Izan ere, ezohikoa izango da gaurko eguna, baina halakoa izan da kanpaina ere, Felix Arrieta politologo eta Deustuko Unibertsitateko irakaslearen ustez (Donostia, 1982). Otsailaren 10ean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak apirilaren 5ean izango zirela bozak, «hauteskunde giroa» zegoela ebatzita. Baina, koronabirusaren ondorioz, Espainiako Gobernuak alarma egora ezarri zuen martxoaren 15ean, eta, biharamunean, legebiltzarreko alderdi nagusien ordezkariek erabaki zuten bozak atzeratzea. Konfinamendua oraindik arintzen ari zela jakinarazi zuen Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak uztailaren 12an izango zirela bozak. Normaltasunik ez zen orduan, eta kanpaina ere ez da ohiko moldeetan egin. Pandemia eta osasun krisia izan dira gai izarrak, eta alderdiek leundu egin dituzte diskurtsoak.
OPOSIZIOAK EZIN ARRAKALA IREKI
«Kontuan hartu behar dugu legebiltzarra deseginda egon dela alarma egoera bitartean, eta, hortaz, behin-behineko Jaurlaritza batek izan du aginte osoa», azpimarratu du Rodriguezek. Haren ustez, oposizioak bazuen aukera gaiari zukua ateratzeko, baina «zuhurtziaz» jokatzea erabaki dute, besteak beste, kudeaketaren datu guztiak ez zituztelako eskuartean. Silvanek ere uste dubozak orain egiteak Jaurlaritza osatzen duten alderdiei mesede egin diela —EAJri eta PSEri—: «Bozak irailean balira, oposizioak aukera luke krisia kudeatu duenari kontuak eskatzeko». Asko jota, pandemiari aurre egiteko nahikoa baliabide ez zegoela salatu du oposizioak, Silvanen iritziz.Arrieta harago joan da. Haren esanetan, Jaurlaritzako kideek atera diote, hain justu, etekina auziari: «Jakin dute mezu ziurrak eskaintzen». Oposizioan, EH Bildu ikusi du ongi kokatuta: «Propositiboenak izan dira: gizarte segurantzaz, osasun sistemaz-eta jardun dira». Gaitzetsi du, ordea, mezu «apokaliptikoekin» nahastu dela proposamen politikoa. Rodriguezek ere uste du ezkerrak ez duela jakin ongi kokatzen eztabaidan. Haren iritziz, ezkerrak ez du kanpaina baliatu «segurtasunaren gaineko diskurtsoa eraldatzeko»: «Aukera zuten bizitza duinak edukitzeko ziurtasunaz aritzeko, baina uste dut oposizioak beldurra izan duela sutsuegia izateko». Silvanek uste du koronabirusaren pandemiaren krisiaren eraginez sortutako hainbat auzik hartu dutela erdigunea: «Herritarren kezka nagusien artean daude osasun sistema publikoa, enplegua eta hezkuntza», baina ez du uste erabakigarria izango denik gaurko emaitzetan. Hala pentsatzen du Arrietak ere: «Diskurtsoan bai, baina botoa emateko orduan ez da aldaketa handirik egongo. EAEn familia politikoen blokeak daude, eta nahiko egonkorrak dira. Alderdiek jakin beharko lukete familien arteko boto aldaketa horretan jokatzen, baina ez dut uste pandemiaren gaineko mezuek lortu dutenik hori». Silvanek ere uste du ez dela diferentziarik izango 2016ko bozekin alderatuta: «Apirilean edo irailean izango balira bai, Jaurlaritzari kritika egiteko aukera egongo litzateke, baina, orain, balorazio ona du».
Pandemiaren osteko giro zuhurrak, beraz, herritarren botoan eragina izango du, baina ez da erabakigarria izango.
NORK BERE BIDEAETA MODUAK
Ia alderdi guztiak aritu dira era batera edo bestera kudeaketa onaren eta polarizatu gabeko mezuen inguruan jiraka. Halere, bada aldea alderdiek hautatutako estrategien artean. Arrietak xehatu ditu: «EH Bilduk oso proposamen zehatzak egin ditu; Elkarrekin Podemosek eta PPk eta Ciudadanosek beren hautagai nagusien bueltan prestatu dute kanpaina; EAJk Urkulluren gainean jarri du ardura, eta ez da askorik arriskatu, eta hala egin du PSEk ere, Madrildik datorren olatua aprobetxatu nahian».Elkarrekin Podemosek egindako proposamenean jarri dute arreta hiru adituek: «Miren Gorrotxategi hasieratik aritu da ezkerreko hirukoaren aldeko aldarria egiten», azaldu du Rodriguezek; «Elkarrekin Podemosek marketin jokaldi ona egin du, baina bukaerarako astuna izan da, argi zegoelako ez zela hori gertatuko». Hala uste du Silvanek ere: «Gorrotxategiren taldeak lortu du gaia zirimiri moduan diskurtsoetan sartzea, baina ez nuke esango lortu duenik inkestek iragartzen duten beheranzko joera gelditzea. Proposatzen duen hiruko gobernuko talde ahulena da; beraz, ez da estrategia mobilizatzailea». Gainera, Gorrotxategik aukera hori mahai gainean jarri bitartean, Unidas Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek esan zuen nahiko lukeela «EAJren moduko eskuin bat» Espainian.
