Eztabaidarako ardatzen puntak

Gernikako Estatutua atzean utzi eta testu berri bat osatzeko eztabaidak agenda politikoaren erdigunean kokatu du nazio auzia. Estatus politiko berri baterako funtsezkoak dira nazio aitortza, harreman eredua eta erabakitzeko eskubidea.

BERRIA
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Legealdia martxan jartzearekin batera, agenda politikoaren erdigunean kokatu den gaietako bat izan da Gernikako Estatutua atzean uzteko beharra. Testu hura onartu zenetik 45 urte igarotzear direnean, gakoa da adostu beharrekoa estatutu edo estatus berri bat ote den. Ez da eztabaida berria. Aurrez ere landu baitzen Euskadiko erkidegoaren estatutu politikoa eraberritzeko proposamenarekin —Ibarretxe plana— eta 2018an Eusko Legebiltzarrean adostutako «euskal autogobernua eguneratzeko oinarrien» akordioarekin.

Hain zuzen, azken saiakera hartan, eztabaida politikoa testu artikulatu batera eramateko lanean aritu ziren aditu taldeko kide izan ziren Iñigo Urrutia eta Arantxa Elizondo; EH Bilduk proposatu zuen lehena, eta Elkarrekin Podemosek, bigarrena. Biak gertutik aztertzen ari dira afera, eta bat egin dute eztabaidaren lehen planoa hartu duten elementuak identifikatzean: nazio aitortza, harreman eredua eta erabakitzeko eskubidea. Elizondoren esanetan, adostasun bat lortzeko «ardatz zailenak».

Nazio aitortza

Egun, Espainiako Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak «nazionalitateari» egiten diote erreferentzia, eta mahai gainean den eztabaidagaietako bat da haren lekua «euskal nazioaren aitortzak» hartzea. Gakoetako bat da, baina, aldaketa sinboliko batetik haratago, aitortza horrek balio politiko eta juridikorik izan ote dezakeen. Izan ere, Elizondok nabarmendu du hitzek «izugarrizko garrantzia» dutela politikan: «Ikuspuntu sinboliko batetik, eta hala ikusi zen trantsizio garaian ere, nazionalitateak maila baxuago bat ematen dio aitortzari».

Eta hori iraultzeko asmo bat azaldu zuten EAJk eta EH Bilduk urte politikoaren hasieran Bizkaiko zein Gipuzkoako batzar nagusietan onartu zituzten mozioetan. «Aitorpen horrek euskal gizartean oso partekatua den nazio bateko kide izatearen zentzua jasoko du», zioen, zehazki, Gipuzkoan onartutakoak.

Are gehiago, jeltzaleei dagokienez, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren inbestidurarako akordioan ere heldu zioten elementu horri, autogobernu berriaz aritzean, eta hala gogoratu dute azken hilabeteetan ere. Hala nola Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko kideak Diario Vasco-n argitaratutako iritzi artikulu batean zehaztu zuen aitortza horrek xede izan behar duela euskal lurraldeak «subjektu politiko» propio gisa aitortzea.

Kontrara, sinbolismo hutsera mugatzearen alde egin du PSE-EEk. Sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak estatutu berri posible batean txerta daitekeen «euskal nazioaren aitortza» Aragoiko eta Andaluziako estatutuetan jada ezarria dagoenarekin alderatu du, eta EAJri gogoratu dio Sanchezek aferaz «negoziatzea» itundu zuela, ez «adostea».

«Ikuspuntu sinboliko batetik, eta hala ikusi zen trantsizio garaian ere, nazionalitateak maila txikiago bat ematen dio aitortzari»

ARANTXA ELIZONDOEHUko irakaslea

Talka horretan, Urrutia lehen ideiaren aldekoa da, eta «subjektuaren definizioa» zehaztuta eta aitortuta, «jauzi bat» egiteko aukera ikusten du. Eta Quebec eta Kanada jarri ditu adibide gisa: «Quebeceko alderdi nazionalistak gobernu federalari eskatu zion Quebecen nazio aitortza egiteko, eta aitortu zen ‘Quebec nazio gisa Kanada batu batean’. Nazionalistek emendakin bat sartu zuten esanez: ‘Oraingoz’».

