Autodeterminazio eskubidea EB Europako Batasunean gauzatzeko modua ematea, eta halako kasuetan herritarren «eskubide eta askatasunak» errespetatzea. Xede horrekin aurkeztu die bere proposamena Self-Determination caucus-ak Europako Parlamentuari eta Europar Kontseiluari. Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak koordinatu du haren idazketa, eta prozesuan parte hartu dute zenbait euskal herritarrek. Horietako bat da Zelai Nikolas legelaria: «Helburua da eztabaida bat zabaltzea; orain, ukatu egiten da».
Nikolasek azaldu du euren erronka izan dela autodeterminazio prozesuak EB mailan arautzeko proposamena egitea, martxan diren itunak moldatzeko beharrik izan gabe. Horretarako bidea topatu dute EBko ituneko bigarren artikuluan. Batasunaren «balio eta printzipioei» egiten die erreferentzia; besteak beste, «gutxiengoen eskubideei» eta «diskriminaziorik ezari». Izan ere, Nikolasek azaldu duenez, halako prozesu batean ere bermatu behar dira herritarren eskubide eta askatasunak. Hau da, proposamenaren egileen arabera, EBk du ardura bermatzeko autodeterminazio prozesu batek batasuneko legediarekin eta haren balio eta printzipioekin bat egiten duela.
Aurkeztutako proposamenak autodeterminazio prozesu «negoziatu eta adostuen» kudeaketa demokratikorako arauak ezartzeko bidea erakusten du; hori baita gakoetako bat, prozesua «elkarrizketa eta negoziazioen bidez» garatzea. Beraz, azaltzen du estatuko erakundeen eta «estatu barruko komunitateko» ordezkari diren erakundeen artean adostu beharko liratekeela autodeterminazio ariketaren baldintzak, eta horiek «argiak eta ezagunak» izan beharko luketela.
Testuak, baina, haratago jotzen du, eta prozesuaren faseei erreparatzen die. Batetik, azaltzen du autodeterminazio eskaeraren «legitimotasun demokratikoa» neurtzeko zenbait irizpide egon daitezkeela; besteak beste, hautu horren aldekoek botoen eta ordezkaritza politiko instituzionalaren ehuneko esanguratsu bat izatea —nahiz eta gehiengoa ez izan— edo galdeketa bidez herritarrek nahi hori adieraztea. Era berean, azaltzen duenez, estatuak ez badu borondate hori ebaluatzeko tresnarik martxan jarri nahi, EBko erakundeei dagokie «tresna demokratiko alternatiboak» haien eskura jartzea.
Prozesua martxan jartzeko baldintzak ezartzea, berriz, estatuaren eskumena litzateke. Baina, berriz ere, zenbait irizpide ezartzen dira prozesua «gardena» izan dadin: erabakia komunitate hartako herritarrek zuzenean eta gehiengoz hartzea, alde guztien parte hartzean berdintasuna bermatzea, galdera «argi eta ulergarri» bat ezartzea, hauteskunde erakunde independente baten begiradapean egitea...
Azken urratsa litzateke sezesioa indarrean jartzea. Horretarako, estatu kideak eta hartatik banandu den estatu berriak herritarren erabakia onartu behar dute, eta «kooperazio harremanak» mantendu prozesuari bide emateko. Hala egin ezean, araudi proposamenak jasotzen du Europako Batasunak esku hartu ahal izango lukeela: «Testuinguru horretan, Batasuneko erakundeek kontuan hartu ahal izango dituzte aldebakarreko independentzia adierazpenak, behin legitimotasun demokratikoa egiaztatuta».
Hau da, adierazten den arren autodeterminazio prozesu baten kudeaketa estatu kideari dagokiola, azaltzen da Europako Batasuneko erakundeek «begirale neutral baten» rola hartu behar dutela, eta bestelako rolak ere hartu ahal dituztela egoerak hala eskatuz gero; hau da, «gatazka bat» sortuko balitz. Kasu horietan, bitartekaritza lan bat egin dezake batasunak, edo esku hartze zuzen bat, betiere «EBko balioen urraketa larri bat» izateko arriskua badago.
Halere, Nikolasek ez du gatazketan zentratu nahi izan, eta esan du proposamenaren asmoa dela prozesu adostuak garatzeko markoa ezartzea, Europan halako gaiak «normaltasun demokratiko batekin» jorratzeko: «Besterik gabe, ikusten bada gatazka bat sortzen dela, irizpide batzuk ematen dizkio horiek modu negoziatu eta adostuan bideratzeko».
Eta gero, zer?
Halako prozesu batean, Europako Batasunak eta estatu kideek bestelako betebeharrak ere izango lituzkete; besteak beste, prozesua gauzatzeko EBko legedia egokitzea. Izan ere, proposamenean zehaztu dutenez, autodeterminazio prozesuaren emaitza Bruselari jakinarazi ostean EBko erakundeek eta estatu kideek behin-behineko epe bat ezarri beharko dute independentzia gauzatu eta estatu berria EBko kide izan daitekeen ebatzi artean, horretarako beharrezko «erabaki legal eta instituzionalak» hartuta.
Horretarako funtsezkoa da proposamenean txertatutako markoa: estatu berri bat sortzearen aldeko komunitateak EB barruan segitzeko asmoa adieraztea. «Gure kezka zera zen, EBn geratzearena arautzen ez bagenuen Europak esan zezakeela ez dela bere kontua», zehaztu du Nikolasek.
Hala, trantsizio epe horretan, beharrezko neurriak hartu beharko lituzke EBk «nazionalitate arrazoiengatiko diskriminaziorik eza» bermatzeko; hala nola, estatu berriko herritarrei europar herritartasuna mantentzea, eta lurralde hartan bizi diren beste estatu kide batzuetako herritarren eskubideak bermatzea; bai, behintzat, estatu berri horren etorkizuna ebatzi bitartean. Izan ere, legelariak adierazi du egun «hutsune bat» dagoela hor: «Europako Batasunak ezin du esan ez duela arautuko, europar herritarrentzat ondorioak baititu».
Eztabaidarako oinarria, prest
Autodeterminazio prozesuak arautzeko proposamena aurkeztu du Self-Determination caucus-ak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu