Sortu eratzeko prozesuan eztabaidatzeko txostena euskal preso guztiei helarazi die alderdi horrek. "Batzarretan era zuzenean parte hartu ezin izango duten euskal preso politikoen parte hartzea eta ekarpena bermatzeko, eztabaidarako txostena preso guztiei bidali die Sortuk", azaldu du alderdiak ohar batean, eta gaineratu du helburua presoek ere txostena "aztertu eta bere ekarpenak egin ahal izatea" dela.
Iragan astean agerraldia egin zuen Sortuk Donostian, alderdia eratzeko prozesua aurkezteko. Orduko hartan, deialdia egin zieten "euren burua ezkertiar eta independentistatzat duten lagun guztiei, Euskal Herrian independentzia eta sozialismoa eraiki nahi duten gizon eta emakume orori, Sortu prozesuan parte hartzeko".
Gaurkoan, Sortuk azaldu du euskal presoek "askapen prozesuaren" eta "antolakunde berriaren eratze prozesuaren parte" izan behar dutela.