Hasi dute koronabirusak baldintzatutako selektibitatea 12.594 ikaslek —11.758 Batxilergokoak eta 836 Lanbide Heziketakoak—. EHUk jakinarazi duenez, iaz baino %8,6 ikasle gehiago aurkeztuko dira. Bizkaian egingo dituzte gehienek (6.180) azterketak, eta ikasle gutxiago izango dira Gipuzkoan (4.594) eta Araban (1.776). Hizkuntzari dagokionez, gehienek azterketak euskaraz egitea aukeratu dute —Batxilergoko ikasleen % 74k eta Lanbide Heziketakoen %57k—.
Baina datuetatik harago, COVID-19a da berezitasuna aurtengo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan. Jendea ez pilatzeko asmotan, azterketak egiteko leku gehiago jarri dituzte: EHUren ohiko campusak ez ezik, BEC, Eibarko (Gipuzkoa) Armeria Eskola eta BHI eta Gasteizko Ekialdea ikastetxea ere bai. EHUk azaldu duenez, ordutegiak ere moldatu dituzte, baina azterketak egiteko egun kopurua mantendu egin dute —asteazkenera arte egingo dituzte—.
Hainbat segurtasun neurri ere beteko dituzte: ikasleak maskara jantzita joango dira probetara, segurtasun distantzia mantendu beharko dute, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu eta bakoitzak etxetik eramango du beharrezko materiala.
Nafarroako ikasleek ekainaren 23tik 26ra egin zuten Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa. Derrigorrezkoak izan ziren maskarak, eta, NUPen campusak ez ezik, lau ikastetxe ere erabili zituzten.