Are gehiago, EHUko aldezleak defendatu du egungo legediak aukera ematen duela bide horretan urratsak egiteko, interpretazio politikoari soilik erreparatuta. Izan ere, hark defendatu du Espainiako Konstituzioak aitortzen duela estatua plurala dela, eta subjektu ezberdinak egon daitezkeela. Gogoratu du bigarren artikuluak «nazionalitateak eta erregioak» bereizten dituela, eta haien «autonomiarako eskubidea aitortzen eta bermatzen» duela.

Hala, salatu du Konstituzioaren «homogeneizazioaren aldeko irakurketa bat» dela nazio aitortzari eta plurinazionalitateari mugak jarri dizkiona. «Kafea guztiontzat teoria» aipatu du Urrutiak.

Hain zuzen, horren amaiera eskatu zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik koalizioaren Konferentzia Politikoan: «Amaitu da gure nazioaren interesak egitura autonomiko baten pean sartzen dituen eredua». Eta egungo «aukera leihoa» horretarako baliatzeko deia egin zuen. Azken urteetan, Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen blokearen osaera kontuan hartuta, estatuaren «izaera plurinazionala» diskurtso politikoan txertatu baita.

Elizondok, baina, uste du nazio aitortza horrek izan ditzakeela mugak egungo markoan, eta kontzeptu horren atzean egon daitezkeen asmoei erreparatu die: «Hitz horien atzean independentzia nahi bat badago, hor mugak daude. Instituzionalak, konstituzionalak eta, nik esango nuke, sozialak ere baietz». Halere, uste du egungo aktore politikoen hiztegian jada egin dela aldaketa hori:«Nazioaren aitortza, bestelako harreman berezi, singular edo aldebikoa... Bide horretan sartu da erreibindikazio nagusia».

Estatutu berria adosteko 2018an eratutako aditu taldea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Estatutu berria adosteko asmoz 2018an eratutako aditu taldea. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Harreman eredua

Hain zuzen, harreman eredu hori da estatus politiko berri baterako eztabaidaren erdigunean dagoen beste gakoetako bat. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek azaldu izan du euskal erakundeen eta Espainiako Estatuaren arteko harreman ereduak «aldebikoa» izan behar duela, «berme sistema batekin».

Harreman eredu berri horri begira, «kontzertu politiko» terminoak indar hartu du. Hala definitu zuen hura Pradalesek berak: «Ekonomia itunaren ereduak aukera paregabea irekitzen digu Euskadiren eta estatuaren arteko harreman instituzional eta politikoan ate berri bat zabaltzeko». Eta Urrutiak zehaztu du horren esanahia: «Kontzertu ekonomikoaren esparrua sarrera politikak dira: zergak arautu, jaso... Eta hemen planteatzen da kontzertua hedatzea irteera politiketara; hau da, politika publikoetara».

«Kontzertu ekonomikoaren esparrua sarrera politikak dira: zergak arautu, jaso... Eta hemen planteatzen da kontzertua hedatzea irteera politiketara; hau da, politika publikoetara»

IÑIGO URRUTIAEHUko aldezlea

Izan ere, terminologia hori jada presente zegoen duela sei urte ─baita Ibarretxe planean ere─, Mikel Legardak, Elizondok eta Alberto Lopez Basagurenek adostutako testu artikulatutik kanpo geratu bazen ere. EAJk eta EH Bilduk adostutako «oinarri eta printzipioen» proposamenean zehazten zen kontzertu edo itun politiko hura «eskumen multzo esklusibo eta erreserbatua» litzatekeela.

«Eskumen kontzertatu» edo «foru eskumen» horiek zehazteko oinarria Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian egongo litzateke. Hain zuzen, hartan egiten zaio erreferentzia «foru lurraldeen eskubide historikoen babesari eta errespetuari», eta, ondorioz, bide eman diezaioke eskubide horietan oinarritutako eskumenak euskal erakundeen esku uzteari.

