Ingurumenean faktore askok eragiten dute, baina suteak dira ekosistemak bortitzen kolpatzen dutenetako batzuk. Estatistikek diote sute naturalak direla ezohikoenak, eta nahita piztutakoak eta axolagabekerien edo hanka-sartzeen ondoriozkoak gailentzen dira. Adituen arabera, Euskal Herria ez da bereziki zaurgarria suteei dagokienez, baina urtero pizten dira batzuk; azken asteetan zirrara berezia sortu du Xibertako (Lapurdi) basoan izandako sute handiak, baita Gatzolatzen (Nafarroa) tximista batek piztutakoak ere. Izan ere, udaberri lehorrak arriskua areagotu du.
Iñaki Azanzak eta Andres Illanak gertutik erreparatzen diete suteei. Gipuzkoako Baso Zerbitzuko teknikaria da Azanza, eta Ekologistak Martxan taldeko kidea da Illana. Biek baieztatu dute suteen ondorioak «lazgarriak» direla ekosistemarentzat. Hala ere, Azanzak azaldu du Euskal Herriko egoera ez dela beste toki batzuetakoa bezain txarra: «Itsasotik gertuago dauden herrialdeek, udaberritik aurrera, baldintza meteorologiko onak dituzte suterik ez egoteko, euri gutxi egiten duenean ere landareak berde, heze eta indartsu daudelako».
Euskal Herrian ez da sute askorik pizten, baina, tokian tokiko klimaren arabera, aldatu egiten da gune bakoitzeko sute arriskuaren arteko lotura. «Arabako edo Nafarroako toki batzuetan ikusi egiten da klima guztiz desberdina dela. Landareak ihartuak egoten dira, eta horrek suteak errazago zabaltzea eragiten du. Toki horietan arriskua handiagoa da, noski», azaldu du Azanzak.
Hala ere, sute gutxi pizteak ez du esan nahi suterik ez dagoenik. Horien jatorriaz mintzatu da Illana: «Sute gehienak nahita piztutakoak edo gizakion axolagabekeriak sortutakoak izaten dira. Naturak sortutako suteak oso ezohikoak dira». Azanzak gehitu du sua gutxi erabiltzen den garaietan suteak nabarmen jaisten direla: «Otsaila eta martxoa arriskutsuak izaten dira, baina aurten oso sute gutxi izan dira; pandemiaren eragina nabaritu da».
Nekazaritza eremuetan nahita piztutako suteekin kritiko mintzatu da Illana: «Sute gehienak ez dira basoetan sortzen, baizik eta animalien bazkalekuetan. Eta, noski, nahita sortutakoak izaten dira. Nekazariek sastrakak erretzen dituzte haien bazkalekua handitzeko». Azanzak, aldiz, ustekabean gertatzen direnetan jarri du fokua, eta nabarmendu du sua erabiltzen denean «adi egon» behar dela: «Suteak sortzen dira ezustekoak gertatzen direlako: erretze txikietatik hasten dira; dena kontrolpean dagoela dirudi, eta, haizearen ondorioz, sua zabaltzen da».
Suteek eragin handia dute ingurumenean. Illanak dioenez, «suaren intentsitatearen eta denbora tartearen» araberakoa da kaltea, eta ingurumena «arrisku bizian» jartzen dute: «Ekosistema guztia hankaz gora jartzen dute, eta ingurumeneko oreka hausten dute. Animalia ugari hiltzen dituzte, eta intsektu eta landareei ere oso era bortitzean eragiten diete». Baina, Euskal Herriari dagokionez, Azanzak ez du uste kalte handiak izaten direnik: «Leku berezi bat harrapatzen badu, parke natural bat, esaterako, kalte handiagoak dira. Hala ere, gure inguruan kalteak apalagoak izaten dira, eta eremu gehienetan segituan biziberritzen da ingurua».
Illanak basoen kudeaketan ere jarri du fokua. Azpimarratu du bertako ekosistemari ez zaiola «inolako garrantzirik» ematen, eta kudeaketa «oso txarra» egiten dela: «Euskal Herriko basoetan gauza asko daude hobetzeko. Esaterako, ez dago aniztasunik zuhaitzetan, ez adinean, ezta espeziean ere. Eta basoak osasuntsu iraun dezan, ezinbestekoa da aniztasuna bermatzea».
Kontzientzia handiagoa
Hala ere, gizartearen kontzientziazio mailarekin pozik azaldu dira biak. «Urteak pasatu ahala, egoera hobera doa, eta jendeak kontzientzia handiagoz jokatzen du», azaldu du Azanzak. Azken urteetan, «kontrolari esker», aurrerapen handiak ikusi ditu herritarren jarreran: «Esango nuke jendeak ondo jokatzen duela basoetan ibiltzen denean. Urtean zehar jarduera asko egiten dira, eta sute kopurua ez da batere altua». Bestalde, Illanak erantsi du kontrolak asko eragin duela arriskuak gutxitzean: «Esaterako, barbakoak egitea egun ez da hain arriskutsua, kontrolatuta dago».
Azanzak nabarmendu du gogor aritu direla jarrera desegokiak zigortzen. Basozainen arteko koordinazioa «sustatu» dute, eta ikerketa talde bat osatu dute suteetarako: «Gaizki itzalitako su baten ondorioz basoa erretzen bada, salaketa jarri eta ardurak eskatzen ditugu». Haren ustez, lan horren fruitu dira kontzientzia aldaketak. Illanak dioenez, berriz, oraindik badira ahulguneak landa eremuetan: «Norbaitek sail bat erretzen badu eta ondoren erabiltzeko aukera uzten badiote, jende gehiagok egingo du. Halakoak mugatu behar dira».
Ezohikoak baina arriskutsuak
Suteak ez dira ohikoak izaten Euskal Herrian, baina gertatzen direnean zirrara eta kezka nabarmenak sortzen dituzte, kalte handiak egiten baitituzte ekosistemetan eta basoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu