AHTak Nafarroa eta Gipuzkoa nondik lotuko dituen auzia bete-betean sartu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako AHTaz besteko tren sare baten aldeko ebazpen proposamen batekin. Ez da aurrera atera lurralde biak lotzeko Sakana haranaren apustua egiten zuen idatzia, eta, horren ordez, EAJk, PSEk eta PPk adostu dute Ezkioko lotunearen aldeko erdibideko ebazpena onartzea. Gaiak eztabaida bizia sorrarazi du azken asteetan EAJren barruan, baina PSEren barruan ere azaleratu dira jarrera kontrajarriak AHTaren ibilbidearen inguruan.
Elkarrekin Gipuzkoako batzarkide Miren Etxebestek argi esan du Ezkioko ibilbideak «hondamendi ekologikoa» dakarrela. Aralarko mendilerro osoan dauden akuiferoei egingo zaien kalteaz aritu da, eta horrek egungo ibaietan izan lezakeen ondorioari buruz: «batzuk lehortu egingo lirateke, eta, beste batzuetan, aldiz, ibai berriak sortu, isurialde atlantikoko eta mediterraneoko isuriei eraginez». Etxebestek AHTaz besteko trena defendatu du, lotunea Sakanako haranetik eginda, trenaren abiadura handituta eta dagoen azpiegitura baliatuta. EAJri aurpegiratu dio 25 minuturen aldearengatik «Aralarko hondamendia» nahi izatea.
«Estatu alderdi omen denaren barruan bi iritzi kontrajarri daude, aldundien eta Jaurlaritzaren aginte makilak dituela, eta umekeria penagarria erakusten ari da», jarraitu du Etxebestek, tonu gogorrean: «Zeinen ongi etorri zaion EAJri auzi hau Espainiako Gobernuak erabakitzea, eta eskuduntza hori ez edukitzea. Gero, independentzia defendatuko du».
Ezkioko geltokia
EH Bilduko Jon Altolagirre batzarkideak, berriz, adierazi du Eider Mendoza ahaldun nagusi denetik ez duela «hitz bat bera ere erabili» aldiriko trenen inguruan aritzeko, eta arlo horretan dauden «askotariko arazoak» gogoratu ditu: «Atzerapenak eguneroko ogia dira». Salatu du Mendoza Gipuzkoako eta gipuzkoarren interes ekonomiko eta estrategikoekin lotzen ari dela Ezkioko ibilbidea, «eta aldundiak onartu du ez duela txostenik egin hori defendatzeko».
Altolagirrek hizpidera ekarri du Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak «elkarri mokoka» dabiltzala, «inolako herri ikuspegirik gabe». EAJko agintarien artean gertatzen ari dena «esperpentoa» dela erantsi du, koalizioko legebiltzarkide Pello Otxandianok esandakoarekin bat eginez. Eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duela ez dagoela erabakirik hartuta Ezkio eta Gasteizko lotuneen inguruan, baina Ezkioko geltokia eginda dagoela jadanik. «Geltoki hori oinarri teknikorik gabe egin zen?», galdetu du. «Diru publikoaz ari gara; ardura handiagoz jokatu behar da».
EAJko bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz, Elkarrekin Gipuzkoako eledunari erantzun dio esanez Aralar dela-eta «dramatizatzeari uzteko». Harentzat, AHTak Ezkiotik igaro behar du, hain zuzen ingurumen arrazoiak direla eta. «Ingurumenean eta gizartean eragin negatibo txikiena duen aukera da». Gaineratu du ondorio hori txosten teknikoetan oinarritzen dela. «Ingurumen ondorio askoz txikiagoak ditu, tunel bidez joateagatik hain zuzen ere».
Anduezaren itzala
Halaber, Arrizabalagak azpimarratu du Gasteizko geltokiak saturazio arazoak sor ditzakeela Bergarako eta Gasteizko lotuneen artean, eta horrek eragina izan lezakeela azpiegituraren «epe luzeko jasangarritasunean». Gainera, jeltzaleak azpimarratu du trazadura hori «funtsezkoa» dela «Nafarroa ardatz atlantikoan sartzeko». Bukatu aurretik, gogora ekarri du behin betiko ibilbidea hiruren artean erabakiko dutela: Espainiako, Nafarroako eta EAEko gobernuen artean. «Ez diogu utziko bakarrik [Jose Antonio] Santanori erabakitzen».
Izan ere, Espainiako Garraio Ministerioko Estatu idazkaria da Irungo alkate ohia, eta gaur esan du urte amaierarako egongo direla prest txosten teknikoak, AHTaren ibilbidearen inguruan erabaki bat har dezaten. Haren arduradun nagusi Oscar Puente Garraio ministroak, berriz, iragarri du AHTa 2030erako iritsiko dela Iruñera. Espainiako Kongresuan UPNk egindako galdera bati erantzunez zerbait esateko aukera izan duen arren, ez du Gasteizko lotunearen aldeko iritzirik eman, udan egin zuen moduan. Aditzera eman du Ezkio eta Gasteiz, biek dituztela aukerak, gogoratuz Iruñea-Altsasu tartea azterketa fasean dagoela jadanik. «Tarte horrek ez du baldintzatuko euskal Y-arekin egin beharreko lotura, Ezkiotik edo Gasteiztik eginda ere».
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, PSE-EEren posizioak ez du zalantzarako tarterik utzi gaurko eztabaidan, eta Ezkioren aldeko apustu irmoa egin du Alberto Albistegi bozeramaileak. Baina, atzo, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak Gasteizko lotunearen aldeko hautua jakinarazi zuen, Gipuzkoako alderdikideen posizioaren aurka. Albistegik esan du «orain arte soilik iritziak» plazaratu direla, eta Gipuzkoako PSEk Ezkio defendatzen «jarraitzen» duela, «gipuzkoarren interesentzat onuragarriena delako». Arrazoi hori bera baliatu du bere mintzaldian PPko eledun Mikel Lezamak ere.