Urruneko kontu baten gisa ikus dezakete herritar askok Foru Hobekuntza. Irati Jimenezek (Atarrabia, 1992) uste du egunerokoan eragiten duten kontuetan dagoela presente. Nafarroa XXIegitasmoan parte hartu du Jimenezek. Herritarrei dei egin die rol aktibo bat izateko, funtsezkotzat jotzen du-eta Foru Hobekuntza egungo errealitatera egokitzea.
Zehazki, zer da Nafarroa XXI?
Ekinbide sozial bat da. Bertan gaudenok norbanako gisa parte hartzen dugu, eta zeharkako mugimendua da, parte hartzailea eta gardena.
Zer helburu duzue?
Foru Hobekuntzaren inguruko eztabaida plazaratu nahi dugu. Honi buruz hitz egitea beharrezkoa da.
Zergatik sentitu duzue behar hori?
Lege hau 1982an onartu zen, eta, orain, 2022an gaude. 40 urte iragan dira. Beraz, garaiko egoera soziala ez da gaur egungo bera. Nafarron oinarrizko legedia izanik, egoera sozialari erantzun beharko lioke, baina legea eta egungo egoera soziala ez datoz bat. Gure oinarrizko legea den arren, ezin izan dugu bertan parte hartu, eta bete-betean eragiten digu. Nafarrok ez genuen legea bozkatu, baina geroztik pertsona asko etorri da Nafarroara bizitzera, eta beste asko ondoren jaio gara. Ondorioz, pertsonak ez gara duela 40 urtekoak.
Jardunaldiak egiten ari zarete. Zer asmorekin?
25 aurkezpen egin ditugu Nafarroa osoan, iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera. Berez, Nafarroa XXI egitasmoa urrian eman genuen ezagutzera. Orain egingo dugu dokumental bat, azaltzeko zer den eta zer nahi dugun.
Nola erantzun du jendeak orain arte?
Denetarik egon da, orokorrean erantzun ona izan du. Hasieran, gure kezka zen nola gizarteratu legea eta nola ikusarazi beharrezko eztabaida dela. Izan ere, maiz ikusten ditugu legeak urruneko kontu baten gisa. Oso pozik gaude jendearen harrerarekin. Pertsona asko hurbildu dira, eztabaidatu dute, eta beren iritzia eman. Parte hartze aktiboa izan da.
Belaunaldi batek oso gertutik bizi izan zuen trantsizioan gertatutako guztia; aldiz, ondorengoek ez dute hori bizi izan. Nabaritu duzue diferentziarik?
Esperientziak markatzen du diferentzia bat, bai. Nik, adibidez,Erriberan hitzaldi bat eman nuen, Sabino Cuadrarekin batera, eta nabaritzen da hark gauza asko dituela kontatzeko, bizi izan zuelako garai hura. Dena den, nire belaunaldiak badu ezagutzeko eta gauzak aldatzeko grina... Uste dugu gure eskubidea dela.
Nafarroa osoan egindako hitzaldi horietan ere tokien arteko diferentziarik sumatu duzu? Zer nabaritu zenuen Erriberan?
Ez nuen desberdintasunik nabaritu. Harritu ninduen. Nafarroa askotarikoa da, baina, era berean, Nafarroan gaude Erriberan, Atarrabian edo Lesakan. Foru Hobekuntzak guztioi eragiten digu.
Asteartean, 40 urte bete dira. Zer analisi egiten duzue hari buruz?
Urteurren honetan, beharrezko ikusten dugu gaia plazaratzea. Kontuan hartu behar dugu aldaketa batzuk egin zaizkiola baina funtsean ez dela aldaketa sakonik egin. Espainiako Konstituzioaren barruan, Nafarroaren eskumenak zeintzuk diren zehazten du Lorafnak, baina gauza da aipatutako eskumen horietako batzuk ez ditugula garatu. Adibidez, espetxe arloan, eskumen osoak izan ditzake Nafarroak, baina gaur-gaurkoz presoei osasun zerbitzua ematea baizik ez du, eta hori abuztuan lortu genuen.
Estatuak garapen autonomikoa baldintzatu du?
Bai, onartzen dira eskumenak, baina autogobernua ez da garatzen. Ireki behar da eztabaida, eta gizarteak rol bat jokatu behar du. Gizarteak ez badu modu aktiboan parte hartzen, batzuk oso eroso daude horrela. Foru Hobekuntzak dio Nafarroak eskumenak dituela berdintasun politiketan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan... Horiek dira jatera ematen diguten kontuak. Ez digute hori garatzen utzi. Gainera, hainbat legeria, errekurtsoa jarri zieten Konstituzionalean. Foru lege horietako batzuk aho batez onartuak izan ziren parlamentuan, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zituen. Gutxien-gutxienez, bitxia da.
Prozedurari dagokionez, bi elementu daude. Batetik, akordioak gobernuen artekoak dira, eta parlamentuak ez du ahalmenik negoziatzeko. Bestetik, erreferendumik ez zen egin 1982an.
Kontuan hartu behar da Foru Hobekuntza egin zenean negoziazio batzorde hartan ez zeudela ordezkatuta garaiko indar politiko guztiak. Gainera, garaiko nafarrek ezin izan zuten bozkatu. Demokratikoki zalantzan jarri behar da. Subiranotasuna herriaren gainean dagoela diote, baina gero ez dute bozkatzen uzten.
Manifestu bat atera du Nafarroa XXI egitasmoak. Etorkizunean erreferendum bat egitea proposatzen duzue. Zergatik?
Ez balitz egingo gizartearekiko errespetu falta handia adieraziko lukeelako. Gu subjektu politikoa bagara, gutxienez erabakitzeko eskubide hori izan behar genuke. Aldatuko balitz, eta benetan sinesten dut hori gertatuko dela, parlamentuan alderdi politikoek bere zeregina izango dute, eragile sozialek ere garrantzi handia izan beharko lukete, eta, oro har guk, gizarteak, ere bai.
Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena. Irati Jimenez. Nafarroa XXI egitasmoko ordezkaria
«Eztabaida hasi behar da, eta gizarteak rol aktiboa izan behar du»
Irati Jimenezen ustez, Foru Hobekuntza «zaharkituta» geratu da, haren edukia ez datorrelako bat egungo gizartearen errealitatearekin. Herritarrak parte hartzera deitu ditu: «Bestela, batzuk eroso daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu