ala ez, eta, hortaz, hautagai izango den. Esana du erabakia hartua duela, baina irailaz geroztik denbora irabazten ari da lurralde zuzendaritzak nola geratzen diren ikusi arte. San Sebastian eguna aipatu du haren erabakiaren berri zabaltzeko egun gisa, urtarrilaren 20a. Martxoaren 29ko eta 30eko Batzar Nagusian izendatuko dute EBBren presidentea, Donostian.
Araba
ABBko presidente Susok berak onartu du lehen hautespen aldia abiatu berritan: Arabako EAJn dauden bi ildo politikoen lehiak baldintzatu egiten du zuzendaritza berritzeko prozesua. 2012an, Xabier Agirrek hartu zuen Iñaki Gerenabarrenaren lekukoa ABBren buruzagitzan, eta, modu horretan, berritzaileen taldea ildo subiranistenari gailendu zitzaion. Ordutik, Egibarren ildoarekin bat datorren korrontea zokoraturik egon da Araban; baina, lehen hautespen aldian, Gorka Urtaranen alde egin dute batzoki batzuetan, egungo zuzendaritzaren hautagai Jone Berriozabalen alternatiba gisa.
Gasteizko alkate ohiak ez du argitu bigarren faserako hautagai izan nahi duen ala ez. Egungo zuzendaritzak erabaki zuen —Suso buru zela— Gasteizko alkateak ez zuela jarraituko, eta Beatriz Artolazabal egin zuen alkategai jeltzale. Emaitza negargarria izan zuen hark iazko udal hauteskundeetan, eta Urtaranek badu orain aukera bat ABBko buruzagitza lortzeko lehian aritzeko, nahiz eta batzoki gehienetan Berriozabal Berdintasuneko foru diputatuaren alde egin duten.
Bizkaia
Bizkaiko jeltzale batzuek ez zuten ongi hartu EBBk Iñigo Urkullu ordezkatzea erabaki izana. Iturri batzuen arabera, orain Urkullu bera ari da koordinazio lanak egiten BBBren zuzendaritzaren eta haren alternatiba gisa jokatzen duen talde baten artean, zerrenda bateratua lortze aldera. BBBko buru Itxaso Atuxa badoa, eta haren ordezko izateko hautagai ofiziala Iñigo Ansola da, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari ohia. Batzoki gehien-gehienetan haren alde egin dute, baina David Salinas Armendarizek ere lortu du bigarren hautespen aldira sartzea. Beste hautagai batek ere badu bigarren itzulian aritzeko eskubidea: Olatz Garamendi Autogobernu sailburu ohiak. Ezusterik ez bada, ordea, Ansolak hartuko du Atuxaren lekukoa, bigarren itzuliko bozketen ondoren.
Gipuzkoa
EAJren barne prozesuan, orain arteko ezusterik handiena Donostiako alkateak eman du, Eneko Goiak. GBBko presidente Egibarrek ahoz izendatu zuen bere hautagaia aurreko astean: Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko burukidea, legebiltzarkide ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako jeltzaleen bozeramailea. Hautagai ofizialaren alde egin dute lurraldeko batzoki gehienetan, baina Goiaren aldeko apustua ere zabaldu da, batez ere Donostiako batzoki batzuetan.
Gipuzkoan ez dago sektore kritiko sendorik, eta alderdiak kohesio handia islatu du orain arte, betiere Egibarrek ordezkatu duen ildo politikoaren barruan, baina Goiak bigarren itzulia hasi aurretik argitu beharko du uko egingo ote dion hautagai izateari. Gaur arte ez du ezer esan, eta aldagai hori tentsio iturri bihurtu da. Horrez gain, Imanol Lasa GBBko kidea gailendu da batzoki batzuetan, eta hark ere luze gabe deliberatu beharko du aurrera egiten duen ala ez. Ezin da baztertu Goia babestu dutenek aldaketak bultzatu nahi izatea Arrizabalaga buru lukeen zerrendan.
Nafarroa
Nafarroan ez da ezusterik egon, eta hautagai bakarraren alde baino ezingo dute bozkatu oinarriek, Unai Hualde egungo NBBko presidentearen alde. Hualde 2015etik da NBBko buru; Manu Aierdiren lekukoa hartu zuen orduan, eta gaur egun, Nafarroako jeltzaleen buruzagi izateaz gain, Nafarroako Parlamentuko presidente ere bada.