Hala iritzi dio Urrutiak: «Oso erabilgarriak dira foraltasuna eta foraltasunaren atzean dagoen izpiritua. Aterki juridiko sendoa ematen dio planteamenduari, Konstituzioak asimetria hori jasotzen duelako. Lurralde historikoei foru eskubideak aitortzen badizkie, lurralde historikoak badira nor; subjektu gisa identifikatuta daude».

Elizondori, baina, ez zaio iruditzen egun foraltasun eta eskubide historiko kontzeptuak aipatzeak hainbesteko garrantzia duenik, ez duela 45 urte izan zezaketen adinakoa, behintzat. Horren ordez, egungo «errealitate kontsolidatuari» erreparatu dio: «Bide instituzionalak garatzean, errealitate kontsolidatu bat sortzen da. Gaur egun errealitate bat dago, eta erakusten digu izugarrizko eskumenak daudela eta zabaldu daitezkeela».

Hortik aurrera, Elizondok uste du egungo marko instituzional eta konstituzionalak ez duela harreman ereduan «aldaketa handirik» egiteko tarterik uzten. Baina gehitu du badaudela jorratu daitezkeen bideak; besteak beste, eskuduntzen zerrenda eta horiek gauzatzeko bitartekoak zabaltzeko, lankidetza maila handiago bat izateko, oinarrizko erabakiak hartzeko «EAEk edo unitate politiko berriak» protagonismo handiagoa izateko, eta unitate politiko horrek EBn izan dezakeen ordezkaritza jorratzeko. «Horiek aldaketa sozial eta politiko handiak bideratu ditzakete, eta uste dut aukera badagoela».

Kontrara, Urrutiak uste du posible dela eskumenen kudeaketa eta horiekiko errespetua bermatzeko neurriak hartzea, «buruz buruko planteamendu bat garatze aldera». Helburua litzateke Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Juan Jose Ibarretxek, lehen, eta EAJko zein EH Bilduko ordezkariek, oraindik, aipatu izan duten «erositako epailea» ekiditea; hau da, azken erabakia Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku ez geratzea.

«Bide instituzionalak garatzean, errealitate kontsolidatu bat sortzen da. Gaur egun errealitate bat dago, eta erakusten digu izugarrizko eskumenak daudela eta zabaldu daitezkeela»

ARANTXA ELIZONDOEHUko irakaslea

Horretarako, Espainiako Gorteetan «foru eskumenei» eragin diezaiekeen lege proiektu edo proposamen bat tramitatzean, nahitaezkoa litzateke EAEko erakundeei txosten bat eskatzea, urraketarik ez dela ziurtatzeko, eta, halakorik bada, estatuaren eta autonomia erkidegoaren arteko batzorde misto bat martxan jartzea; Kontzertu Politikorako Batzorde Misto izena eman zioten Urrutiak zein Legardak horri.

Eta hor adostasunik ez balego, bi planteamendu azaldu ziren 2018an, biak ere norabide berean, baina ezberdintasunekin. Mikel Legardak proposatu zuen «batzorde arbitral» bat ezartzea, estatuak eta erkidegoak proposatutako kide kopuru berarekin. Urrutiaren proposamenak ere halako batzorde bat eratzea planteatzen zuen, baina organo judizial baten forma hartuta, eta Konstituzio Auzitegiari eskumenak kenduta. Horrek eskatuko luke Espainiako Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa erreformatzea.

Autogobernu lantalderen bilera bat, 2019an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Autogobernu lantalderen bilera bat, 2019an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Erabakitzeko eskubidea

Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusietan onartutako mozioetan indar hartzen duen beste terminoa da «demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidea». Eta, noski, eztabaida politikoaren gako nagusietako bat ere bai. Talde abertzaleen adostasunaren aurrean, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi izan baitu gurutzatu ezin den «marra gorri bat» dela hura.

Urrutiarentzat, berriz, harreman eredu berri batez aritzeko «funtsezko elementu bat» da: «Estatutu politiko berri baten oinarrietako bat da. Foraltasunarekin batera, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea dago».