Horixe izan da kanpainako beste elementuetako bat, Arrietaren ustez: ezker-eskuin ardatza. «Inoiz baino presenteago egon da», nabarmendu du. Rodriguez ez dago hain ziur, baina uste du aldaketa gertatzen ari dela politikan: «Ez orain eta berehala, baina ziklo politikoaren aldaketa bat dator: sakabanaketatik polarizazio handira, eta ikusteko dago, establishment-a erortzeko aukera egoteaz gain, ultraeskuinak eta talde faxistek gora egingo duten. Gakoa marketin politikoa da. Ezkerrak faltan izan ditu jendea maitemintzeko gai diren mezuak».
PANDEMIAK ITZAL EGIN DIE BESTE GAIEI
Moduari begiratzeaz gain, edukiari erreparatuta, hiru politologoek uste dute berez agendan behar luketen hainbat gai oharkabean igaro direla bi asteotan: «Gai batzuk garrantzia handia zuten pandemiaren aurretik, eta itzalpean gelditu dira: Zaldibarren kontua, Osakidetzako lanpostu publikoen auzia...», azaldu du Rodriguezek. «COVID-19ak gai horiek guztiak itzali ditu», gehitu du Silvanek. Rodriguezek uste du EAJk jarri duela eztabaida markoa, eta gainontzeko alderdiek gai zerrenda horri jarraitu diotela, halabeharrez.«Oso desberdina izan da kanpaina zentzu horretan», adierazi du Arrietak. Haren ustez, lehen aldiz jarri dira gizarte zerbitzuak eta osasun sistemaren kontuak lehen planoan, eta hori «berria» dela ohartarazi du: «Osasuna nola kudeatu, zaintzari nola heldu... Hori berria da, eta albiste esanguratsua da». Aitzitik, autogobernuak eta euskal gatazkaren konponbidearen gaiak apenas izan duten oihartzunik: «Ez da ezertxo ere hitz egin auziari buruz». Silvanek gehitu du autogobernuaren kontuak euskal herritarren lehentasunen zerrendan behera egin duela, eta horregatik hobetsi dutela alderdiek gaiari gehiegi ez heltzea: «EH Bilduk izan ezik. Hori DNAn darama, eta bere boto emaileei hitz egin behar die horri buruz».
Euskal gatazkaz, berriz, Rodriguezek uste du arriskutsua dela gaiari izkin egitea: «Ohiko bake prozesu bat balitz, kanpainan hitz egingo litzateke ea bete diren konpromisoak eta egin diren urratsak, baina, ez denez, badirudi orria pasatu eta ahanzturan utzi dugula». Espainiako trantsizioa deitutakoarekin antzera gertatu dela iradoki du: «Ahanzturaren paktua egiten ari dira, eta ez dute gaia atera, ez dielako etekin politikorik ematen. Baina hemendik urte batzuetara ikusiko ditugu gaiaz ez hitz egitearen ondorio psikosozialak».
Silvanek uste du, gainera, bazirela beste gai batzuk, pandemiaren aurretik eta azken urteetan indarra hartu dutenak: ingurumena eta feminismoarena. Bat egin du Rodriguezek ere. Dioenez, ingurumenak hartu du garrantzi pixka bat, besteak beste Equok ere hautagaitza aurkeztu duelako, baina feminismoaz uste baino gutxiago hitz egin da, haren ustez: «Ez da apustu politikorik izan», gehitu du Silvanek.
Aurreko legealdian inoizko legebiltzarkide andre gehien egon dira, eta orain, kanpainan, sei hautagaietatik —EAJko Iñigo Urkullu, EH Bilduko Maddalen Iriarte, Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi, PSEko Idoia Mendia, PPko Carlos Iturgaiz eta Equoko Joserra Becerra— hiru dira andreak. Hiru adituek bat egin dute: «Ez da kasualitatea».
«Esanguratsua da hiru hautagai andre egotea», azpimarratu du Silvanek, eta Rodriguezek ere nabarmendu du emakume hautagaiak egotearen garrantzia. Edonola ere, uste du bai hauteskundeetako giroa eta baita instituzioetakoa ere oraindik patriarkala dela. Arrietak, esaterako, EAJren adibidea jarri du: «Jeltzaleek badakite hor zer landua dutela. Erakundeetako haien ordezkari guztiak gizonezkoak dira: bai lehendakaria, bai ahaldun nagusiak eta baita hiriburuetako alkateak ere». Eztabaida politikoetako giro maskulinizatuak deitoratu dituzte Rodriguezek eta Silvanek. «Eztabaidak maskulinitate hegemonikoarentzako daude prestatuta», zehaztu du Rodriguezek.
