Ezkutukoak azaleratzeko kartografia

Estaturik gabeko Europako nazioen mapa osatu du Naziogintzak. Hamazazpi nazio jaso dituzte, «ohiko mapetan» ez daudenak

Naziogintza taldeko kideak, maparen aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Estaturik gabeko Europako nazioen inguruko «ezjakintasunari» aurre egiteko, Naziogintzak «Estaturik gabeko Europako nazioen mapa» aurkeztu du. Donostian eginiko agerraldi batean, Josu Albero Naziogintza taldeko kideak azaldu du maparen zergatia: «Ohartu gara ezjakintasun handia dagoela Euskal Herrian eta beste nazio batzuetan Europako nazionalitateen gaiaz». Haren ustez, hori horrela da eskoletan inoiz ez delako ikasi «Europako mapa ofizialetan agertzen ez diren beste nazio batzuk badaudela: Eskozia, Flandria, Korsika, Bretainia, Gales, Euskal Herria, Katalunia, Galizia...». Asier Sarasua kartografoak egin du mapa, eta 12 euroan dago salgai, BERRIA dendan.

Helburu horrekin sortu dute mapa: «Euskal herritarrok ez ditugu oso ondo ezagutzen beste errealitate nazional batzuk. Badakigu Iberiar penintsulan bost nazio daudela, eta bik, Espainiak eta Portugalek, estatu propioa dutela. Baina gutxiagok dakite Frantzian sei, Erresuma Batuan lau eta Italian bost nazio daudela. Errealitate horiek dira mapa honetan islatu nahi izan ditugunak».

Alberok gogorarazi du Naziogintza «euskara, euskal kultura eta euskal nazioa diskurtsoaren erdian jartzen duen talde independentista» dela, eta «euskal errepublikaren aldeko pedagogia» egiten dutela: «Helburuetako bat da harremanak sustatzea Europako estaturik gabeko beste nazio batzuekin, eta horiei euskal nazioari buruzko informazioa ematea. Pasadizo bat azaldu du: «2017an, Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerrek esan zuen Europako Batasunak ezin zuela Kataluniako burujabetza onartu, beste lurralde batzuek gauza bera eskatuko zutelako eta ezinezkoa zelako Europan 90 estatu berri sortzea». Alberoren hitzetan, Junckerrek «ezjakintasun handia» erakutsi zuen, «ez baitaude 90: hamazazpi, asko jota. Erregioak eta nazioak nahastu zituen». Hamazazpi horiek dira mapan jaso dituztenak, «ohiko mapa konbentzionaletan» agertzen ez direnak: «Estatuei protagonismoa kendu eta estaturik gabeko nazioei eman diegu».

«Nortasun handikoak»

Azalpen batekin dator mapa, Edurne Alegria taldeko kideak azaldu duenez: nazioaren izena euskaraz eta jatorrizko hizkuntzan, biztanleria eta jatorrizko hizkuntzaren hiztun kopurua eta ehunekoa. Nazioen arteko desberdintasunak nabarmendu dituzte, baina baita elementu komunak ere: «Esan daiteke hizkuntza eta sentimendu nazionala hertsiki lotuta doazela».

Luken Etxabe kideak, berriz, «nortasun handiko lurraldeez» jardun du, horiei ere atal bat gorde baitiete mapan. Etxaberen hitzetan, horietan «bertako hizkuntzaren egoera oso larria da, eta galtzeko arriskua dago». Multzo horretan sartu dituzte Aragoi, Asturias, Alsazia, Karelia, Kornualles, Veneto, Saboia, Lusazia eta Kaxubia. Lurraldeotan, faktore garrantzitsu bat da «bertako alderdi nazionalisten babes maila. Gehienetan, oso txikia edo nulua da». Etxaberen esanetan, «kasu askotan, politika linguistikoengatik da, ezein kasutan ez delako bertako hizkuntza ofiziala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.