Itsas azpian dagoena bistara balego, agian, bestelakoa litzateke kontua. Zer litzateke ur azpiko paisaiak mendietakoak bezain ageriko balira? Munduko itsasoetara zortzi milioi tona plastiko botatzen dira urtero. Zenbat zabor ikusiko genuke inguruan? Galdera horrentzako erantzun bila itsasoratu zen Aztiko ikertzaile talde bat Eguzki Lore arrasteontzian, uztailaren hasieran. Hustubideak izendatu dute ikerketarako kanpaina; gizakiak, oro har, itsasoari ematen dion zabortegi erabileraren adierazgarri.
Oihane Cabezas Basurko Aztiko ikertzaile eta kanpainako buruak azaldu duenez, Euskal Herrian oraindik ez dago ezagutza sakona kostaldean dagoen itsas kutsadurari buruz. «Egia da azken urteotan gainazaleko itsas zaborra aztertzen aritu garela. Baina ez dakigu itsasoak zenbat zabor duen bere sakonera osoan». Hori dela eta, «itsas zaborren 3D mapa bat» osatu nahi dute.
Ur azaleko zaborrari dagokionez, Euskal Herriko kostaldeko datuak Mediterraneo itsasokoen «oso antzekoak» dira. «Horrek esan nahi du kutsadura handia dela». Kontuan izan behar da Mediterraneoa itsaso erdi itxi bat dela, jarduera kutsatzaile ugari hartzen dituela kostaldean: turismoa eta bestelako aktibitate ekonomiko batzuk. «Ziur ginen hemen zabor gutxiago topatuko genuela, baina ez. Kopuru oso antzekoak aurkitu genituen».
Kutsadura handi horren zergatiak argitze aldera, Aztiko ikertzaileak parametro ozeanografikoak aztertzen hasi ziren. «Ikusi dugu Iparraldeko kostaldean zabor gehiago pilatzen dela. Hendaian, Miarritzen edo Donibane Lohizunen Donostian baino askoz ere gehiago pilatzen da. Zer esanik ez Bizkaiarekin alderatuta». Ez dago batere argi hondoan zenbat zabor dagoen eta, pilatzen bada, non pilatzen den. Arrantzaleekin eta beste eragile batzuekin hitz egin dute ikertzaileek, lehen hurbilketa bat egiteko. Haiek adierazi diete zein eremu sakonetan topatu izan duten zabor gehien, esaterako, arraste arrantzan aritu direnean.
«Ziur ginen hemen zabor gutxiago topatuko genuela, baina ez. Mediterraneoko kopuruen oso antzekoak aurkitu genituen»
OIHANE CABEZAS BASURKOAztiko ikertzailea
Eguzki Lore arrasteontzian aukeratu dute kanpainarako, ontzi hori prestatuta dagoelako itsas hondora sarea botatzeko. «Normalean lau orduz edo ibiltzen dira arrastean. Guk hamabost minutuz bota ditugu sareak». Arrasteko sareekin hondoko animalia ornogabeak, arrainak eta zaborrak bildu dituzte. Era berean, itsaspeko sedimentuak dragatu dituzte, lur horietan zenbat mikroplastiko dagoen neurtzeko. Jaso dituzten ur zutabe laginen bidez, berriz, itsas sakonera osoko kutsadura neurtuko dute. Sakonera jakin batzuk begiz jota zituzten aurretik. «Bagenekien, beste kide batzuek esanda, termoklina sortzen denean, hau da, tenperatura ezberdinetako ur geruzak sortzen direnean, eratu zitekeela horien artean plankton eta mikroplastiko geruza bat, eta hori ere aztertu dugu».
Marraztu nahi duten mapak Baionatik Santurtzira arteko (Bizkaia) kostaldea hartuko du, 200 metroko sakonerako eremuetan. Zenbat plastiko eta zabor dagoen neurtzeaz gain, zabor horiek itsasoko habitatetan duten eragina ere aztertuko du Aztiko taldeak, eta, horretarako, eremu bakoitzean arrantzatu dituzten arrainak sailkatu dituzte. «Kontua da jakitea zenbat zabor dagoen arrain komunitate bakoitzaren habitatean». Datorren urtean hasiko dira laborategiko lanetan, bildutako laginak aztertzen, eta ekaina alderako espero dituzte ikerketaren emaitzak.
320Milioi tona plastiko ekoizten dira urtean munduan, eta horietatik %9 besterik ez dira birziklatzen. Erraustu egiten dira plastikoen %12 inguru, eta gainerako %79 ingurunera botatzen da. Science aldizkariak 2017an argitaratutako ikerketa baten arabera, 2050. urterako 12.000 milioi tona plastiko pilatuko dira itsasoetan eta lurrazalean.
Ondorioak ateratzeko goizegi bada ere, sareak jasotzekoan bildutako zaborrak zer inpresio egin dion galdetuta, Cabezas Basurkok aitortu du ikusitakoak harritu egin duela. «Hasieran, zera pentsatu nuen: zer zabor gutxi. Baina ez da batere gutxi. Jaurtiketa guztietan aurkitzen genuen zaborra. Batzuetan gehiago, besteetan gutxiago; baina denetan zaborra. Oso esanguratsua da». Hamabost minutuko arrasteak egin dituzte, eta denbora horretan itsas milia bat egiten zuten, gutxi gorabehera [1,85 kilometro]. «Itsaspeko lurra zelai bat bada, horrek esan nahi du zelai hori zaborrez josita dagoela». Ikertzaileak nabarmendu du arrasteontziak ibiltzen diren eremuetan bota dituztela sareak, eta inguru horiek «nahiko garbiak» egoten direla, ontziek zaborra biltzen dutelako sareekin. «Baina hor ere beti aurkitzen genuen zerbait».
Plastikoak, arazo nagusi
Munduan 320 milioi tona plastiko ekoizten dira urtean. Ekoizten diren plastikoen %9 birziklatzen dira soilik, %12 inguru erraustu egiten dira, eta gainerako %79 ingurunera botatzen dira. Science aldizkariak 2017an argitaratutako ikerketa baten arabera, joera aldatu ezean 2050. urterako 12.000 milioi tona pilatuko dira lurrazalean eta itsasoetan.
Plastikoak ozeanoetara heltzen direnean, apurtuz joaten dira, eguzki erradiazioaren, olatuen mugimenduaren eta bestelako faktoreen ondorioz. Horrela sortzen dira mikroplastikoak, atzemateko eta biltzeko zailak diren plastiko zati txikiak. Itsas animalia ugarik mikroplastiko horiek irensten dituzte, eta gizakien elikagai katean txertatzen dira.
Itsasoko zaborra da arazo nagusietako bat itsas ekosistemen kontserbaziorako; bereziki, erabilera bakarreko plastikoen kutsadura. Europako Kontseiluaren datuen arabera, itsas zaborren ia erdiak erabilera bakarreko plastikoak dira (%49), %6 inguru bestelako plastikoak, laurdena baino gehixeago arrantza ekipoen hondakinak (%27), eta bostena bestelako zaborrak (%18).