Ingurumena

Ezkutuan mantendu da pozoia

Lindano lantegiak itxi zirela 30 urtetik gora igaro diren arren, ondorioak gure lurretan ageri dira oraindik. Kontrolik gabe isuritako gai toxikoa hainbat eremutan dago, eta urak zein pertsonak kutsatzen ditu oraindik ere. Lokalizatu gabeko hondakindegiak aurkitzeko, orduko langileen laguntza eskatu dute.

Jatako zabortegia zabalik zenean lindano hondakinak isuri zituzten bertara. 30 urte beranduago, lindano hautsa aurkitu dute bertako lurrean. EKOLOGISTAK MARTXAN
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2018ko uztailaren 31
13:06
Entzun

Lindanoa. Pestizida gisara hiruzpalau hamarkadatan barra-barra sortu eta erabili zen konposatu kimikoa. Nekazaritzan erabili zen gehienbat, laboreetako izurriak kontrolatzeko, baina baita pertsonen buruko zorriak hiltzeko ere, eta zuraren, larruaren, artilearen zein kotoiaren tratamenduetan, parasitoen kontra. Eraginkorra izateko ospea zuen. Gaur egun, desagerrarazi beharreko material arriskutsu gisa izendatua du Nazio Batuen Erakundeak. 2008tik, erabat debekatua dago, produkzioa ez ezik, erabilera ere. Baina 1990eko hamarkadarako sortzeari utzi zitzaion arren, jarduera haren ondorioek gure artean diraute, Bizkaiko lur askotan ezkutatuta. Eurien uren garraioarekin, erreketan isurtzen segitzen dute oraindik. Eta, sarritan, nondik datorren jakin ere egin gabe.

Lindanoa sortzeko prozesuaren nolakotasunean dago zergatia, eta ekoizle ziren enpresen gehiegikerian. Pestizida egiteko prozesua eraginkortasun txikikoa zen. Tona bat ekoizteak bederatzi tona hondakin sortzen zituen. Hori hala, hondakin hori erraz botatzekotan soilik izango zen errentagarri. Eta nonahi bota zuten: ohiko zabortegietan, zabortegi inguruetan, edozein basogunetan eta zulotan. Ezkutuan, kontrolik gabe, eta inolako segurtasun neurririk gabe. Ahalik eta gertuenetik hasi, eta gero eta urrutiago; Barakaldotik, Palentzia eta Huescaraino esaterako.

Eta arazo nagusia elementuaren izaeran bertan dago: batetik, iraunkorra da, eta nekez desagertzen da. Luzaro irauten du. Bestetik, oso kutsagarria da, oso toxikoa, eta ia bizidun guztiak zein inguruneak hondatzen ditu. Eta, gainera, erraz barneratzen da. Irentsiz gero, gorputzean geratzen da, baina baita arnastu edo ukituz gero ere. Une bakoitzean barneratutako dosi bakoitza aurrekoari gehitzen zaio. Gorputzean pilatzen da, desagertu gabe.

Lurrunkortasun handia du, eta aise xurgatzen da arnasaren bidez. Baita kutsatutako uretatik ere: zuzenean edanda, harekin garbituta, eta ur horrekin ureztatutako barazkiak janda, adibidez. Eta, jakin ez arren, lindanoa duten erreka edo urtegietatik uste baino gehiagotan hartzen da ura baratzeak ureztatzeko.

Irakurri erreportaje osoa Bizkaiko Hitza-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.