UEUren Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak ikastaroaren goizeko lehen saioan argi deskribatu dute gaur solaskideek adabakiz jositako lege babesa duela euskarak, eta, hizkuntza sustatzeko neurrien kontrako oldarraldi judizial betean, gero eta agerikoagoa da aurreko hamarraldietan eraikitako bideetan aurrera egin nahi eta ezina. Bigarren saioan, Euskararen estatusaz haratago, nola bizi dugu egoera hau(ek)? izenekoan, Elena Laka abokatua, Urko Aiartza abokatu eta Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria, Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkaria, Oskar Zapata Nafarroako Topaguneko zuzendaria eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria mintzatu dira. Izan dira gogoeta ezkorrak. Aski ilunak. «Esaten da bidegurutzean dagoela euskara. Nik uste dut bidegurutzea pasatu dugula, eta ekaitz perfektura goazela», ohartarazi du Aiartzak. Ezkortasunaren kontrako dema izan da mezu askoren ardatza. Miren Mindegia kazetariak zuzendu du solasaldia.
Lakak bere jardunbidean justizia administrazioarekin duen harremana joria da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitatea ezagutzen du ondoen, eta hor ere, ustez euskarak tokia irabazia duen eremu horretan, presentzia urria da. Motiboetako bat da estatuaren ardurapean ari diren langileek ez dutela hizkuntza eskakizunik. Eta erabakigarriak dira horietako asko, ezinbestekoak justiziaren jardunean: «Epaileak, jabetzaren erregistratzaileak, notarioak...». Hizkuntza eskubideak bermatu ezina dakar horrek. «Egun, EAEko auzitegietan euskara traba bat da».
Jaurlaritzaren ardurapean ari dira egun justizia administrazio orokorreko langileak, eta hor aldea badela onartu du Lakak: «Erraz samarra da langileekin euskaraz aritzea». Baina, epaileen artean-eta ezagutza oso urria denez, eta kontrako «jarrera oldarkor bat» ere badenez hainbatetan, ahalegin «txikiak eta puntualak» besterik ezin da egin euskararen erabilera sustatze aldera. Ikusten du, hala ere, non hazia: «Lan bat egin behar da abokatu eta prokuradoreen kolegioekin. Hor bagaude euskaraz dakigun profesional asko. Planteatu ahal dira gauza batzuk». Eta baikor izateko zioak badirela uste du: «Orain dela hamar urte ez zegoen langile euskaldunik epaitegian; orain badaude». Hor erabilera sustatze aldera, ordea, argi du instituzioen «babesa» ezinbestekoa dela. «Dena ezin da utzi herritarren esku», ohartarazi du: «Gizarte moduan eta modu korporatiboan eragin behar dugu».
«Dena ezin da utzi herritarren esku. Gizarte moduan eta modu korporatiboan eragin behar dugu».
ELENA LAKA Abokatua
Iragarri duen «ekaitz perfektuaren» atzean motibo ugari ikusten ditu Aiartzak. Euskara «boteretik kanpo» dagoelako dago ahul, eta, horrez gain, munduan «abiadura esponentzialean» gertatzen ari diren aldaketa sakon eta orohartzaileek ere bidea malkartu egin dutelako euskararen garapenean. Oldarraldia ere horregatik harrotu da orain, Aiartzaren ustez, ahula baita egoera.
Horregatik, egiturazko aldaketen defentsa egin du. «Herrialde honek gogoeta sakon bat behar du hizkuntza politikaren inguruan», argudiatu du. «Euskaldunak oso ohituta gaude estres linguistiko etengabe eta iraunkor batean bizitzera, eta iruditzen zaigu horrek betiko izan behar duela, hori dela bizimodu normal bat. Ez da bizimodu normal bat». Horregatik deia: «Gogoeta egin behar dugu: zer izan nahi dugu?».
«Euskaldunak oso ohituta gaude estres linguistiko etengabe eta iraunkor batean bizitzera, eta iruditzen zaigu horrek betiko izan behar duela».
URKO AIARTZATelesforo Monzon eLab-eko zuzendaria
Castetek propio aipatu du Frantziako Konstituzioaren II. artikulua, eragozpen delako egun hizkuntza gutxituentzat, eta hori aldatzearen aldeko mugimendu bat abian delako. Izan ere, hizkuntza gutxituak sustatze aldera «deliberoak» hartzen dituzte tokiko eta lurraldekako erakundeek, baina gero justiziak atzera botatzen ditu artikulu horren bidez. Adibide ugari eman ditu: Korsikan gertatu da, Martinikan, Uztaritzen... «Maleruski», artikulua beti «interpretatu» da hizkuntza gutxituen kaltetan kasu horietan guztietan.
Onartu du, hala ere, «zirrikituak» ere aurki daitezkeela egun legean, bestelako «interpretazioak» ere bila daitezkeela, eta horri ere ez zaiola uko egin behar. «Lekuaren eta herritarren mugimenduaren presioaren arabera, posible da gauza batzuk egitea».
«Lekuaren eta herritarren mugimenduaren presioaren arabera, posible da gauza batzuk egitea».
SEBASTIAN CASTETEuskal Konfederazioko ordezkaria
Euskara, «ikusezin»
Topagunearen helburuetako bat euskaltzaletasuna «sustatzea» da, eta gaur dagoen baino eremu zabalagoetara eramateko ahalegin betean ari dira orain, propio horretarako gogoeta prozesu bat bideratuta. Baina legearen garrantzia nabarmendu du Zapatak ere, eta Nafarroa osoan euskara ofiziala ez izatea eragozpen handia dela gogoratu. «Estatus berria behar dugu, gaur egun dauden legeak baino hobeak behar ditugu biziberritze prozesua aurrera eramateko». Euskarak eta gaztelaniak «estatus juridiko bera» izatea da eskea. Gainerakoan, euskara ia «ikusezina» da herrialdearen zati batean.
«Egun dauden legeak baino hobeak behar ditugu biziberritze prozesua aurrera eramateko».
OSKAR ZAPATANafarroako Topaguneko zuzendaria
«Legearen aitzakian, jakintza arazo handi bat sortu dute», ohartarazi du Zapatak. Datua gogora ekarri du: «Ikasleen %60k euskara ez dute ikusi ere egiten eskolan». Ezta ikasgai gisara ere. «Gero lan egin nahi dute, eta lan egin nahi dutenean esaten dute administrazioan euskara pribilegio bat dela».
Lege «zirrikituak» bilatu behar direla onartu du Gaubekak ere. Baina administrazio publikoek berebiziko ardura dutela gogoratu du. «Azken urteotan indibiduoengan utzi da ardura, eta ez da ardura kolektibo moduan landu gaia». Eta hizkuntza gutxituen gaineko lege irizpideen kamustasuna gero eta agerikoagoa da. «Bermea ematen duten legeriak behar ditugu, ez aitortza bakarrik ematen dutenak». Izan ere, ofizialtasunak bakarrik ez du deus bermatzen. «Hutsunea bermean dago».
Eta adibideen bidez azaldu du. Lesakan liburuzain jarduteko, esaterako, ez da derrigorrezkoa euskaraz jakitea, ezta Altsasun suhiltzailea izateko ere. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere, euskaraz «zerbitzu duin bat» ziurtatzeko bideak falta dira usu.
«Bermea ematen duten legeriak behar ditugu, ez aitortza bakarrik ematen dutenak».
AGURNE GAUBEKAHizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria