Hezkuntza Legea

Eztabaida prozesu bat hasi dute eskola publikoko eragileek, EAEko Hezkuntza Legean eragiteko

Hurrengo zirriborroaren esperoan daude. Eskatu dute, alderdi politikoez gain, gizarteak, familiek eta hezkuntza komunitateak parte hartzea.

Gaur goizean egin dute eztabaida prozesuaren aurkezpena Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko martxoaren 15a
13:37
Entzun

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak eta Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak eskatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea «hezkuntza eta gizarte adostasun zabal baten emaitza izatea». Horretarako, eztabaida prozesu bat abiatuko dute martxo amaieran.

Hezkuntza akordioaren lehen zirriborroaren balorazio «kritikoa» egin dute, «ez dituelako jasotzen Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapen historikoak». Gaur egungo eredu duala «gainditu» eta eskola publikoa ardatz izango duen sistema eraikitzea da aldarrikapen horietako bat. Gizarte kohesioa bermatzeaz gain, hizkuntzen eredua alde batera uzteko eta murgiltze eredua orokortzeko beharra azpimarratu dute.

Ikusi gehiago:Sindikatuek greba egingo dute hezkuntza oinarrien zirriborroan aldaketak eskatzeko

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak azaldu du oraindik luzea izango dela Hezkuntza Legearen ibilbidea, eta eztabaida prozesuarekin idazketan eragin nahi dute. «Argi dugu eztabaida gizartean eta ikastetxeetan gertatu behar dela», azpimarratu du Imazek. «Familiek eta eragileek jakin behar dute euskal hezkuntza sistemaren etorkizuna jokoan dagoela, eta oso inportantea dela eztabaida honetan hezkuntza komunitateak parte hartzea».

Esan dutenez, hurrengo zirriborroaren zain dabiltza oraindik, eta, sindikatuek grebara deitu badute ere, itxaron egingo dute proposamena ikusteko erabaki bat hartzeko. «Ematen du aldaketak egongo direla hurrengo proposamenean, eta jakin arte, ezingo dugu baloratu. Ez dugu baztertzen», adierazi du Imazek.

Heizeko presidente Iñigo Salaberriak ere nabarmendu du legearen idazketa ez dela eragile politikoen eskuetan bakarrik geratu behar. Hartzen diren erabaki politikoen eta gizarte eta hezkuntza eragileen artean «harreman estua» egotea eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.