Hura estatutu berri batera nola eraman, ordea? Elizondok, Legardak eta Urrutiak modu ezberdinak planteatu zituzten 2018an. Lehen biek xedapen gehigarri batean txertatzearen alde egin zuten. Biek ere eskubide historikoak «osoki gauzatzeko» elementu gisa aipatu zuten, eta estatuarekin ituntzeko beharra zehaztu. Kontzeptua, baina, ezberdin definitu zuten. «Euren borondatea libre eta demokratikoki adierazteko herritarren eskubidea» aipatu zuen Elizondok; eta «libre eta demokratikoki adierazitako herritarren erabakitzeko eskubidea», Legardak.

Izan ere, Elizondoren esanetan, erabakitzeko eskubidea estatutuan txertatzea posible da, hura «testuari onespena emateko» tresna gisa ulertzen bada, eta ez independentziaren inguruko erreferendum bat egiteko erreminta gisa. «Uste dut hori ez dela lehentasunezkoa izango, eta ez dela azalduko modu argi batean eztabaida politikoan».

«Estatutu politiko berri baten oinarrietako bat da. Foraltasunarekin batera, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea dago»

IÑIGO URRUTIAEHUko aldezlea

Legardaren eta Elizondoren proposamenak gogoan, Urrutiak ongi ikusten du erabakitzeko eskubideari modu deklaratiboan erreferentzia egitea, baina uste du hobe dela bide praktikoago bat bilatzea: «Estatus politikoaren atariko testuan, autonomiaren eta autogobernuaren harreman berriaren oinarri bezala jaso beharko litzateke». Hain zuzen, hala defendatu zuen bere proposamenean, hura baliatzeko formula bat ezarriz, hain zuzen, estatusaren erreforma ardatz hartuta.

Lehenik, Eusko Legebiltzarrak onartutako proiektuak aurretiazko kontsulta bat pasatuko luke Espainiako Gorteetarako bideratu aurretik. Gero, estatus politiko berria jada indarrean dela, haren erreformarako tresna gisa ezarriko litzateke erabakitzeko eskubidea.

Planteamendu horretan, «euskal gizartearen legitimitateari» garrantzi berezia eman dio: «EAEk planteatzen badu estatu zentralarekin harreman berri bat nahi duela, hori jasotzea estatus politikoaren erreforma sistema modura, gehiengo oso kualifikatuekin». Hau da, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu beharko luke harreman berri hori. Gero, desegin egin beharko litzateke, eta legebiltzar berriak erabakia berretsi. Behin hori eginda, kontsulta bat egingo litzateke. «Legitimitate horrekin Madrilen planteatu eta negoziazio prozesu bat abiatu, mugarik gabe», azaldu du.

Gainera, Urrutiaren esanetan, bere planteamenduak ez du Espainiako Konstituzioaren aldaketarik eskatzen, ez behintzat, aurretiaz. «Agian, emaitzak eskatuko du Konstituzioaren aldaketa bat, baina ez da nahitaezkoa aurretiazko baldintza bezala».

Halere, ikusi beharko litzake halako testu bat Auzitegi Konstituzionalaren galbahea igarotzeko gai izango ote zitekeen. Elizondoren esanetan, auzitegi haren ikuspegia «dinamikoa» izan daiteke, unean uneko jarrera politikoen araberakoa, baina «elastikotasun» horrek mugak ditu. Eta azaldu du, halako bat igaroz gero, «defentsarako tresna astunak» baliatu ditzakeela estatuak, Katalunian 155. artikuluarekin egin zuen bezala: «Horregatik, iruditzen zait kontuz ibili behar dela, eta ezin direla planteatu erabat transgresoreak diren planteamenduak».

Haren esanetan, muga hori litzateke «independentziaren aldarrikapena». Eta beste muga bat ere gehitu dio balizko prozesu bati, Urrutiak planteatutakoaren bidetik: «Garrantzitsua da finkatzea zer gehiengoz arituko garen bide hori hartzen bada. Zer gehiengo eskatuko genuke bide horri zilegitasuna emateko?». Eta Erresuma Batuan brexit-ak eragindako ondorioei erreparatu die: «Gehiengo txiki batekin goitik behera aldatu zen sistema politiko, ekonomiko eta soziala».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.