Berez, inoiz baino aukera gehiago dago lehen aldiz emakume lehendakari bat izateko, baina Arrietak, Rodriguezek eta Silvanek oso zaila ikusten dute aukera hori. Edonola ere, gaurko emaitzei begiratu eta osatu daitezkeen gehiengoei begira jarri behar dela ere azpimarratu dute.
LEGEBILTZARREKO KOLORE BERRIAK
Printzipioz, ez dute uste ezohiko kanpainak ezohiko emaitzak emango dituenik. Arrietaren ustez, EAJk, EH Bilduk eta PSEk gora egingo dute, eta Elkarrekin Podemosek eta PP eta Ciudadanosen arteko koalizioak, berriz, behera. Rodriguezen iritziz ere jeltzaleek eta indar subiranistak lortuko dituzte ordezkari gehiago. Iragarpenek diote Voxek aukera izan dezakeela Araban ordezkaria lortzeko, baina Deustuko Unibertsitateko irakasleak ez du halakorik uste.Bestalde, Elkarrekin Podemosen botoekin zer gertatu daitekeen argitzen ahalegindu dira Rodriguez eta Silvan: «Inkesten arabera, Elkarrekin Podemosen bozkatzaileak dira aldakorrenak. Aurreko hauteskundeetan botoa eman zieten %52k beste alderdi batzuei emango diete botoa; batzuek EH Bilduri, beste batzuek PSEri eta azkenek Equori».
Bihartik aurrera, beraz, EAJren emaitzek baldintza ditzakete Eusko Jaurlaritza berria osatzekoegingo diren negoziazioak eta akordioak, baina, hiru adituen ustez, PSEk ez du arazorik izango jeltzaleekin segitzeko. Halere, hirukoaren aukera mahai gainean dagoela oroitarazi du Silvanek: «Zenbakiek ematen badute, sozialistek azaldu beharko dute ea zergatik nahiago duten EAJrekin segitu, ezkerreko hirukoa sortu baino». Arrietaren iritziz, sozialistak ez daude prest, oraindik, halako itun bat egiteko; euskal gizartea, ordea, bai. Dena den, uste du hori gertatu aurretik EAJ saiatuko dela bestelako akordio batzuk osatzen. Tartean, Rodriguezek uste du Equok egin diela keinu egunotan EAJri eta PSEri.
«Asmakerian ari gara, ordea, eta politika azken urteetan aurrez asmatu ezinekoa bihurtu da; beraz, zenbakiek ematen badute, ikusi beharko dute alderdiek zer egin nahi duten», ohartarazi du Silvanek. Kalkuluak kalkulu, gakoa «parte hartzea» izango dela diote hiruek, eta oraingoan uste dute, uda izateaz gain, eragin handia izango dutela pandemiak eta birusaren azken egunetako agerraldiek.
ZILEGI AL DA BOZAK HORRELA EGITEA?
Horixe izan da azken egunetako eztabaida nagusia: ea zilegi eta legezkoa ote den pertsona batzuek ezin bozkatu ahal izatea gaixo egoteagatik, eta salbuespen egoeran egindako bozek zilegitasuna ote duten. Horra iritsita, Arrietak uste du onena hauteskundeak egitea dela, baina eskubide politikoak bermatu behar direla uste du: «Bi printzipio hartu behar dira kontuan: hauteskundeak egiteko aukera, eta herritarren boto eskubidea. Berme batzuk egon beharko lirateke, pertsona horien boto eskubidea errespetatzeko». Bat egin du Silvanek ere, eta oroitarazi boto eskubidea ez dela «beti» denentzat izan: «Adimen urrikoentzako boto eskubidea, esaterako, orain gutxi onartu zen, eta ez gara horretaz akordatzen».Rodriguezek uste du, ezohiko egoeran bozak egitea erabaki ostean, kontuan hartu behar zirela birusaren agerraldiak, eta baldintzak jarri behar zirela bozak modu demokratiko batean egin ahal izateko. «Ikusiko da zer ika-mika juridiko sortuko duen egoera honek», azpimarratu du Silvanek.«Inolako arazorik gabe irentsi dugu osasun arazo bat izateagatik eskubide zibil eta politikoak galtzea», deitoratu Rodriguezek.
Hirurek hitz egin dute ezohikotasunaz, eta hirurek parte hartzeko bermeak errespetatzeaz. Horregatik, gaurkoa ez da lau urtetik behingo hauteskunde egun arrunta. Bihartik aurrera ikusiko da bozak egoera honetan egiteak zer ondorio dakartzan.