Uda ez da uda izaten ari. Hori da askoren sentipena, batez ere kostaldean euria eta egun lainotsuak nagusitu direlako. Hala ere, Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz, azken zazpi hilabeteak ohi baino beroagoak eta lehorragoak izan dira. Ekaitzak eta egun grisak ohikoak izan badira ere, Hegoaldean bero egin du, eta ez du euri asko bota. Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunaren esanetan, iazko negutik dator joera hori.
Aurreko urteko negua hezea eta prezipitazio ugarikoa izan zela azaldu du, baina gaineratu du ordutik hona ia hilabete guztiak «beroak edo oso beroak» izan direla, eta oso euri gutxi egin duela. «Ohikotik gutxi izan dugu azken hamasei hilabeteotan», adierazi du; «tenperatura, oro har, batezbestekoa baino altuagoa izan da, eta hilabete gehienak lehorrak izan dira prezipitazioei dagokienez». Eguraldi lehorra bereziki Araba hego-mendebaldean nabaritu dela dio, baita Nafarroa hegoaldean ere.
Euri gutxiago egin al duen galdetuta, aztertutako tartearen eta eremuaren araberakoa dela esplikatu du, baina zehaztu du Hegoaldean azken hamabi hilabeteetako neurketak erakutsi duela «defizita» dagoela prezipitazioetan. Hala ere, tarte laburrago bat hartuz gero, eta tokiaren arabera, ekaitz ugari izan direla argitu du. Horren adibide da hilabete batean erregistratutako ekaitz kopuru handiena erregistratu zutela Bilbon maiatzean eta Gasteizen ekainean: sei Bilbon, eta bederatzi Gasteizen.
Ekaitzen kopurua, euri jasen banaketa eta botatako ur kantitatea oso irregularra izan da. Azken 50 urteotako datuekin alderatuta, Arabako Errioxan uztailean izandako ekaitz kopurua eta horiek metro koadroko isuritako litro kopurua inoizko handienetakoa izan da. «Ez da markarik hautsi, baina nabarmentzekoa da Euskal Herriko toki batzuetan halako ekaitzak egotea eta besteetan ez», dio Arandak.
'Jet stream'-aren eragina
Eguraldia, beraz, beroagoa eta lehorragoa izan da oro har, baina puntualki ekaitzen joera irregularra izan da. Horren «errua» jet stream izeneko mugimenduei egotzi die meteorologoak: lurreko atmosfera inguratzen duten haize-laster estu eta azkarrak dira. Haize-laster horiek tenperatura desberdineko aire masen artean osatzen dira, eta meteorologoek euren aurreikuspenak egiteko erabiltzen dituzte.
Hain justu, Euskal Herria jet stream baten ertzetako batean dago. Haize-lasterra egonkorra bada, «alde beroan» egoten da Euskal Herria udan, eta Afrikatik datozen haize-lasterrek tenperatura igoarazten dute. Aurten, ordea, Arandak azaldu duenez, jet stream-a askotan mugitu da, eta, ondorioz, Euskal Herria etengabe aritu da «alde berotik hotzera» saltoka.
Horren guztiaren ondorioz, aurtengo uda ez da ohikoa izan. «Eguraldia ez da homogeneoa izan, garai beroak eta hotzak tartekatu baititugu», adierazi du meteorologoak. Horren adierazle dira aste honetako tenperatura gorabeherak. Hala ere, nabarmendu du ez dela lehen aldia. Eta ez du uste eguzkirik falta izan denik. «Agian guneka, baina ez Euskal Herri osoa kontuan hartzen badugu». Azaldu du kostaldean eguzkiaren falta nabaritu dela, baina Arabako Errioxan eta Nafarroa hegoaldean, ostera, egun oso bero eta eguzkitsuak izan dituztela. Gaineratu du hego haize faltaren ondorioz laino baxuak sortu direla kostaldean, eta, beraz, eguzkia gutxiago agertu dela.
Haatik, adierazi du normala dela kostaldean tenperatura freskoa izatea eta hegoaldean bero egitea. Uda honetako eguraldi bereziaren ondorio baino gehiago, Euskal Herriaren ezaugarrietako bat dela dio. Bertako eguraldia askotarikoa izatearen «abantaila» bat da, Arandaren hitzetan. Uda eta azken urtea ez dira ohikoak izan, baina meteorologoak ezin du ziurtatu hala segituko duen ala ez.
Klima aldaketarekin lotura?
Baina zer adierazten dute ezohiko fenomeno horiek? Klima aldaketaren erakusle al dira? Arandak argi adierazi du zaila dela halako loturarik egitea: «Tankerakoeguraldirik izan da beste garai batzuetan, eta orduan gizakiek ez zuten egungo eragina ingurumenean». Elisa Sainz de Murieta BC3 klima aldaketarako ikerketa zentroko ikerlariak analisi bera egin du: «Egun hauetako gertakizunak klima aldaketarekin lotzea asko esatea da. Munduko tenperatura gradu bat igo da dagoeneko, baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrian tenperatura gradu bat igo denik». Alabaina, adierazi du klima aldaketarekin gero eta egun beroagoak izango direla, eta «muturreko gertakari» gehiago ere izan daitezkeela.
Ildo horretan, aurten gertatutako bi muturreko gertakari «adierazgarri» aipatu ditu Arandak. Lehena otsailean izan zen: Agurain, Sakana eta Debagoiena astindu zituzten hego-ekialdeko haize bolada oso indartsuek; orduko 140-150 kilometroko abiadurara iritsi ziren. Bigarrena, San Prudentzio eguneko izotzaldia, apirilaren 28an:zero azpitik sei gradu izan ziren. Azken hori ezohikoa dela berretsi du, ez hainbeste izotzaldiagatik, baizik eta garaiagatik.
Bi adituek argi adierazi dute mundua berotzen ari den ebidentziak asko direla, eta ez dagoela horri buruzko zalantzarik. Edonola ere, BC3ko ikertzaileak nabarmendu du ziurgabetasun handia dagoela: «Ez dakigu zehazki zer gertatuko den, zenbat igoko diren tenperaturak eta noiz igoko diren, baina joerak adierazten diguna argia da, eta badakigu eraginak oso larriak izan daitezkeela».
Ezohikoa, beroa eta lehorra
Azken zazpi hilabeteak batezbestekoa baino beroagoak eta lehorragoak izan dira Euskal Herrian, eta ekaitzen kopurua, banaketa eta ur jasa oso irregularrak izan dira. Adituen esanetan, urtearen lehen erdian ezohiko eguraldia izan da, baina berretsi dute ez dela lehen aldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu